Oskar Matute
Alternatibako Koordinakunde Nazionalaren izenean
KOLABORAZIOA

«Amb la CUP-CC»: Herri boterea eta batasuna eraikitzen

Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatuaren aurka duen gatazkan.

Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.

Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko denak bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen korapilo gordianoa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.

Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat ere, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.

Hortaz, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duen jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.

Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu, eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina berenari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.

Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.

Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzeak boteretsuen galera eragin dezakeelako.

Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egiteko. Izan ere, etorkizuneko Katalunia, burujabea, gutxien dutenentzat aukera izango da, CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duelarik, sektore horiek guztiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.

Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen direnentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegu haien alde lan egin dezatela.