Amaia Zufia eta Edurne Larrañaga
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionaleko kideak
KOLABORAZIOA

Eraldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea. Gure esku daude!

Iazko ekainaren 8ko giza-kate erraldoi eta arrakastatsuaren ondoren, biharko bost deialdi masibo egin ditu Gure Esku Dago ekimenak, “Gaur hautetsontziak, bihar erabakia” lemapean, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñerako. Eraldaketa soziala eta eredu berriaren eraikuntza ipar dugunontzako hitzordu garrantzitsua izango da. Zergatik?

Pasa den urteko maiatzaren 31n onartu genuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, hilabete luzeak iraun zituen eztabaida prozesu zabal, horizontal eta parte hartzailearen ostean. Bertan 145 eragile sozial eta sindikalek parte hartu genuen eta 128 herri, hiri, auzo eta eskualdetan garatu zen, eta arlo ezberdinetako ekarpen ugari jaso ziren (ingurumena, feminismoa, migratzaileak, gazteak, euskara…). Onartutako dokumentuan horrela adierazten genuen: «Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu burujabea». Euskal Herriari, beste edozein herriri bezala, eredu ekonomiko, sozial, politiko eta instituzional propioaren gainean erabakitzeko eskubidea dagokio, muga bakarra izanik euskal herritarrek (ulertuta bizi proiektua bertan garatzen duten pertsonen multzoa, zeinahi izanik ere beraien jatorria) demokratikoki adierazitako borondatea. Instituzioek izan behar duzue, parte hartze sozial aktiboarekin, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona ororentzat karta honetan jasotzen diren oinarrizko eskubide sozialen bermatzaileak.

Ordutik hona, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aurkezten ibili gara herri eta auzoetan, bere printzipio eta edukiak. Horretan eman genituen 2014ko udazkeneko hilabeteak.

Urtarrilean, “Programa soziala” osatu genuen, instituzioek hartu beharreko berehalako 16 neurrirekin. Eta horiengana jo genuen konpromiso eta neurri zehatzak eskatzeko. Zerrendako azkena zen «arlo ekonomiko nahiz sozialean ahalmen normatibo osoa eskuratzeko burujabetza prozesua sustatzea». «Bestelako jendarte eredua defendatzen dugunontzat eremu ekonomiko eta sozialaren gainean erabakitzeko ahalmena funtsezko helburua da». Erabakitzeko eskubidea herritarren boteretzea da.

Zaila izango da, kapitalaren interesen gainetik, eraldaketa soziala eta pertsonon bizitza duina bermatzea, erabakitzeko eskubidea eta herri-boterearen artikulazioa bermatu gabe. Erabakiak herritarrona izan behar du, eta horretarako aukerak lantzea dagokigu orain. Karta «bizitza hoberako gure aukera» da; hortaz, eskubide sozialak bermatuz hobeto bizitzea ekarriko ligukeen eredu berriaren eraikuntza eta saretzea ezin dira burujabetza eta erabakitzeko eskubidearekin bereizi.

Eredu berria ipar, urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria antolatzen eta prestatzen ari gara orain, eragile zein norbanakoekin elkarlanean. “Bizitza burujabetzea eskubide osoz” lemapean egingo den ekimena izango da. Horren aurkezpenean adierazten zen moduan, alternatibak ezinbestean daude lotuta eskubideekin. Eta eskubideak eta horien garapen eta egikaritzea, burujabetzarekin, zentzu pertsonal zein kolektiboan. Kapitalaren erasoak boterea kendu egin digu herritarroi, eta boteretzea dagokigu orain, egun indarrean dauden botereek eraman nahi gaituzten ezintasuna gaindituz. Horretarako ezinbestekoa da burujabetza, norbanako zein herri moduan.

Izan ere, herritarrok aldaketa soziala nahi dugu. Horrela adierazi genuen martxoaren 14an Bilbo zein Iruñeko kaleak bete genituen milaka lagunek. Eta horretaz aparte, baditugu alternatibak. Badago gauzak beste modu batera egiteko aukera. Etsipena uxatzeko ordua iritsi da.

Badakigu egoera ez dela gozoa. Eskubide urraketak inoiz baino larriagoak diren eta herritarrok botere guneetatik guztiz bota nahi gaituzten honetan, erabaki egin nahi dugu. Erabaki behar dugu. Inposizio orori aurre egin eta boteretu egin behar ditugu geure buruak. Mugimendu sozial eta sindikal indartsua behar dugu horretarako. Guztiaz dugu zeresana eta guztiaz erabaki nahi dugu. Ekonomiaren antolaketaz, aurrekontu eta fiskalitateaz, zaintzaz eta bizitzaren iraunkortasunaz, hezkuntzaz, osasungintzaz, ingurumenarekiko harremanaz, aniztasun eta berdintasunaz; hezkuntza, hizkuntza zein kulturaz… gure egunerokotasunean eragiten duten faktore guztiez.

Gure bizitza eta gorputzen gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, erabakia gure esku nahi dugu. Euskal Herrian eta euskal herritarron artean eredu sozial eta ekonomikoa erabakitzeko eskubidea dugu. Euskal Herria subjektu, burujabetza ariketa praktikoa da gurea.

Erabakitzeko eskubidea aukera bat da bestelako eredu sozial bat eskuratzeko. Horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua Gure Esku Dago ekimenaren dinamika, eta aldaketa sozialaren aldeko mugimenduko kideak bertan parte hartzera deitzen ditugu. Erabakitzeko eskubidea, dena aldatzeko; bizitza hobe baterako gure aukera, eredu berria eraikitzeko. Gaurdanik hasita.