Ion SALGADO
IBILALDIA 2015

LANBIDE HEZIKETA OINARRI LAN MUNDUA EUSKALDUNTZEKO

MILAKA LAGUN BILDU ZIREN ATZO BILBOKO ERDIGUNEAN IBILALDIAN PARTE HARTZEKO. LANBIDE HEZIKETAKO HARROBIA IKASTOLAK ANTOLATU DU AURTENGO EDIZIOA, «HARRO IBILI» LELOA IZAN DUENA. ATZO LORTUTAKO IRABAZIAK IKASTOLA HANDITZEKO ETA HORNITZEKO ERABILIKO DITUZTE.

«Lan mundua euskaldundu nahi badugu, argi dago Lanbide Heziketa ere euskaldundu beharra dugula, eta ikastolok zeresan eta egiteko handia dugu erronka horretan». Hala azpimarratu zuen atzo Lanbide Heziketako Harrobia ikastolako lehendakari Juan Carlos Gomezek Ibilaldiaren hasieran. Aurtengo Bizkaiko ikastolen jaialdiak, “Harro ibili” lelopean aipatutako ikastolak antolatutakoak, Lanbide Heziketaren errealitate gordinarekin amaitzea du helburu. Izan ere, euskarazko eskaintza %10 ingurukoa besterik ez da. «Iaz 1.200 ikasle baino gehiagoko hazkundea izan zuen Lanbide Heziketarako matrikulazioak EAEn. Beraz, euskarazko adarra indartu eta bultzatzeko baliabide gehiago planifikatu behar ditugu», gaineratu zuen Hezkuntza sailburuordeari lekukoa eman baino lehen.

Harrobi plazan, Bilboko bihotzean kokatutako atrilean, Arantza Aurrekoetxeak Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza bermatuta dagoela defendatu zuen, baita datorren urtean Lakua B eredua eskaintzen hasiko dela iragarri ere. Eskaintza berria D eredua aukeratzen ausartzen ez direnei zuzenduta dago. Azaldu zuenez, egun Lanbide Heziketan ikasketen %80 eskaintza dira euskaraz, baina soilik ikasleen %25ek hautatzen dute D eredua. Halaber, Lehen Hezkuntzako proba berriak defendatu zituen, eta hezkuntza eragileen kritikak eta plantoak salatu. «Diagnostikoak eta errebalidak ez dira kupel bereko txakolina, ez ditzagun nahastu beraz», esan zuen sailburuordeak Gasteizko Gobernuak «euskal hezkuntza sistema osorako legea» prestatuko duela iragarri ostean.

Zentzu horretan, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hezkuntza lege propio bat eskatu zuen LOMCEri aurre egiteko. «Gure hezkuntza sistema propioaren bidean ez badugu urratsik ematen, egongo gara beti LOMCEk sortutako suteak itzaltzen», nabarmendu zuen. Haren ustez, «bada garaia hezkuntza eragileek, sindikatuek eta alderdi politikoek argi edukitzeko norantz egin behar dugu arraun. Oraindik ez diogu auziari heldu, ez ditugu sakon eztabaidatu gure hezkuntza sistemaren oinarri izan behar diren funtsezko gaiak». Gaion artean, euskararen etorkizuna, zentroen finantzazioa eta euskal curriculuma aipatu zituen.

Diskurtsoak amaitzerakoan, ikastolako bi ikasle ohik moztu zuten zinta eta ireki zuten Ibilaldiaren ibilbidea. Lehengo gunea zatituta zegoen. Ikastolaren ondoan D-Pintxos, Urtz, Itziarren Semeak eta Oihan Vega aritu ziren, eta puzgarriak ere ikusi ahal izan ziren. Eta Mariaren Bihotza plazan Hotza, Sigi Saga, Izaera Abesbatza eta Aneika Ara izan ziren nagusi. Goizean zehar gazte ugari bildu ziren San Frantzisko eta Miribilla auzoak lotzen dituen parkean, asko Athleticeko kamisetak, bufandak eta banderak soinean. Bezperan Kopako finala galduagatik, Bilboko zaleek ez diete lehoiek bizkarra eman.

Miribillan, Gernika Lorategia etorbidean, Altxatu, Enkore, Zea Mays eta Oxabik jo zuten; eta, Areatzan, Demore Quartet, Korrontzi eta Trikizio izan ziren nagusi. Bilborocken gazte taldeen emanaldia izan zen. Han jo zuten Etorkizun Beltza, Hozten, Karla eta Elisa, eta Ukanek. Erripan bildu zirenek Euskal Herriko eta munduko dantzak ikusi ahal izan zituzten. Eta haurrek beraien lekua izan zuten Guggenheim museoaren ondoan.

Datorren urtean Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatuko dute Ibilaldia elkarrekin. «Emozioa piztuta dago jada», azpimarratu zuten bi ikastolon arduradunek lekukoa jaso ondoren.