Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Bertsoak ez du generorik, baina testuinguruak bai

Emakume izatea ez da berdina Galesen, Mexikon edo Mallorcan. Ezta, beraz, kantu inprobisatuan aritzen den emakumea izatea ere. Dela inprobisazioan aritzen diren bakarrak izateagatik emakume guztien ordezkaritza bizkar gainean ezarri zaielako, dela atzetik datozen emakumezkoei bidea zabaltzeko nahiak bultzatuta, «Europa bat-batean»-ek bildu dituen sei inprobisatzaileek gauza bat dute argi: berdintasunaren erronkari eutsi behar zaio.

gara-2016-07-13-Noticia

Kantu inprobisatuan aritzen diren sei emakume bildu zituen atzo “Europa bat-batean” jardunaldiak, generoaren gaia jorratze aldera. Miramar jauregian izan ziren Karen Owen galestarra, Yunet Lopez kubatarra, Rebeca Limon mexikarra, Maribel Servera mallorcarra eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza euskal herritarrak. Herrialde bakoitzean emakumezko inprobisatzaileek bizi duten errealitatearen irudi orokor bat ematea zen topaketaren asmoa eta, bide horretan, Owenek kontatu zuen Galesen gaur egun hamabi emakumezko ari direla inprobisazioan, «baina 3-4 soilik jendaurrean; oso kultura maskulinoa da gurea». Hala ere, 2001ean emakumezko inprobisatzaile batek Galeseko sari garrantzitsu bat jaso zuenetik «interesa» piztu eta emakumezkoen jarduna indartzen ari dela nabarmendu zuen.

Mallorcan kolektibo sentipena falta zaiela esanez hasi zen Servera, bi emakume soilik aritzen direlako kantuan: «Kultura gehienetan bezala, gurean ere tabernetan eta halakoetan aritzeko tradizioa dago eta emakumeei debekatu egin izan zaie tabernetan ibiltzea. Tradizioak gauza onak eta txarrak ditu, eta hau da txarretako bat». Tailerretan, baina, neska eta mutilen kopurua antzekoa dela eta «ahaleginak normalizazioaren bidean» jarri behar direla adierazi zuen: «Eta, alde horretatik, denak bide onean goazela uste dut». Kolektibo sentimenduaz aritu zen Limon mexikarra ere, baina kasu honetan distantziagatik: «Ez gara asko kantuan aritzen garenak, eta gainera ez dugu gure egoeraz hitz egiten, jaialdi eta tailerretan soilik elkartzen garelako, gutxitan, eta apenas dugu gure egoeraz luze eta zabal hausnartzeko abagunerik», esan zuen.

Bidegurutzean

Lopez kubatarrari naturalki ireki zitzaion inprobisaziorako bidea, familiatik bertatik. Kuban 2000. urtean abiatutako repentismo tailerrek «neska asko» biltzen badituzte ere, «emakumeen kondizioa dela-eta, etxea, haurrak eta halakoak, gizonezkoek baino errazago uzten dute. Uste dut emakumeok geure abilezian sinetsi behar dugula».

Euskal Herriko esperientziaren gainean, Lujanbiok esan zuen emakumeak betidanik bertsotan aritu badira ere, batez ere bertso eskoletan egindako lanaren emaitza dela espazio publikora jauzi egin izana, baina oraindik egiteko asko dagoela ere azaldu zuen. «Urte asko eman ditugu ‘saioetako emakumea’ izaten, eta diskurtso feminista integratzailearen, eztabaidaren, sentsibilizazioaren eta abarren bidez emakume kopurua zabaldu eta oso emakume ezberdinak ditugu egun plazetan», nabarmendu zuen. Emakume bertsolariak kolektiboaren ordezkari izatearen zama kentzeak maila artistikoan ere eragina izan duela uste du Lujanbiok, «emakume arketipiko hori defendatu behar izan dutenak erlaxatu eta bestelako alderdiak erakusten has daitezkeelako. Izugarrizko terreno berria zabaltzen zaigu, sormenerako bide emankor eta aberasgarria». Bide hori urratzeko emakumeak biltzea eta eztabaida sustatzea berebizikotzat jo zuen Amurizak, «bertsolaritza jolasetik zerbait serioagoa izatera pasatzen denean etapa kritiko bat hasten delako, non neskatila askok egiten duten atzera. Hitz egitean, konturatzen zara zure beldurrak gure beldurrak direla; hitz egiteak bideratzen du atzekoari bidea erraztea».

Eta hitza hartuta, Owenek kantuan «bihotzak» agintzen duela nabarmendu zuen: «Poema bat entzuten dudanean zer sentiarazten didan baloratzen dut, bihotza baita publikoarengana iristeko bidea, eta poesiak ez du generorik». Bide horretatik, Lujanbiok ñabartu zuen bertsogintza eta bat-batekotasuna ezin direla testuingurutik aparte ulertu, eta, beraz, horietan ere badaudela «emakumeak emakume bezala dituen zailtasunak. Badago ondare bat eta badago obra bat, norbaitek sortzen duena, eta hargatik era batera entzuten dena. Hor ertz piloa daude», hausnartu zuen.