Gontzal Mendibil
Abeslaria
KOLABORAZIOA

Agur jaunak eta andreak eta...

Gure euskararen eta euskal kulturaren gaietan, bi gauzak naukate nahiko harrituta egunotan.

Bat. “Agur jaunak” kantu ezagunari, EHUren aginteaz, letra moldatu eta egokitu diotela. «Agur jaunak eta andreak...», hala koño!, orain akonfesionalak izanik, Jainkoaren hitza suntsitze bidean dagoela eta... kendu dezagun ba «Jainko» hitza eta gehi dezagun «andrea», modaren eraginez, edota ez dakit zeren esnobismoaren eraginez, baina ez diot inongo zentzurik ikusten.

Sakonera joan gabeko azalkeria hutsa deritzot, eta musikalki ere, fonetikoki, kantuari batere ondo ez datorkio gainera. Egokitzapen berri honek gizakion berdintasuna ageri nahi duela-eta beronen alde agertzen direnei, zera esango nieke: kantu hau idatzi zen garaian, jaunak apaizak eta beste gutxi batzuk ziren, jauna jauntxoei esaten zitzaien ere; baina inondik ere ez herri xeheko biztanleriari; beraz, Jainko hitza ezabatzeaz gainera, jaunak agertzea ere ez litzateke ontzat eman beharko. Beraz, itxurakeria besterik ez diot ikusten honi.

Jainkoa dela eta, zenbat kantu ezagun eta esanguratsuren hitzak kendu edo moldatu beharko genituzkeen; hala nola “Gernikako arbola”, “Eusko abendaren ereserkia”… Eta berdintasunaren sinplekeria honen izenean: «Hator, hator mutil etxera», “Mendiko negarra” («Ene aberri laztana...»), «seme» dioenez, alaba ere erantsi beharko, edota «Haika mutil jeiki hadi», “Ikusten duzu goizean”, (maite dut nik sorlekua, aiten aitek hautatua), hemen ere «amen amak» sartu beharko genuke. Gure Anbotoko dama-jainkosak ere gizonezko bat beharko luke bere ondoan.

Nire iritzian, erridikulua benetan, gure hainbat politikarik erabiltzen duten «vascos y vascas», «nosotros y nosotras» esanahi entzutetsu hauexek bezalakoa. Nire herriko parrokoak aspaldi baten zioen «jóvenes y jóvenas» haren antzekoak.

Laburbilduz, nahi duenak asma dezala kantu berriren bat, baina utz dezagun “Agur jaunak” dagoen moduan. Eta jakin dezatela jakin beharrekoek hizkuntza gutxitan bezala, euskaldunok andrazkoenganako hikan morfema zaharra gordetzen dugula, esaterako: «Ez dona eta banona». Eta begirunea zor diogu.

Euskal kulturaren ikusmoldean bada hitz esanguratsu bat: «andragine»: andrearekin elkarlanean arduratzen den gizona.

EHUko Ardura Sozialeko errektoreordearen argudiaketa, beraz, nire iritzian, ergela benetan, eta zentzu bakoa. Berdintasunaren agurra baino, politikakeria hutsala delakoan nago. Gure kultura matriarkalak, gaurko zentzuz begiraturik, sinestun ala sinesbako izan, seriotasun handiagoa merezi du.

Memoriak ere ez ote du ba baliorik? Eta berriro diot, moldaketa hauekin musikaren fonetika ere ez da errespetatzen, zeren hitzek musika dute.

Bestetik, bigarren harridura, hauxe: ETBk irailaren 10ean emititutako "Baskonia" izeneko I. erreportajean, Joseba Abaitua filologoak halako hau esan zuen: euskara Arratian VI. mendean sartu zen, aurretik sartu zen konstantziarik ez ei dugu. Beraz, ez zen euskararik egiten Arratian VI. mende aurrean. Nik neuk, arratiarra baina nahiko legoa eta ezjakina izanik, pentsatu nuen: ausardia izan behar teoria hau hain ziurtzat emanik horrela jaurtitzeko.  

Atapuercan ikertutakoaren arabera, euskaldunon jatorria 5.000 urtekoa da. Eta han ez da inongo izkriburik agertu. Gure euskal ikertzaileen arabera, Arratiako euskarak 1.500 urte inguru ditu, ez besterik. Hemen agertutako milaka hitz eta toponimiak ez dute garrantzia handiegirik, zeren ez da ezer idatzi den egiaztapenik inon agertzen.

Baina Lemoako hilerri batean agertzen den izkribu bat kontuan hartuz, “Baskonia” erreportaje honetako zuzendarien arabera, Arratian VI. mendearen aurretik, hitz egitekotan, latinez eta zelteraz hitz egingo zuten».

Jakina Euskal Herriak eta euskarak ingurunearen eragina izan duela, baina aipatutako hau neuk zalantzan jartzen dut. Eta idatzietan azaltzen dena bakarrik bada aztertu behar den hori, gure hizkuntza oraintsukoa da, dokumenturik apenas dagoen inon eta. Oroitarrian agertzen den horrek baino Lemoatik gertu dugun Arlanpe eta Axlorren agertutako aztarnek eta gure lurrak ematen diguten milaka hitzen esangura handiago eta sakonagoak ez ote dira ba?

Niri honek guztiak zera dakarkit gogora. “El nombre de la Rosa” irakurri edo ikusi duzuenok bertan biblioteka zaintzaileak zera zioen: «Agerian duguna babesteko gaude, ez ikerkuntzan haratago joateko».

Beraz, historia ere baten batzuen interesetan eta zerbitzuan idazten da. Eta hala izanik, nire ustetan, ulertzekoa da Veleiako gai hori ere bere sakontasunean aztertu gura ez izatea. Zenbat eskema eta gezur-meta apurtuko lituzkeen!

Esan behar dut, dena den, argudiaketak eztabaidagarriak badira ere, irudi jantziz eta ederrez eginiko programa dela “Baskonia”; beraz, harrizko eta orrizko izkribuetan aurkitutakoaz gain, bada zer ikertu. Baina erdal munduaren burutazioan eta noranahian ez ote dabiltza euskararen nondik norakoak aztertzen?

Honetaz, lurrari lotuta dago gure hizkuntza, eta agertu diren edo ez diren izkribuetatik baino lurraren bizitasunaren zehaztapenak emango dio azterbidea euskarari.

Harridura ez ezik, ardura ere sortzen dit honek guztiak, zeren, ez dakit, baina zalantza dut, ikertzaile serioak izango badira ere, ea gai batzuetan sakonezko ikerkuntza librerik egiten ote den, edota egiterik ote dagoen.

Iraganari buruzko egiaztapen horiek, nik neuk, zentzuzko logika erabiliz, eta agertzen den guztiari men egin barik, zalantzan jartzen ditut. Beraz, iraganaren ajeak bere zama du eta euskarri onak behar ditu.

Arratian, dena den, bada esaera eder eta esanguratsu bat: «Ez dan bedarra, berez igertuko da».