Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Zukafukamusuka», erotismoz bustitako hogei gerezi ale

Judit Ruiz de Munainen irudimenean sortutako hogei «ipuin, goxoki, gerezi» bildu ditu Txalaparta argitaletxeak «Zukafukamusuka» bilduma erotikoan. Egileak Patxi Zubizarreta izan du lagun ipuinok euskarara ekartzeko eta irudiak, aldiz, Jokin Mitxelenak sortu ditu.

Grina eta pultsioen mundurako atea zabaldu du berriro ere Txalaparta argitaletxeak, Literotura bildumako ale berri batekin: “Zukafukamusuka”. Judit Ruiz de Munainek idatzitako hogei ipuin erotikok osatzen dute bildumaren oinarria baina proiektua argitalpen bilakatzeko bidean lagun izan ditu Patxi Zubizarreta idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea.

«Nahiko atrebentzia da nire partetik argitaratzen dudan lehen liburua erotikoa izatea», iritzi zion irribarre artean Ruiz de Munainek, eta azaldu zuen orain bi urte hasi zela literatura erotikoa idazten. Ipuin sorta osatu zuela konturatzean, esku artean zerbait izan zezakeela pentsatu eta Jokin Mitxelenari erakutsi zizkion aleak, «baina konturatzen nintzen ez neukala euskaraz idazteko nahikoa mailarik, hiztegia falta zitzaidala», eta Patxi Zubizarreta sartu zen jokoan; segidan eman zuen baiezkoa. Proiektu osatuarekin, Mikel Soto editorearengana jo zuten, Txalapartaren bilduma erotikoan lekurik izango zuelakoan: «Mikelek ere kalitatea eta potentzia ikusi zizkion, eta aurrera egin genuen», esan zuen Mitxelenak.

Ruiz de Munainek azaldu zuenez, ipuinetan edozein pertsonaren irudimenetik pasatu daitezkeen pasarteak islatzen dira: «Edozeinek eduki ditzakeen pultsioak dira, nahiko unibertsalak, trenean, hondartzan... egunerokotasunean gerta daitezkeenak». Zubizarretak «ukitu poetikoa» eman die kontakizunei eta Mitxelenak, aldiz, grina horiek islatzen dituzten ilustrazio esplizituak osatu ditu, grabatzaile japoniarren shunga estiloa erabilita. «Marrazkilariari beti nahi izan duena eskaini zaio», baieztatu zuen Mitxelenak, eta aurretik liburu erotikoak ilustratua bada ere oraingoan libre sentitu dela esan zuen: «Ez dut inolako mugarik izan, ez taburik, ez limitaziorik».

Musuak baino gehiago

Bere aldetik, hizkuntza zaintzea eta kontakizunei bere ukitu pertsonala ematea izan du ardura Zubizarretak eta hogei ipuinak «goxokiak, gereziak» direla alderatu zuen. «‘Kutsidazu bidea’ren ostean Joserra Gartziak esan zuen ‘eta izan zen musurik’ zela euskal esaldi erotikoena. Mila eta bat aldiz erotikoagoa da hau, ze esplizitua da», azaldu zuen.

Mitxelenaren gisara, bera ere itzulpena egitean aske sentitu dela ziurtatu zuen, Andu Lertxundiren hitzak gogora ekarrita: «Berari irakurri diot bridarik gabe ibiltzearena. Bridatzea da gizarte honetan tokatzen zaiguna, eta nik ere nire erara itzuli dut testua, erosoen sentitzen nintzen modura. Asko gozatu dut askatasun horrekin».