2015/06/06

Euskadi Ta Askatasunaren prentsa oharra
gara, donostia

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, honako hau adierazi nahi dio Euskal Herriari:

1.- Maiatzaren 28an, Espainia eta Frantziako poliziek Biarritzen burutu duten operazioa ETAren armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzena izan da. Hau da, ETAren armak erabilera operatibotik kanpo uzteko ETAren eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen artean adostu eta eragile ugariren babesa jaso duen prozesua izan da erasotutakoa.

2.- Eraso larri honek, eta aurretik Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen kontra burutu direnek, Espainia eta Frantziako Estatuek ETAren armategien zigilatzea eta, oro har, gatazkaren konponbidean aurrera egitea ezinezko bilakatu nahi dutela erakusten dute. Duela lau urtetik hona bakea eraikitzeko ahalegin guztiei gatazka elikatzen duten erasoekin erantzuten ari dira, bakearen etsai bilakatuta. Bestela, zer nolako agertokia bilatzen dute ETAren armak erabilera operatibotik kanpo uztea helburu duen prozesua erasotzen dutenean?

3.- Operazio hau noiz eta nola burutu den ikusita, ETAk uste du PPko Gobernuak egun duen krisi sakonarekin lotuta dagoela ere. Bere ohiko harrokeriarekin, gerra hizkeraren bidez eta indar militarra erakutsiz ezkutatu nahi du bere porrot politikoa. Izan ere, bere posizio politikoak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian; eta Euskal Herrian soilik ez, Espainian bertan ere gero eta herritar gehiagok gutxi batzuen mesedetan diharduen alderdi usteltzat hartzen du.

4.- ETAk Frantziako Gobernuak duen ardura zehatza nabarmendu nahi du, Espainiako Gobernuaren jarrera muturrenekoarekin lerrokatua dagoelarik.

5.- Konponbidean aurrera egitea denon ardura izanik, ETAk uste du konponbidearen aldeko indarrei dagokiela prozesu honi babes politikoa eman eta halako erasoen aurrean jarrera sendoa erakustea.

6.- ETAk eraso honen inguruan egiten duen irakurketa helaraziko dio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, erasoak sortzen duen egoera aztertu ahal izateko.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

2015ko maiatzaren 30ean