Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea
KOLABORAZIOA

Zahartzen garenean

Ekainaren 25ean izan nintzen azkeneko aldiz, udako oporrak baino lehen, beste bi lagunekin, Iruñeko Vaguada izeneko zahar-etxean txistua jotzen. Dagoeneko lau ikasturte bete ditugu hara joaten, hilean behin, musikarekin hango zaharrak pixka bat entretenitu eta unetxo batzuk alaiagoak egin dakizkien.

Hango egoera oso bitxia eta ezberdina da. Hantxe pertsona zahar asko topatu ahal ditugu, gizon eta emakumeak, gehienak gurpil-aulkietan eserita, beste batzuk oraindik oinez ibiltzeko moldatzen direnak. Guk musika jotzen dugun bitartean, batzuk lo antzean egoten dira; beste batzuk, ordea, oso adi eta erne, kantatzen, aurpegia alaituta, txaloak joz, erritmoa eramanez, eta abar. Eta, azkenik, badago beste taldetxo bat, itxuraz nahiko txepelduta egoten dena, baina askotan harritzen nauena; izan ere, behin baino gehiagotan egoten dira begiak itxita eta ematen du ez direla deusetaz ohartzen, baina, hala ere, bat-batean ohartzen zara erritmoa eramaten ari direla esku batekin, edo oinekin, edo gorputzarekin, edo isilean abesten ari direla, eta horrek guztiak niri grazia egin eta poza ematen dit.

Batzuetan, bata bestearekin haserretzen dira umeen moduan, eta elkarrekiko gorrotoa antzeman ahal zaie aurpegietan, baina zorionez ez dira izaten kasu asko. Beste batzuetan, txistua jotzen ari garen bitartean, baten batek oihu ozenen bat egiten du, bere mundu barruan balego bezala. Hasieran inpresio handi samarra egiten dizu, baina geroxeago ohitzen zara.

Badira momentu batzuk, non ohartzen baikara baten batek itolarria duela, edo komunera joateko premia, edota kalera edo etxera joateko nahia, larritasun edo kezkaren bat daukan baten bat... Egia esan, une horiek gogor eta lazgarri samarrak gertatzen zaizkit niri; izan ere, hainbeste bizitasun, lan eta eskarmentu izan duten pertsona errespetagarri horiek, orain, momentu eta egoera latz horietan, ikusten baitira haur jaioberri eta babesgabeak bezalaxe.

Egia esanda, zahar-etxe horien egoerak zer pentsatua ematen du. Han dezenteko masifikazioa sumatzen dut nik, eta gizarte arruntetik aldendurik. Gainera, nik hemen solairu bat edo bi aipatu ditut, baina badakit erabateko ziurtasunez, Vaguadan bertan badagoela beste solairu bat gutxienez, bukaerako egoeran dagoen jendea daukana. Horri guztiari gehitu behar zaio zahar-etxe horiek, gehienak behinik behin, pribatuak izaten direla, eta ondorioz, garestiak edo garesti samarrak behintzat bai. Beste arazo bat izan daiteke han egon ahalko direla hainbat lekutako pertsonak, eta, beraz, hasiera batean elkarren artean ezezagunak.

Nire ustez, merezi du gizarte honetako agintariek gai horietan inbertitzea denon dirua, zahar-etxe publiko eta merkeago gehiago egiteko, bat auzo bakoitzeko gutxi gorabehera, hango zaharrak hobeki sentitzeko, masifikaziorik gabe, giro bero eta goxoago batean, eta ia-ia etxean bezalaxe.

Guri ere noizbait tokatuko zaigu adin horretara iristea, eta auskalo non eta nola egokituko zaigun bizitzaren udazkena pasatzea. Momentuz, kontsolatuko naiz gogoratuz zahar-etxe horretan pertsona haietako batzuk nola saiatzen diren dantzatzen musikaren erritmoan, eta nola hainbat doinu, dantza eta abesti euskaldun ere ezagutu eta kantatzen dituzten.