Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria
KOLABORAZIOA

Ibilaldia, euskararen harrobia

Euskara bigarren aldiz jai giroz jantzita dator aurten Bilbora. Iragan martxoan Korrikaren bidez izan zen, euskararen lekukoa Euskal Herri osotik pasatu ondoren Bilbora etorri baitzen. Igande honetan, berriz, Ibilaldia iritsiko da Bizkaiko hiriburura. Bi ekimen hauen helburu nagusia euskararen normalkuntza bultzatzea da, bakoitzak bere eremuan eragiteko. Ikastolon ekimena, Ibilaldia, hezkuntza arloari dagokiona da, eta aurten, zehazkiago, Euskarazko Lanbide Heziketari.

Eremu honetan apustu berezi bat egin beharra daukagula uste dugu; izan ere, gaur egun euskara ez dago hainbat eremutan bermatua, eta Lanbide Heziketari dagokionez, euskarazko eskaintza %10aren inguruan dabil. Lan mundua euskaldundu nahi badugu, argi dago Lanbide Heziketa ere euskaldundu behar dugula, eta ikastolok zeresan eta egiteko handia dugu erronka honetan.

Ikastolok beti eragin izan dugu gure inguruan, hori izan da gure bokazioa, ez baikara geure zilborrari begira dauden horietakoak. Gu gizarte zabalari begira gaude, Euskal Herriko gizarteari, haren baitatik eta haren zerbitzurako jaio baikinen. Euskal Herriko gaur egungo hezkuntzaren ezaugarri asko ezin uler daitezke ikastolen eraginik gabe, agerikoena hizkuntzari dagokiona izan arren. Gaur egun ikastolek diharduten hezkuntzaren alorretan beste ikastetxe askotan ere euskarak badu presentzia, baina ikastolen presentzia falta den alorretan, beste eskolek ez dute euskara sartu edo bultzatu, salbuespenak salbuespen.

Horregatik, azken urteotan, ikastolak eginahalak egiten ari gara Lanbide Heziketaren alorrean, eta Bizkaian apustu garbia egin dugu helburu horren bila: Lanbide Heziketa lan ildo estrategiko izendatu dugu. Horregatik ari gara proiektu berri bat eraikitzen Bilboren erdian, Harrobia Ikastola, jakin bai baitakigu Lanbide Heziketan euskarazko eskaintzak baliabide gehiago eta handiagoak behar dituela.

Iazko Lanbide Heziketako matrikulazio datuak ere kontuan izan behar ditugu. 1.200 ikasle baino gehiagoko hazkundea izan zuen Lanbide Heziketako matrikulazioak Euskal Autonomia Erkidegoan. Beraz, euskarazko adarra indartu eta bultzatzeko baliabide gehiago planifikatu behar ditugu. Gu konbentzimendu horrekin ari gara lanean.

Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik azpimarratzen ari dira gure herrian dauzkagun erronkei erantzuten jarraitzeko Lanbide Heziketak beste eraldaketa bat behar duela, eta eraldaketa hori burutzeko prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza ezinbestekoak direla. Bat gatoz planteamendu horrekin, baina helburu hauek gure herrian ezinbestean euskaraz lortu behar dira.

Horregatik, Ibilaldia 2015ean jasoko den dirua Euskara eta Lanbide Heziketa bultzatzeko erabiliko du Harrobia ikastolak, Lanbide Heziketaren proiektuetarako ekipamenduak hornitzeko, prestakuntza espazioak eta zerbitzuak barne biltzen dituen Bilboko Harrobia enparantzako eraikin berri honetarako.

Horrez gain, Harrobia Ikastola ezagutarazi nahi da Bilboko eta Bizkaiko gizartean, ikastetxeetan eta ikastoletan; Bilbo Zaharrean euskara sustatzea ere xede dugu kultura artekotasuna aintzat hartuta; eta auzoaren eraberritze prozesuaren baitan Harrobiak hartutako konpromisoa betez, bertako populazioari lanerako aukerak irekiko dizkion tresnak eta baliabideak eman nahi dizkiogu.

Hau guzti hau, beti bezala, gizartearen eta gizarte eragileen parte-hartzea ezinbestekoak dituen proiektuaren bitartez egin dugu ikastolok; auzolanean oinarrituta. Horrela lortu dugu Harrobia bezalako proiektu bat aurrera ateratzea; horrela bakarrik lortzen da Ibilaldia edo Korrika bezalako ekimenak aurrera ateratzea, gaur egun euskararen normalkuntzarako behar-beharrezkoak diren proiektuak.

Proiektu hau errealitate izan zedin gurekin elkarlanean aritu diren euskaltzale guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, Bizkaiko Ikastolen aldeko jai zoragarri honetan urtean zehar lan egin duten guztiei. Esker on berezia Ibilaldiaren egunean parte hartuko duten pertsona guztiei, haiek egindako lanari esker hau guzti hau posible egiten dutelako eta euskararen etorkizuna bermatzen dutelako.

Igande honetan, parte hartu Bizkaiko ikastolen jai herrikoian; etorri Bilbora, euskara eta Lanbide Heziketa euskalduna bultzatzera. Bilbon euskaraz lan eta bizi. Harro ibili Ibilaldian!