Jokin Urain
Idazlea
KOLABORAZIOA

Sakabanaketa, gerra arma hori

Komunitate bat suntsitu nahi izan duenean, botereak erabili duen gerra tresna da urrutiratzea, sakabanaketa eta isolamendua. Komunitate jakin baten zati bat, atxilo hartutako zatia alegia, herritik urrutiratu eta isolatu izan du botereak.

Gurean ere zaharra da jokamolde hori: 1794an, esate baterako, Ipar Euskal Herriko zenbait herri hustu eta 4.000 biztanle Landetara deportatu zituzten; XIX. mendean, Bigarren Gerra Karlistaren ondoren, milaka euskaldun deportatu zituzten Kanaria uharteetara eta Kubara. Eta espetxeetan berdintsu: 1936-39ko gerrako presoak ere Puerto de Santa Mariaraino eraman zituzten, esate baterako, ahalik gehien urrutiratu alegia euren senideengandik. Eta 1969-1977 aldiko euskal preso politikoak ere herritik urrutiratu eta espainiar kartzeletan sakabanatu eta isolatu zituen frankismoak. Gerora ez ziren gauzak asko aldatu zentzu horretan. Harropuzkeria eta larderia bereak ditu aginte-pentsamendu inperialak.

Soriako espetxea Euskal Herritik hurbilegi zegoela zioen Enrique Galavis Espetxeetako zuzendari orokorrak 1982an, eta arrazoi berdintsua erabili dute gaur arteko beste Espetxeetako zuzendari orokorrek, Madrilgo agintariek eta euskal politikari ez gutxik.

Ordurako hainbat espetxetatik igarota, 1987an Herrera de la Mancha, Alcala Meco eta Yeseriasen zegoen euskal preso politikoen gehiengo ia osoa. Urrutian edukitzeari ez zioten aski irizten ordea, eta euskal preso politikoen urrutiratzeari sakabanaketa gehitu zioten orduan, PSOE eta EAJk eskuz esku. Bi helburu zituen, eta ditu, gaur arte dirauen politika horrek: presoak bakartzea, bakardade horretan setiatu eta presioa areagotzeko, eta senideak zigortzea.

Senideak eta lagunak akidura arte zigortu eta suntsitzea da, batez ere, presoak urrutiratu eta sakabanatzearen helburu nagusia. Senide eta lagunen neke eta suntsiketaren bitartez presoak presionatzen dira, eta beraiekin gehien enpatizatzen duen gizartea ere bai. Azken 30 urte hauetako sakabanaketa eta urrutiratze politika horrek hamasei senide eta lagun hil ditu errepideetan, eta zaurituak ez dira gutxi; kostu ekonomikoak eta ekonomikoki kontatu ezin diren kostuak ez dakit zenbaterainokoak diren… Horixe zuten helburu besteak beste. EAJko buruzagiek zinismorik zitalenarekin esaten zuten presoen eskubideak defendatzeko bultzatu zutela dispertsioa, euren mesedetan zela. Orain ez dute hori esaten publikoki, baina pentsatu bai, pentsatu berdin. Bestela, besteei eskatzen dieten urratsa emanez, egindako kalteak aitortu eta barkamena eskatu zieten honez gero senideei eta euskal presoei, ezta?

Euskal preso politikoak ahalik gehien urrutiratu, sakabanatu eta isolatzea PSOE eta EAJren artean adostu eta abiatu bazuten 1987an, gaur egun ere EAJren oniritzi isil bezain maltzurrarekin mantentzen dute PPk eta PSOEk, buruzagi jeltzaleek, Jonan Fernandezek eta gisako malintxeek mikrofonoen aurrean esandako hitz zuriak gorabehera.

Beste urte bat abiatu dugu, Baiona eta Bilboko manifestaldiak pasatuta euskal preso politikoei eta haien senide eta lagunei aldapa eta neketsu agertzen zaien urtea. Aldizka edo noizbehinka egiten diren agerraldien aparretik harago, denon ardura eta eginbeharra da euskal presoen askatasuna lortu arteko langa guztiak gainditzeko indarrak batzea eta bultzatzea.

Senideei asteburuz asteburu, urtez urte eta kilometroz kilometro gehitzen ari zaien zama fisiko eta psikikoa ez da nolanahikoa. Inoren esku uzten dena inork ez du egiten; geure ardura da.