Nerea GOTI
BILBO

Abian da zientzia eta teknologia bideo laburretan azaltzeko aurtengo deialdia

Apirilaren 26ra arte eman daiteke izena On Zientzia bideo laburren lehiaketan. Zientzia eta teknologia ardatz, deialdiak sormena bultzatu nahi du, edukiei mugarik ipini gabe eta adin eta proposamen ezberdinei atea zabalduz. Zazpigarren ediziora helduta, esperientziak agerian utzi du estereotipoak hauts daitezkeela.

Martxan da On Zientzia bideo lehiaketaren aurtengo deialdia. Izena emateko epea apirilaren 26an itxiko da. Beraz, ez dago egun asko, baina soberakoak izan daitezke kameraren aurrean jarri eta zientzia eta teknologia arloarekin zerikusia duen ikerketa, esperimentu edo kontzeptu baten inguruko gogoeta egin edo pertsonaia esanguratsu baten ibilbidea kontatzeko. Kontuan hartu behar da asko jota bost minutuko bideoa izan behar dela, eta iraupen hori nahikoa da interesa pizteko, une dibertigarri bat osatzeko, zientziaren unibertsoan harremanak egiteko, eta lanari zabalkunde bat emateko, EITBko Teknopolis telebista saioan emititzeko aukera ere badagoelako.

Ikerketa bultzatzea helburu duen Donostia International Physics Center (DIPC) eta Elhuyar fundazioa erakunde ospetsuak dira deialdiaren bultzatzaileak. Abian jarri duten hau zazpigarren edizioa da, eta horrek ibilbide bat marrazteko aukera ematen die antolatzaileei.

«2010ean abiatu zen, Pedro Miguel Etxenike presidente duen DIPC Euskal Herriko puntako fisika zentroaren ideiari jarraituz; Elhuyarrekin elkarlanean hasitako proiektua da eta bururatu zitzaigun ordura arte oso ohikoa ez zen formatu batean burutzea, bideo laburren lehiaketa bat. Ez geneukan oso argi jendeak nola erantzungo zuen», azaldu zuen Manex Urruzola lehiaketaren arduradun eta Elhuyarreko kideak.

Esan zuenez, zazpi edizioek utzi duten balantzea oso positiboa da. Egiaztatu ahal izan dute badagoela zientzia eta teknologiaren inguruko interesa, badagoela edukiak eta ezagutza era dibertigarri eta interesgarrietan transmititzeko nahia eta ahalmena, eta ekimenak balio izan duela, era berean, zientziaren munduarekin gozatzen duten lagunak harremanetan ipintzeko, dauden proiektuetako batzuk ezagutarazteko eta giro berezi bat sortzeko.

Lehenengo edizioan, antolatzaileen ustekaberako, 50 lan aurkeztu ziren lehiaketara. Harrera onak eta bideoetan ikusitakoak lehiaketari hauspo handiagoa eman zioten. Urruzolak azaldu zuenez, hasieratik baieztatu zuten zientziarekin zerikusia duten gaiak kontatzeko gogoa bazegoela eta hori kontatzeko sormena pizteko ere balio zuela. Parte hartzaile kopurua mantendu bada ere, argi dago sakelako telefonoekin kalitatezko bideoak egin ahal izateak ate berriak zabaldu dizkiola oso publiko zabalari.

Gaztetxoak animatu

Ideia horri helduta, nabarmentzekoa da gaztetxoek aurkitzen dituzten aukerak. Azken hiru urteetan Gazte Saria gordetzen du lehiaketak 18 urte beherako DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. «Interesa eta bokazioak piztu nahi ditugu, helburuak ezberdinak izan daitezke adinaren arabera, eta batzuentzat helburua izan daiteke beraien lanak eskaparate batean ezagutzera ematea, eta gaztetxoen kasuan, balio du estereotipoak hausteko, demostratzeko zientzia ez dela gauza aspergarria, dibertigarria eta interesgarria izan daitekeela kontatzen duten hori», aipatu zuen Urruzolak. Gaineratu zuen lehiaketaren filosofia ez dela bideogintzan bikaintasun teknikoa bilatzea, baizik eta «atzeko ideia originala izatea eta kontatzen den hori kontaketa polita izatea».

Urruzolaren esanetan, lehiaketa ere bada egindako lanaren eta zientziaren beraren balioa nabarmentzeko modu bat. Horren ondoan, lehiaketarekin erakusleiho handi bat zabaltzen dela aipatu zuen Elhuyarreko bozeramaileak, Teknopolis ETBko saioan emititzeaz gain, bestelako zirkuituak sortzen joan direlako lanentzat Bilbon, Donostian, Tolosan...

Gaiak, inspiratzeko

Deialdiaren inguruko informazioa www.onzientzia.tv/eu/ webgunean dago eskuragai. Parte hartzailearen inspirazioa pizteko, antolatzaileek zehaztu dute puri-purian dauden gaiak, norberaren edo besteren ikerketak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, pertsonaia historikoak edota etorkizuneko eta iraganeko zientzia gaitzat har daitezkeela. Baldintza da lehiaketarako bideo originala izatea, ez-komertziala eta telebistan emititu gabea. Kontuan hartu behar da, era berean, bideo dibulgatzailea izan behar dela.

Edozein herrialdetako herritarrek har dezakete parte, «mundu osoko ikerketa-komunitatea barne hartuta», eta taldeak zein banakakoak izan daitezke egileak. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu behar dira lanak. Hiru sari handi aurreikusten ditu: Dibulgazioko bideo onenak 3.000 euroko saria jasoko du; 2.000koa egokituko zaio euskarazko bideo onenari eta 1.000 eurokoa da, azkenik, 18 urtetik beherakoentzako Gazte Saria.