Amalur ARTOLA
LASARTE-ORIA

Erradikalismoaren neurriak

«Feminista izatea ondo dago, baina neurrian». Ideia horrek kirrinka egiten du Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen belarrietan eta hargatik osatu dute «Erradikalak gara» ikuskizuna. Galdera, bakarra: ikusitakoak ikusita, ez ote genukeen erradikalagoak izan behar.

«Feminista izatea ondo dago, baina neurrian; ez zaitez erradikalegia izan». Ideia horri bueltaka sortu dute Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal ipuin-kontalari eta clownak “Erradikalak gara”, gaur Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan Etxarri Aranatzen estreinatuko duten ikuskizuna.

«Ideia zaparrada batean, feminismoaren bueltan gabiltzanoi esaten zaizkigunak bota genituen, topikoak eta abar, eta konturatu ginen behin baino gehiagotan entzun behar izaten dugula gauza askotan erradikalak garela... Gure asmoa da ikuskizunaren hasieran plazaratzea gaur egun ze egoera dagoen gizarteko alor ezberdinetan eta, bukaeran, galdera hori berriro egitea: benetan, hau dena entzun eta gero ere, erradikalak gara? Agian, askotan ez gara behar genukeen bezain erradikalak», ziurtatu du Labakak.

Gogoeta hori plazaratzeko bertsolaritza eta bakarrizketa erabiliko dituzte bi lasartearrek. «Bion arteko elkarrizketa modukoa izango da, askotan batek esaten duena besteak deseraikiko du; bion arteko jokoa egongo da aldiro, formatu bien nolabaiteko nahasketa», azaldu du. Eta deseraikitze eta eraldaketa hori agertokian ere antzemango dela gaineratu du: hasierako irudia ohiko bertso-saio batekoa izango da, bi aulki eta bi mikrofono hankadunekin; «baina obran zehar joango gara horrekin ere hausten».

Ikuskizunak umoretik dezente izango duela ere zehaztu du, baina barre egiteko baino umorea ikuslearen erraietan eragiteko erabili nahi dutela azaldu du. «Ez dugu azaleko umorean geratu nahi, barruak mugituko dizkizun horren bila joan gara. Uste dugu umorea erabil daitekeela gauza serioak bilatzeko, kontzientziak mugitzeko», aipatu du Labakak.

Miresmena abiapuntu

Bertsoa eta bakarrizketa uztartzen dituen proiektu hau «elkarrekiko miresmenetik» sortu dela azaldu du Labakak. «Aspalditik genbiltzan elkarrekin zerbait egin nahian, nik miretsi egiten dudalako berak egiten duena, eta alderantziz», eta, azkenean, Lasarte-Oriako Bertso Eskolak urtero antolatzen duen Udaberriko Bertso Saioak eman zien horretarako abagunea. «Saio berezia izaten da, bertso-saioa egin izan da herriko musikariekin, dantzariekin... eta azkena bakarrizketen inguruan egin zen. Herriko jendeak bakarrizketak egin zituen eta bertsolariek horien gainean abestu genuen, eta Bea izan zen emanaldi horren hezurdura», azaldu du Labakak. Ordura arte Egizabal bakarrizketetan aritu gabea bazen ere, ekitaldiak arrakasta izan zuen eta biek elkarrekin lan egiteko formula bilatu zuten.

Orain urtebete hasi ziren ikuskizuna prestatzen eta publiko aurrean lehen aldiz otsailean aurkeztu zuten, Lasarte-Oriako Elebeltz fabrika okupatuan. «Aurrestreinaldi modukoa egin genuen hurbileko pertsona batzuen aurrean, ia urtebetez sorkuntza prozesuan murgilduta egon ostean jendearen erreakzioak ikusteko gogoa genuelako», azaldu du Labakak. Hirurogei pertsona hurbildu ziren aurrestreinaldira, «eta kristoren motibazio txutea izan zen; jendea oso pozik atera zen eta gehienek esan ziguten berriro joango direla ikustera. Gu ere pozik gaude, indarrez hasiko dugulako bide berri hau».

Gaur, esan bezala, Etxarri Aranatzen estreinatuko dute ikuskizuna eta Korrika Kulturalaren barruan hainbat herritan emango da.

 

Kontraesanak akuilu

Sanoa da nork bere buruaz barre egitea, baina are sanoagoa nork bere kontraesanak aztertu eta, gutxienez, horien kontzientzia izatea. Hori argi dute Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek eta, horregatik, “Erradikalak gara” umorezko ikuskizun bat baino gehiago izan dadin nahi izan dute hasieratik. «Ikuskizuna eraikitzeko orduan, batez ere gure kontraesan propioetatik abiatu gara eta, jendea entretenitu bai, baina batez ere deserosotasun txikiak sortu nahi ditugu, hori izan da hasieratik gure helburua», ziurtatu du Labakak.

Jendearen erraietan eragiteko asmo hori euren egunerokoan ere presente dutela nabarmendu du lasartearrak, «bai nik bertsogintzan nabilenean, baita Beak ere bakarrizketak egiten dituenean; horiek arma politiko bezala erabili nahi ditugu, oholtzara igotzen garen momentutik egoera hori baliatu nahi dugu jendearengan zerbait eragiteko», nabarmendu du.A.A.