Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

«Incognita Patagonia»-koen lorpena Suaren Lurraldean

Evan Miles, Ibai Rico eta Eñaut Izagirrek ia 40 eguneko espedizioa egin dute. Cloue izeneko izotz-zelaia ikertu eta ingurumari hartakokartografia egin dute. Horretaz gain, Miles eta Ricok izotz-zelaiaren lehen zeharkaldia egin eta igo gabeko bi mendi igo dituzte.

Evan Miles estatubatuarra eta Ibai Rico eta Eñaut Izagirre euskal herritarrak Suaren Lurraldean (Tierra del Fuego, Txile) hegoaldeko muturrean dagoen izotz-zelaia esploratzen eta ikertzen izan dira. Espedizioari “Incognita Patagonia” deitu diote, eta besteak beste, NationalGeographic-en eta Joxe Takolo bekaren babesa izan dute.

Hitz gutxitan esanda, esan daiteke hirukote horrek “ezusteko” ederra izan duela; izan ere, talde horrek egin duen ia 40 eguneko espedizioak arrakasta handia izan du. Eta hori lortzea ez da batere erraza. Arrazoia oso sinplea da: ingurumari hori bakartia, isolatua eta basatia da. Eta hori gutxi balitz, muturreko klima du.

Aurreratu dugu protagonistok esploratzen izan direla, baina ez da egin duten lan bakarra, besteak beste, alpinismoa egin dutelako. Beraz, esplorazioa, zientzia eta alpinismoa uztartu dituzte.

Baina Izagirre buru izan duen espedizioak, zer lerroburu izan ditu? Bada, hitz gutxitan esanda, honakoak: esploratu gabe zegoen Cloue izeneko izotz-zelaiko glaziarraren bilakaera ikertu dute. Horretaz gain, lehen aldiz Patagoniako urrutiko ingurumari ezezaguna hori kartografiatu dute. Eta bukatzeko, Miles eta Ricok izotz-zelaiaren lehen zeharkaldia egin eta igo gabe zeuden bi mendi eskalatu dituzte.

Hori guztia esanda, espediziokideek beraiek onartu nahi izan dute eginiko espedizioa antzinakoen estilora hurbildu nahi izan dutela. Eta lortu egin dute.

Darwin mendilerroaren hegoaldera Cloue izeneko izotz-zelaia dago; hain zuzen ere, Hoste uhartean (Tierra del Fuego, Txile). Fiordoak, kanalak, mendiak... labirinto ikusgarri bat jasotzen du bere baitan. Eta horregatik guztiagatik, oso gutxi esploratu da. “Ausart” horietako bat (eta, agian, ezagunena) Charlie Porter estatubatuarra da.

Eta aipatu dugun arrakasta egia bihurtu ahal izateko, protagonistek horren giltza eman digute: «Logistika eta estrategia egoki bat ezinbestekoak dira. Belaontzi batean hara hurbiltzea soilik kristoren erronka da. Eta zergatik diogun hori? Bada, nabigazioa oso zaila eta eguraldia oso aldakorra delako. Eguraldia di-da batean aldatzen da, eta ekaitz bortitzak eta haizete gogorrak jasan behar izan ditugu».

Helburuak beteta

Protagonistok aitortu duten bezala, espedizioak helburu bikoitza izan du: «Estilo alpinoan eginiko espedizioak esplorazioa eta zientzia uztartu ditu. Glaziarrak eta inguru hori ulertu nahi izan ditugu. Zehatzago esanda, glaziar horien garapena eta nola aldatzen ari diren ulertu; izan ere, klima aldaketak eragina du».

Kirol ikuspuntutik begiratuta, bestalde, aipatu behar da ere Miles eta Ricok Cloue izeneko izotz-zelaiaren lehen zeharkaldia egin dutela. Hoste uhartean dago izotz-zelai hori, eta hurbiltze bidea belaontzi batekin egin zuten. Mendebaldean hasi eta uhartearen ekialdean bukatu zuten; guztira, 30 kilometroko zeharkaldi gogorra. Eta gogorra diogu, Ricok esan duenez, une batzuetan eguraldi bortitza jasan zutelako: «Espero ez genuen ekaitz bortitz batek bete-betean harrapatu gintuen. Elurra eta txingorra, baina haizete bortitzekin».

Zeharkaldia egiteko, bi alpinistok estilo arinaren aldeko apustua egin zuten: tresneria arina, erregaia, eskiak eta denda bat.

Jarduera hori egiten ari ziren bitartean, Miles eta Ricok lan zientifiko batzuk egin eta aukera izan zuten igo gabe zeuden bi mendi eskalatzeko ere. Martxoaren 26an, adibidez, Cloue mendian (1.356 m) 300 metroko marra bat (75°, IV, M4) igo zuten. Hori bai, alpinistok adierazi dute elurraren zein izotzaren baldintzak oso kaskarrak zirela.

Biharamunean, eskiekin izenik gabeko dorre batera hurbildu ziren. Aldats batzuk igo eta errimaia gainditu ondoren, diedro handi baten oinarrian jarri ziren: «Arrokaren baldintzak txarrak ziren eta eskalatzen ari ginen marratik ur asko erortzen zen. Alabaina, hainbat luze eskalatu genituen eta dorre horren gailurrera (1.323 m) heldu ginen. Dorreari “Saia” deitu diogu, Yaghan hizkuntzan «arpoi» esan nahi du. Guztira, 350 metro eta AI3, 70°, V eta M5 zailtasunak gainditu genituen».

Izagirrek, berriz, lan ederra zuen esku artean: izotz-zelaiko glaziarrak. Horiek ikertu ondoren, elgoibartarrak esan du atzera egiten ari direla: «Inguru hartan izotz masak %20 atzera egin du; betiere, azken 70 urteak kontuan hartzen baditugu. Hala ere, kasu zehatz batzuetan aurrera egin dute, baina hori ulertzeko aipatu behar da glaziar horien baldintzak bereziak direla oso. Aipatzeko modukoa da ere Cloueko izotz-zelaiaren perimetroak aldaketa garrantzitsuak izan dituela; izan ere, glaziar batzuk erabat desagertu dira».

Era berean, Izagirrek aukera izan du 2002. urtean Porter esploratzaileak jarri zituen hainbat eguraldi-estazio berriro martxan ipintzeko.

Eta amaitzeko, Miles, Rico eta Izagirrek beste lan bat biribildu dute. Hango toponimia, antzinako mapak eta hango indigenei (jamanak zein kaweskarrak) loturiko izenak bildu dituzte. Altxor hori mapa kartografiko batean berreskuratu eta eguneratu nahi izan dute.

Irakurtzen den bezala, “Incognita Patagonia”-ko espediziokideek bizkar-zakua bete-beterik ekarri dute. Datu eta informazio ugari pilatu dute, eta, hurrengo lana hori guztia ondo biribiltzea izango da. Bi helburuak bete dituzte: zientzia eta alpinismoa uztartzea. Eta lan eskerga eta gogorra egin badute ere, arrakasta izan dute.