Jon GARMENDIA
Idazlea

Harriak

Harri astuna da geldirik dagoena, bazterrera kendu ezin duguna, eta, ikusezina izanagatik ere, zapaltzen gaituena. Katez lotutakoak askatasunaz dakien bezala, harriaren azpikoak baino ez daki zama zer den; kanpotik beha dagoenak kalkula ahalko du zenbatekoa den neurria, dimentsioa, eta zenbat hotz islatzen duen igneoa, metamorfikoa edo sedimentarioa den harritzarrak. Baina arrokaren ertzetan minbera sentitzen denak erranen dizu zenbat beltzune dituen haren itzalak, eta zein luzea den muinera, harriaren bihotzera ailegatzeko bidea. Oztopoaz baitaki hark, zuloaz, hutsuneaz. Inork ez zuelako zehaztu «laster arte» bat noraino luzatzen den, zenbat irauten duen zalantzak, eta etxetik joaten denaren azken begirada horrek nolako iluntasuna daukan. Inork ez zuelako frogatu maitasunaren absentziak lehen orduetan baino min gehiago sortzen ote duen hurrengo egun, aste, hilabete eta urteetan. Probatu, aldiz, askok, gehiegik. Etxean zain dagoenak baino ez baitaki zenbatekoa den desira, nekea eta hura gainditzeko ahalegina. Eta baita kartzelako atearen danbatekoa ere, betaurrean bezala bizkarrean, ixten den bakoitzean zauriak irekitzen direlako supituki, zornerik zer den ezagutuko ez duten zauriak. Mugitzeko garaia da, ordea, harri horiek bidetik ken daitezkeen jakiteko ordua. Mugimenduaren aroa da. Eta horretarako ez da sekulako indarrik behar, agian, ezta burdinagarik, zizelik eta pikatxoirik ere, beharbada, gogoa baino ez da behar.