Itziar Aizpurua
Ezker abertzaleko militantea
KOLABORAZIOA

Iparra galdu gabe

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik bi hilabete betetzera goazen honetan, hasierako zurrunbiloan gaudela dirudi.

Aldaketa eskatu omen genuen gehiengoak, eta hortxe dabiltza aldaketa nolaz kudeatu jakin ezinik, itxura-aldaketa izan dadin eta ez bestelakorik! Hori behintzat ikusi nahi duenarentzat nabarmen geratzen ari da ezker zein eskubi deritzetenen aldetik. Gogora ekartzen dit Franco hil eta «sasi demokrazia», trantsizioa ere deitua, sakoneko aldaketarik gabe lehengo erregimenaren oinarri zaharrei eutsiz Autonomien Estatua sorrarazi zutenekoa, gaur arte irauten duena, bestalde.

Horregatik, bada, benetako trantsiziorik gabeko «demokraziak» erantzun zehatza izan du, batez ere, Euskal Herrian. Herri burujabetzaren defentsan, bere sen eta izanaren defentsan, alegia. Horren adibide garbia dugu Espainia eta Frantziako kartzeletan mantentzen dituzten laurehundik gora euskal preso politikoak, horiei gehituz deportaziora bidalitako mordoxka, eta iheslari andana, guztiak gatazka politikoaren ondorio larrienak pairatzen dituztenak, bizitza galdu dutenak aurreneko errenkan jarri ondoren.

Beraz, ez genuke sartu behar espainiar Estatuaren defendatzaileen tirabira horretan, galtzeko besterik ez baitugu, beren jarrera engainagarri eta gezurrekin, denbora galtzetik aparte, gure bidea desitxuratu eta okertu besterik ez liguke egingo-eta.

Euskal Herria txikia izanda ere nortasun handikoa da, eta irmotasunez eutsi dio urteetan zehar bere izaeraren ezaugarriei: lurraldetasunari, hizkuntzari, autodeterminatzeko eskubideari, justizia sozialari, geure neurriko sozialismoa eraikitzeko asmoari, alegia. Honek esan nahi du gure etxea defendatzea, harremanetarako euskara suspertzea eta etorkizuna gaurtik landu ahal izateko erabakitzea norekin norainoko bidea egin behar dugun, beti ere mundu zabalari begiratuz, gure lana izaten jarraitzen duela.

Horretarako, ezinbesteko dugu jakitea nolako harreman politiko eta sozialak sortu behar ditugun berdintsu pentsatzen dugunen artean. Izan ere, gure herri izaera bermatzeko, soilik antzeko edo halatsu pentsatzen duten beste herriekin batera lor dezakegu, elkar elikatuz, lagunduz, eta era berean, hedatzen joanez mundu zabalera, bizi garen planeta honetara, alegia. Bestela, jai dugu!

Eta, Espainia zein Frantzia planeta honetako lurraldeak izan arren momentuz –neure burua horiengandik at ikusten baitut beste askok bezala– ez dut ikusten inondik inora horiekin bat egiterik Euskal Herriaren nortasunaren alde egiteko; beraz, alderantzizko norabidea hartzea ezinbesteko dugu gu geu izateko, gure lurraldea defendatuz.

Horregatik diot ez dugula iparra galdu behar. Eta horretarako ezinbesteko ikusten dut gogoan hartzea unean uneko gure aurrekoen jarrerak, arbasoen norabideak, azken batean guretzat irakatsiak dira-eta.

Ezker-eskubikoek edo eskubi-ezkerrekoek katramilatuta jarraitzen duten honetan, argitu nahirik nor den nor, eta denei itxura berbera hartzen dietenak Euskal Herritik begiraturik, gogoan dut eta bihotzean ere, larunbat honetan 35 urte beteko diren gertaera ikaragarria: Joxe Arregiren erailketa torturapean.

Espainia horretan nork eta noiz hartu behar du bere gain torturaren egia krudela? Joxerekin batera beste hamar mila torturatuen erantzukizuna noizko? Prestaturik al daude egia esateko? Gai al dira onartzeko torturatu gintuztela euskaldunak ginelako frankismo garaian hasi eta gaurko egunetaraino? Espainolak izan nahi ez dugulako euskaldunak baizik torturatu, kartzelatu eta hil behar gaituzte?

Ezkerreko izenarekin edo eskubikoarekin Espainiako gobernuburu jarriko denak torturari buruzko azken 55 urteotako ikerketa zintzoa onartuko ez balu, ez du pertsonaren izena mereziko izana ez badu. Eta badute batak, eskubikoak, zein besteak, ezkerrekoak, beste ardura ez nolanahikoa ere: euskal preso politikoena, alegia.

Burura datorkit egun hauetako eztabaida antzu horiek entzunda, beren agenda politikoan ba ote duten euskal presoen gaia, eta ba ote da konpontzeko arazo bat haientzat, ala soilik euskaldunontzat da «arazo» Espainiako gobernu desberdinek –denak igualtsuak, esango nuke!– bultzatzen duten dispertsioa, PSOEk eta PNVk sortutakoa, bestalde. Horrela balitz, badakigu zer egin behar dugun, Euskal Herrian ditugun indar guztiak batu, bildu, eta kartzeletatik ateratzeko gure indar guztiak jarri. Ez dago besterik!

Guztiok batera ematen dugu aurrera pausoa edo euskal preso politikoak bertan ustelduko dira eta… hor konpon bakoitza bere kontzientziarekin! Hil honen 20an denok ezin esan, baina ziur nago gehiengoak egingo diegula bisita kartzela aurrean, elkar ikusterik ez badugu ere.