Amagoia MUJIKA
KILOMETROAK 2015 USURBILEN

EGUNERO «GATTUNK» ARTISTAK

NOLAKOA DA BIZI GAREN JENDARTEA? KILOMETROAK 2015-EN ARDATZ GARRANTZITSUA DA INKLUSIBITATEA ETA HITZ POTOLO HORREN ATZEAN EZKUTATZEN DENA JASO NAHI IZAN DU ALEX TELLO ANTZERKIGILEAK «JENDARTEA BIDAIDE» LANEAN. EZBERDIN-BERDINEK OSATUTAKO JENDARTEAREN BUELTAKO ENPATIA ARIKETA INTERESGARRIA.

Isiltasun eder batekin hasten da antzezlana; gorrek bakarrik entzuteko modukoa. Iluntasun distiratsu batekin segitzen du, itsuek baino ikusten ez dutena. “Jendartea bidaide” antzezlana hasi orduko jasotzen du publikoan eserita dagoenak bestearen zapatetan sartzeko gonbidapena, enpatia ariketa interesgarrirako proposamena. Izan ere, norberak badaki bere zapatetatik nola ikusten den mundua eta zeintzuk diren topatzen dituen trabak. Baina, gurpil aulkian doanaren zapatetatik nola ikusten da mundua? Down sindromea duenak zer-nolako begiradak jasotzen ditu egunerokoan? Nola dantzatzen da musikaren aginduetara entzuten ez duena? Zertan gara bata bestearen desberdinak? Eta zertan berdinak?

Datorren urriaren 4an Usurbilen izango da Kilometroak 2015 jaia. Dimentsio horretako hitzorduek herria eta herritarrak hankaz gora jartzen dituzte eta aukera ona izan daiteke pausajea berriz zuzendu aurretik hausnarketa egiteko eta zenbait ikuskera oker zuzentzeko.

Usurbilen egiteko hori hartu du bere gain inklusibitateaz arduratzen den Guztion Gattunk batzordeak. Batzordeak garbi dauka nola ikusten duen jendartea: «Denok gara jendarte honen parte. Gaitasun maila handia izan dezakegu gauza batzuetan, baina beste batzuetan ez. Guztiok dugu desgaitasun maila bat eta, ondorioz, mendekotasun maila bat. Gaitasun desberdineko pertsonek osatzen dugu jendartea, eta denak dira beharrezkoak».

Eta hain juxtu batzorde horrek eskutik jaso zuen Alex Tello antzerkilari eta antzerkigile usurbildarrak inklusibitateaz hausnarketa piztuko zuen antzezlana egiteko enkargua. Eta abentura eder horretan abiatu zen, aktore talde oso berezia bidaide hartuta. Lan horren emaitza da “Jendartean bidaide” izeneko antzezlana. Atzo hedabideei ireki zieten Sutegiko aretoko atea, baina estreinaldi ofiziala bihar, ostirala, izango da 19.30ean, Alex Tellok berak antolatzen duen Topa Eszenikaren zazpigarren edizioaren barruan.

Ezberdin berdinak gara

Alex Tellok zuzendutako antzezlana hausnarketarako akuilua da, egoera txikiekin etengabe ikus-entzulea ziztatzen duena, irribarrearekin batera gogoeta piztuz askotan. Era batera edo bestera tesi baten bueltan jarduten du aktore taldeak: Denok ezberdin-berdinak gara. Bakoitzak dauzka bere tasunak eta bakoitzak behar du toki propioa jendartean.

Aktore taldean Ana Elordi, Anabel Arraiza eta Xanti Agirrezabala bezalako aurpegi ezagunak daude, baina baita ezezagunagoak izanagatik antzerkiaren mundua ezagutu eta gozatzen duten beste batzuk ere; Bouchra Bagdadi, Enrike Amilibia, Eugeni Alzibar eta Telmo Irureta kasu. Zuzeneko musikaz Satxa Soriazu musikaria arduratzen da eta zeinu hizkuntzan zuzeneko itzulpena egiten dute Jugatx Agirrek eta Ainhoa Moyuak. Lagun gehiago ere agertzen da oholtza jendetsuan.

Denak dira pertsonak, ez dago pertsonaiarik, denak aritzen baitira beren azaletik gure jendarte anitzaren zati bat oholtza gainera igo nahian. Esandakoa, gu denak eta gutako bakoitza egunero «gattunk» artistak.