Jon LEUNDA

Errugbiaren eta pilotaren erreinuan lekua egiten ari da Garazi futbol taldea

Errugbiaren eta pilotaren erreinuan bere lekua hartzen ari da Garazi futbol taldea. Lanaren poderioz, emaitzak heltzen hasi dira, eta aurtengo denboraldia bikaina izaten ari da bai lehen taldearentzat, baita gainerakoentzat ere. Hala ere, onena heltzear dagoelakoan daude.

Garazi Futbol Taldea une gozoak bizitzen ari da aurten. Donibane Garazi da Euskal Herriko zazpi hiriburuetan jenderik gutxien bizi dena, eta Garazi da guzti horietan mailarik apalena duen futbol taldea. Pirinioetako Ligan ari da, Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko taldeek osatzen duten ligan, baina urte txarrak gainditu ostean, etorkizuna askoz ere argiago ikusten du.

«Bost bat denboraldi txar izan ditugu. Lehen zegoen jendea futbolean jokatzeko zahartzen joan zen, eta gazte gutxi etorri zen, eta ondorioz taldeak beherako joera izan du. Hala ere, horri buelta eman diogu, eta orain berriro askoz ere itxaropentsuago gaude», adierazi du Jean Berhok, taldeko zuzendaritzako kideetako batek.

Garazi bere mailan lehen postuan dago, eta jokatzen ari den bi kopatan, Vispaly eta Dargains kopetan, finalerdietan sartuta dago. Gazteak ere gero eta gehiago dira, bi belar-zelai berri ere baditu Garazik, aldagela berriak, estalitako harmaila berriak ere bai, eta gauzek hobera egin dute Nafarroa Behereko hiriburuan. «Mikel Lisard gure entrenatzaileak lan handia egin du. Gaztetxoez ere bera arduratzen da, eta berarekin dago ardura horretan lehen taldeko jokalari Aitor Salegi. Gazteek badakite Garazira etorrita futbolean jokatzen erakutsiko zaiela. Gainera, eskoletara ere joaten gara. Zortzi urterekin hasten dira guregana etortzen, baina eskoletan beheragotik hasten gara», azaldu du Berhok.

Behekoekin egiten ari diren lanak ere eman du fruiturik, izena duten taldeak ere hasi baitira Donibane Garazira joaten eta hango gaztetxoei jarraipena egiten. «Jokalari gazteak ere badatoz, eta aurten horietako lau Angeluko Genetsek eraman ditu, bi Baionako Avironek eta bat Realak. Hori guretzat garrantzitsua da, lana ongi egiten ari garen seinalea baita. Behetik datozen gainerako umeentzat ere erreferentzia dira, bai baitakite lana eginda, gora hel daitezkeela», dio Jean Berhok.

Zelai berriek ere gauzak asko erraztu dizkiela dio Berhok. «Lehen belarrezko zelai bakarra genuen, baina ez geneukan ez aldagelarik, ez harmailarik, dena nahiko ahul zegoen. Orain beste gauza bat da, bai jokatzeko, bai entrenatzeko zein ikusteko, gauzak askoz ere hobeto dira, eta hori nabari dugu», dio.

Izan ere, Donibane Garazin futbolak ez ditu gauzak erraz. Errugbia da nagusi, eta ondoren pilotak jarraitzen dio. Futbola ari da bere lekua egiten, ez baita Nafarroa Beherean atzo hasi zen gauza. Badakite oraindik bide handia dutela egiteko, baina helduen taldeak aurten daraman denboraldiak zeresana ere eman omen du herrian. «Herrian jendea futbolari buruz hitz egiten ari da, denboraldi oso ona egiten ari gara, eta hori oso berri ona da guretzat. Egia da oraindik harmailetan ez ditugula zale gehiegi izaten, baina hemendik aurrera Ligan igoera jokatzen dugunean eta Kopako bi finalerdiak jokatzen ditugunean, seguru gaude jende asko izango dela», baieztatu du Jeanek.

 

Etorkizun ona

Etorkizunari begira garbi dago taldea osasuntsu dagoela, gazte asko ari direlako, baina lehen taldeari begira ere bai. «Jokalari guztiek datorren urtean jarraituko dutela esan digute, eta etortzen den besteren batekin, datorren denboraldian ere oso talde ona izango dugulakoan gaude. Gainera, zazpiko futbolean dugun taldea ere seguruenik, oraindik erabat erabakitzeko badago ere, datorren urtean hamaikako futbolera pasatuko da, eta bigarren taldea izatera pasatuko da», adierazi du. Etsipenezko urteak gaindituta, itxaropenezko urteen txanda da orain. Apurka-apurka, eta lan eginez, errugbiaren eta pilotaren erreinuan, Donibane Garazin futbola bere lekua egiten ari baita pauso seguru eta sendoak emanez.