Beñat ZALDUA
MEMORIA HISTORIKOA

EINSTEIN ETA EUSKAL UME ERREFUXIATUAK, FBI-REN HELBURU

Albert Einstein fisikaria, XX. mendeko ikono esanguratsuenetako bat, “American Board of Guardians for Basque Refugee Children” delakoaren kide izan zen 30eko hamarkadan. Hau da, Euskal Herriko Ume Errefuxiatuen Zaindarien Batzorde Amerikarrean parte hartu zuen. Dirudienez, FBIri gehiegi gustatu ez zitzaion jarduera: Edgar Hoover-ek gidatutako Federal Bureau of Information-ek zientzialariaren pausoak jarraitu zituen hamarkadetan eta hari buruzko kablegrametako batean auzi esanguratsu bezala nabarmendu zuen Einsteinen partaidetza euskal umeenganako elkartasunerako sortutako batzorde amerikar hartan.

E=mc2 formula publikatu eta 101 urte beranduago, beste fisikari batek, Cambridgeko Unibertsitatean doktoratu ondokoa egiten dagoen Eneko Axpek, FBIko kablegrama hori topatu zuen Euskadi Irratiko “Faktoria” programan ohiko kolaborazioa prestatzen ari zela. «FBIk Einsteini buruz zituen dokumentu sekretu gehienak orain dela urte batzuk desklasifikatu zirela irakurri nuen», azaltzen du; publiko diren 1.800 orrialdeak deskargatu eta orduan topatu zuen harribitxia: «Einsteinek ume euskaldun errefuxiatuak babesteko lan egiten zuela azaltzen zen! Eta FBIk bere aurka erabiltzen zuen informazio hura. Ezin nuen sinestu».

Hauxe irakur dezakegu fisikariari buruz desklasifikatutako 1.071. orrialdeko kablegraman: «‘American Board of Guardians for Basque Refugee Children’-eko kontsultarako batzordeak, egoitza New Yorkeko Vesui kaleko 20. zenbakian duenak, Albert Einstein eta beste zazpi gizabanako hartzen ditu bere barnean».

Zintzo izateko, ez da Einsteinen eta 36ko gerrak deserrira behartu zituen euskaldunen arteko erlazioa frogatzen duen lehenengo aurkikuntza. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen departamentuko buru izandako Gloria Totoricagüenak 2003an argitaratutako “The Basques of New York: a Cosmopolitan Experience” liburuan Einstein azaltzen da jada batzordeko «liderretako bat» bezala. Era berean, Axpek berak azaltzen du bere bilaketan topatu zuela beste artikulu bat, zeinean azaltzen den ere XX. mendeko zientzialari ospetsuena Eusko Jaurlaritzak sortutako “Euzko Deya” aldizkariaren harpidedun zela. Zehazki, “International Journal of Intelligence and CounterIntelligence” aldizkarian Zigor Iberniak eta Antonio Diaz Fernandezek 2011n argitaratutako “The Basque Secret Service” (1936-1945) artikuluan jasotzen da informazioa.

Edonola ere, Axperen aurkikuntzara arte ezezaguna zen FBIk bere informazio sekretuen artean jaso zuela Einsteinen elkartasuna euskal errefuxiatuekin. «Einstein bonba atomikoaren gurasoetako bat zela irakatsi zidaten Fisikako karreran, baina Ameriketako Estatu Batuen segurtasunarentzat arrisku bat zelakoan, FBIk eta armadak bonba atomikoaren proiektutik baztertu zuten, historiako zientzialaririk ospetsuena antirrazista, antifaxista, sozialista, internazionalista eta bakezalea zen», aldarrikatzen du orain fisikari euskaldunak Cambridgetik.

«President Harding» ontziaren zain

Elkartasun adibide indartsua izanda ere, ez da zoriontsua batzorde amerikarraren historia, Totoricagüenaren liburuan zehaztasun osoz azaltzen den bezala. 1937ko ekainean, Gernikako suntsiketa bizi-bizi zegoela, New Yorkeko Centro Vasco-Americano-ak batzordearen laguntza eskaintza jaso zuen Euskal Herriko 500 ume AEBetan hartzeko. Helburua umeak Bilbotik Donibane Lohizunera eramatea zen, handik trenez Parisera joan eta, Le Havre-n berriz itsasoratzeko “President Harding” itsasontzian, New York helmuga gisa.

Bilera eta deialdi ugari antolatu ziren aste gutxitan harrera prestatzeko helburuarekin. Zenbait egunkari ere etorreraren berri ematen hasi ziren «Liner being Chartered to Bring Basque Children» («Transatlantiko bat kontratatzen ari dira euskal umeak ekartzeko») edo «500 little Basque refugees coming go the USA» («500 euskal errefuxiatu txiki AEBetara datoz») bezalako titularrekin.

Ikusmina erraldoia zen, eta CVAren eta Batzordearen deialdiek arrakasta nabarmena izan zuten: egun gutxitan New Yorkeko 2.700 familiak beren etxea eta beren baliabideak eskaini zituzten ume errefuxiatuak hartzeko. Erantzuna ikusita, operazioaren antolatzaileek 2.000 haur hartu zitezkeela pentsatu zuten, hasierako 500en ordez. Beharrezko baimenak eskatu zituzten horretarako, baina ezin zen dena hain ederra izan: eliza katolikoaren buruzagi batzuk, Bostoneko kardinala zen William O'Conoll bereziki, protestaka hasi ziren, operazioaren atzean Franco elizkoiaren kontra borrokatzen ziren borrokalari komunista eta antikatolikoak zeudela argudiatuz.

Gauzak horrela, Batzordeko ohorezko presidentea zen Eleanor Rooseveltek duda batzuk ere azaldu zituen. Azkenean, Estatu Departamentuak izan zuen azken hitza: ekainaren 24tik aurrera umeak AEBetan sartzeko baimen guztiak baztertzen hasi zen, Batzorde estatubatuarraren esfortzuak balio gabe utziz.

Itzal handiko emakumeak

Ez zen Einstein izan, ordea, euskal ume errefuxiatuak lagundu zituen ospetsu bakarra, batzorde hartan zegoen, esate baterako, Dorothy Thompson kazetaria ere. “New York Herald Tribune” egunkarian idazten zuen On the Record zutabean 36ko gerrako sufrikarioak ekartzen zituen askotan gogora eta Gernikako suntsiketari buruz idatzitakoek eragin handia izan zuten bere irakurleengan. Bera izan zen, bere idazkien bidez, euskal umeak hartzeko 2.700 familia agertu izanaren errudunetako bat.

1934an jada nazien eskuetan zegoen Alemaniatik kanporatua izan zen lehenengo kazetari amerikarra izan zen Thompson. Bost urte beranduago, “Time” aldizkariak AEBetako eragin handiko emakumeen artean bigarrena izendatu zuen. Zerrenda horretan lehena, hain zuzen ere, aipatutako Eleanor Roosvelt izan zen, Batzordeko ohorezko presidentea eta giza eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna. AEBetako emakume boteretsuenak egon ziren, beraz, euskal ume errefuxiatuak laguntzeko prest, nahiz eta, egia osoa esanda, Totoricagüenak jasotakoaren arabera, Roosvelt izan zen azkenengo momentuan, jada polemika piztua zenean, dudak publikoki agertu zituena, esanez umeak etxetik hain urrun eramatea akaso ez zela hain ideia ona.

Sozialista bat kapitalismoaren hirian

Bere aurkikuntza azaltzean, Axpek ere txundituta esplikatzen du sorpresa handia eragin ziola Einsteinen alderdi aktibista eta ezkertiarra deskubritzea. Horren adibide aipatzen ditu “Monthly Review” aldizkarian 1941ean argitaratutako “Zergatik sozialismoa” artikuluko hitzak: «Ziur nago kapitalismoaren gaitzak ezabatzeko bide bakarra ekonomia sozialista bat ezartzea dela eta, honekin batera, helburu sozialak dituen hezkuntza sistema bat».

«Gizarte kapitalistaren gaur egungo anarkia ekonomikoa benetako gaitzen iturria da. Kapital pribatua gutxi batzuen eskuetan pilatzen da (…). Prozesu honen emaitza kapital pribatuaren oligarkia da eta bere boterea ezin da era eraginkor batean kontrolatu, nahiz eta gizartea demokratikoki antolatuta egon (…). Ondorioz, herriaren ordezkariek ez dituzte herritar ez pribilegiatuen interesak behar bezala babesten». Gaur idatzitako hitzak dirudite Einsteinek duela 75 urte izkiriatutakoek.

«Eta zeintzuk dira gure hitzak 75 urte beranduago?», galdetzen dio bere buruari Axpek, bere bi amamak ere errefuxiatuak izan zirela gogoratuz: «Nire amama Elok 14 urte zituen 1936. urtean. Bilbo erori zenean Lleidara joan zen, errepublikanoen eta sobietarren hegazkinerian lan egin zuen Lleida erori arte. Eta handik Frantziara egin zuen, babes eske, Arroxela eta Brestera. Amama Marik zazpi urte zituen gerra hasi zenean. Frantziako familia batek jaso zituen bera eta bere ahizpa nagusia, Josefa, Amiens hirian».

Gaur egungo iheslarien krisiarekin alderaketa saihetsezina da. «Asko pentsatu dut nire amama biak Estatu Batuetan egon ahal zirela, Einsteinek eta bere kideek diseinatutako plana aurrera joan izan balitz», dio Axpek, gogoratuz FBIren eta Eliza Katolikoaren jarrera alde batera utzita, «New Yorken 2.700 familiak beren etxea eskaini zutela ume euskaldunei babesa emateko». Gaur egun gertatzen denaren antzeko zerbait: «Jendearen laguntzeko nahia agerian da; ordea, euskal, espainiar eta europar gobernuen erantzuna eskasa dela uste dut». «Ezin dugu ahaztu, euskaldunok, behin, errefuxiatuak izan ginela», esanez bukatzen du Axpek.