Josu Labaka
UEMAko lehendakaria
KOLABORAZIOA

Erabaki ausartak hartzeko garaia

Euskarak 365 egun ditu, baina gaur ospatzen dugu Euskararen Eguna. Ospakizunean, egindako bidearekin eta lortutakoarekin pozik ageri dira asko. Beste askorentzat aldarrikapen eguna da, oraindik egiteko bide luzea dagoelakoan, eta topa eginez ezer ospatzeko moduan ez gaudelakoan. Udalerri euskaldunetatik, euskararen arnasguneak garen heinean, biak ederki ulertzen ditugu.

Batetik, munduari euskaraz garela gogoratzeko eguna da gaur. Euskaraz aritzearen eta euskaldun izatearen harrotasuna erakusteko eguna. Euskaraz gara, eta euskaratik egiten dugu bidea, eguneroko lanean eta bizitzan.

Mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi gure ahoraino heldu den hizkuntzak, ordea, ez du ibilbide samurra izan, eta gaur egun ere, oraindik, artaziak hurbil dituzte euskaldun askok beraien herrietan, ofizialtasunik gabe eta euskaraz aritzeko inolako erraztasunik gabe. Udalerri euskaldunetan oro har bestelakoa da egoera. Legez ofiziala da euskara, eta euskaraz modu naturalean aritzen gara, oraindik ere nahi baino esparru gehiagotan zailtasunak eta oztopoak ditugun arren. Horri aurre egiteko lanean segitzea dagokigu denoi.

Euskara lau haizetara zabaltzeko ahalegin horretan, aintzat hartzekoa da hiztunek, euskaldun berriek eta herri eragileek zein erakundeek egindako lana. Oztopoei aurre eginez, horien guztien euskaraz bizitzeko nahiak ekarri baikaitu honaino. Aurten, bereziki, eta hainbat erakunde publikok horrela adostuta, euskaldun berrien ekarpena eta ahalegina aitortu nahi dugu.

Aitortza hori, ordea, ezin da adierazpen hutsean geratu, testuinguru orokorretik kanpo. Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoak, esaterako, azken urteotan ezagutzak eta erabilerak behera egin duela erakusten du, eta datu horiek kezkaz ikusten ditugu. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, beheranzko joera areagotu egingo baita, euskararen normalizazio prozesua arriskuan jarriz. Horregatik, euskaldun berriei aitortza egiteaz gain, euskaldun berriak sortzen jarraitzeko eta horretarako bitartekoak jartzeko konpromisoa ere ezinbestekoa da erakunde publikoen aldetik.

Herritarrak euskalduntzearen eskumena ez da udalena eta, beraz, ezin dugu zama ekonomikoa udalen gain utzi. Erabaki ausartak hartzeko eta dirua horretara bideratzeko garaia da. Egun batetik bestera ezin bada egin doakotasunerako urratsa, mailaka egin beharko da, baina lehenetsi beharreko kontua da: duten garrantziagatik eta normalizazioan duten eraginagatik, udalerri euskaldunetako herritar guztiek izan behar dute lehentasuna. Gero, beste herrietan, administrazio publikoan eta jendaurrean lanean ari direnek, langabetuek eta ikasleek, eta azkenik gainerako herritar guztiek. Urte bakarrean ezin bada lortu erabateko doakotasuna, agintaldia amaitzerako behintzat bermatu beharko genuke, erakunde publikook ardura zehatza baitugu kontu honetan, euskalduntzea doan izatea erabaki duten udalerrietako datuek nabarmen erakusten duten moduan.

Azken batean, euskaraz bizitzen segitzeko nahia berretsi nahi dugu, herri honen kulturari eta izaerari egin diezaiokegun ekarpen ederrenetakoa dela iritzita.