Martxel Toledo
Esait-eko koordinatzaile ohia
KOLABORAZIOA

Txistukadaren nondik norakoak

Errege Kopako finala ikustera Camp Nou futbol zelaira joan ziren Bartzelona eta Athletic futbol taldeen zaleek Espainiako ereserkiari eta erregeari egindako txistukada monumentala izan zen. Eta horren harira, Espainiako Kirol Eremuko Indarkeriaren, Intolerantziaren, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren aurkako Batzordeak astelehenean egindako bileraren ondoren adierazi du informazio espedientea irekiko diela, besteak beste, Per la xiulada a l´himne Espanyol i al Rey Felipe de Borbon manifestuaren sinatzaileei, txistukada horren deialdia publikoa egiteagatik. Hori da besteak beste, premiaz egindako bilera horren harira, Miguel Cardenal Espainiako Kirol Batzordeko idazkariak eta Francisco Martinez Espainiako Segurtasun estatu idazkariak adierazi dutena.

Atera daitekeen lehen konklusioa zera da: berriro eta tamalez, espainiar agintariek zigorraren bideari heltzeko hautua egin dutela, mezularia akabatuz eta haserrearen arazoa estalita konponduko dutelakoan. Baina oker dabiltza, mendekuak eta mehatxuek oso ibilbide motza izaten dutelako.

Aurtengo txistukadak, gutxienez, antzeko bi aurrekari ditu. Lehenengoa 2009an Valentzian jokatutako finalean izandakoa; eta bigarrena, 2012an Madrilgo Vicente Calderon futbol zelaian jokatutako finalean gertatutakoa. Eta oraingoan bezala, aurreko bi finaletan ere, klub berberak, alegia, Athletic eta Barça izan ziren protagonista. Horrek, nire uste apalean, txistukada egitearekin loturaren bat izango du ezta?

Txistukadaren aurkariek, Espainiakoek zein Euskadikoek, Espainiako sinbologiari errespetu falta eta burla egitearekin arrazoitzen dute bere aurkako jarrera, argi eta garbi badakiten arren, ekimena bera, alegia, txistukadaren zergatia edota oinarria, haserrean oinarritzen dela, eta zaleek hiru kasuetan portaera berdina izan badute ez dela izan kasualitatez eta ezta ere partidua ikustera mozkortuta joan direlako edota agintari espainiarrek aipatutako errespetu faltagatik, baizik eta inposatutako monarkia eta ereserki honekin ez garelako ordezkatuak sentitzen eta ondorioz, in situ haserre hori adierazteko aukera paregabeak izan direlako orain Camp Noun eta aurretik Mestallan eta Vicente Calderonen jokatutako Errege Kopako finalak.

Ofizialki, kopa finaleko txistukadaren lehen aztarnak Valentzian 2009an jokatu zen final hartatik heldu dira. Orduan, Esait-ek eta Catalunya Acció elkarte independentistak finalaren aurretik prentsaurreko bat eskaini zuten elkarrekin Bartzelonan, eta Katalunia eta Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna lortzeko oztopo nagusia den Estatu espainola ordezkatzen duen erregeari eta bere ereserkiari gure haserrea eta desadostasuna erakustearekin batera txistukada irekia antolatzen genuela esateko.

Deialdi berdina egin genuen 2012an, finala Vicente Calderon zelaian jokatu zenean eta segur aski, aurten ere antzeko zerbait egingo genuen Esaitek operatibo jarraitu izan balu, baina dakizuen bezala, zirkulaziotik at gaude, eta beraz, txistukadarekin ados egon arren ezin izan dugu kolektiboki deialdi publikorik egin. Baina lotsarik eta inongo konplexurik gabe esan dezaket hasieratik txistukadaren sorrera eta bere zergatia, gure kasuan behintzat, aldarrikapenaren zergatian oinarritzen dela. Argi eta garbi.

Aurtengo txistukadak Espainiako Gobernuan zein elkarte eskuindar eta faxisten artean sortu duen egonezinaren antzekoa sortu zuten Mestallako eta Vicente Calderoneko gertakariek ere, eta Denaes (Defensa Nacion Española) eskuindar erakundeak Catalunya Accio eta Esaiten aurka egin zuen, bietan kereilak sartu zituelako epaitegietan, gero artxibatuak izan zirelarik. Espero dut aurreko bietan bezala, aurtengo txistukadaren inguruan egon daitezkeen salaketak, usain txarragoa botatzen badu ere, adierazpen askatasunean oinarrituta ezerezean gelditzea, alegia, artxibatzea.

Espainiako Estatu inposatzaile honetako agintariek, Camp Noun izan zen txistukadaren inguruan jarri beharrean beren begiak, egun osoan bi aldeetako zaleek eskainitako portaera zoragarrian eta ondorioz Bartzelonako karriketan izan zen giro alaitsuan jarri beharko lukete arreta, berriro ere, bi taldeetako zaleek demostratu dutelako, munduko zale onenetarikoak izateaz gain, babesa ematerakoan beraien arteko errespetuan oinarritzen direla, gero futbol zelaian bakoitzak, normala den bezala, bere taldea animatu eta babestu arren. Hori, tamalez, beste talde gehienetan gertatu behar zen, baina gutxiagotan izaten da. Baina jakina, aipatu agintari horiek horretaz txintik ere ez, helburua txistukada kriminalizatzea delako. Alegia, haserrea desaktibatzea. Hala ere, aitortu behar dut, espero nuela gutxienez, euskal hedabideetan behintzat bi taldeetako giro on horrek oihartzun handiago izatea. Baina tira, ulertzen dut ere, txistukadak, ia guztia, baita emaitza ere, bigarren planora eraman izana.

Beraz, ez nuke nire gaurko hau bukatu nahi esan gabe Bartzelonara joan eta Camp Nou zelaian haserre gisa txistukada monumentala bihurtzeko ausardia izan zenuten guztiek, berriro ere, aurreko bi finaletan bezala, demostratu duzuela, beste euskal agintari batzuen aholkuen gainetik, zuen nortasun propioa azken muturreraino eramateko gaitasuna eta determinazioa izan duzuela.

Aldi berean nire besarka eta babes guztia aurreko bi txistukadak antolatzen elkarlanean aritu zen Catalunya Acció erakunde independentistari, aurten ere lortu dutelako zaleen haserrearekin, txistukadak lortu behar zuen helburua lortzea. Beraz, zorionak guztioi eta pankartak zioen modura, jo eta ke irabazi arte.