Patxi GAZTELUMENDI
DURANGO
Elkarrizketa
PADDY REKALDE
IDAZLEA

«Nagusientzako testu eta lanak ondo bereizten ditut publiko gazteagoarentzat diren ipuinetatik»

«Eta sagarrondoa banintz?» hirugarren ipuin liburuari buruz berba egiteko elkartu gara Paddy Rekalderekin Durangon. Liburua irakurri ostean, Hitz liburu dendan erosi berri dugun lau poemaz osatutako binilozko single berriaz ere mintzatu zaigu. Dub erritmoa ondoko kamioiak jarri du.

Nolatan «Eta sagarrondoa banintz?»?

Argitaratu dudan hirugarren haurrentzako liburua izan arren, idatzi nuen lehenengoa izan zen “Eta sagarrondoa banintz?” ipuina. Gure etxeko txikiaren anekdota baten gainean idatzitakoa da; sagar haziak irentsi eta buruari buelta batzuk eman genizkion, irudimena landuz, adinak dakartzan bestelako asmoekin tartekatuta… niri ere liburu baterako ideia izan zitekeela iruditu zitzaidan. Horrela hasi ginen istorio laburtxo hau osatzen.

Umeentzako ipuin honetan beldurra eta ilusioa uztartzen dituzu. Haur literaturak halakorik sortu dizu?

Duela urtebete hasi nintzen haurrentzako liburuak argitaratzen. Duela bi urteko Azokan, Xabier Mendiguren Elkar-eko editoreari ipuin batzuk banituela esan nion, eta bidaltzeko esan zidan berak. Ipuin guztiei baietz esan zien, eta apurka-apurka argitaratzen ari gara. Hau hirugarrena da, eta uda ostean plazaratuko da hurrengoa.

Ni literaturazalea izanik, zaletasun horretan haur literaturak ere bere garrantzia izan du, are gehiago irakaslea izan eta etxean umeak izanda. Haur literaturaren zaletasuna seme-alabekin garatu dut gerora. Batzuetan nik irakurri izan diet libururen bat, eta beste askotan nik asmatu izan dizkiet istorioak. Beti izan dut zaletasun hori, baina halako batean, argitaratzeko idaztera animatu nintzen.

Zelan moldatu zara haur literaturara jauzi eginda, aurretik beti helduen literaturaren eremuan ibili ostean?

Nire ustez, gai naiz helduak eta haurrak bereizteko. Eta alde horretatik nagusientzako testu eta lanak ondo bereizten ditut gazteagoentzako idazten diren ipuinetatik; izan gai aldetik, izan estilo aldetik, edota berba bolumena eta gazteen burmuina edo bihotza zirikatzerako orduan. Zeregin horretan gustura aritzen naiz gainera. Aldea dago nagusientzat idatzi edo txikientzat egitean, argi dago.

Diozunez gehiago argitaratzeko asmoa ere baduzu, ezta?

Bai, orain dator laugarrena. Uda ostean argitaratuko du Elkar argitaletxeak, eta Jokin Mitxelena izango da marrazkilaria. Baditut beste proiektu batzuk bidean, horretan hasi eta sekulako aldartea topatu nuelako, eta halako sumendi bat sortu zen neure baitan, gustura ari naizen seinale. Inoiz haur eta gazteentzat idatzi gabea nintzen, eta egia esan oso gustukoa dut langintza hau ere.

Sasoi berean single bat argitaratu duzu Itsua izeneko DJ eta musika elektroniko sortzailearekin; bertan, lau poema errezitatu dituzu.

Urrunetik datorren kontua da hori. Duela zortzi-hamar bat urte inguru poesia eta musika elektronikoa uztartzen hasi nintzen, grafitigileekin batera. Peru Madalenak eta Gotzon Garaizabalek margotu egiten zuten eta Ander Garaizabal musika jartzen aritzen zen, Katza ere etortzen zen gurekin… oso oroitzapen onak ditut garai horretatik. Ni poesiazalea izan naizen neurrian hutsune hori ikusten nuen, normalean poesia beti giro gozo, atsegin eta intimo batekin lotu izan da.

Ez nuen bestelako girorik ikusten hemen, baina ezagutzen nuen beste leku batzuetan egiten zena: 80ko hamarkadan, adibidez, dub poetry-a oso emankorra izan zen Londresen. Nik neuk Susa argitaletxearen bitartez ezagutu nuen dub poetry-a, Xabier Montoiak itzulitako Linton Kwesi Johnsonen poemetatik. Musika mota horren zalea izanik, horrelako zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan. Nik idazten dudan poesiak musika horretan girotua behar zuela uste izan nuen.

Itsua Durangon bizi den musikaria da. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Elkarri lanak pasatzen hasi ginen une batean, eta berak gauza asko argitaratzen ditu Beat Salad records zigiluarekin. Nik neure poemak eta liburuak pasatzen nizkion irakur zitzan. Eta berak bere kantu eta base elektronikoak, entzun nitzan. Dagoeneko bi poesia liburu plazaratu ditut Susa argitaletxearekin: “Bilbo dub kronikak” eta “Spray”. Horrela, gu biok bere lokalean proba batzuk egiten hasi ginen, poemak eta dub eta drum&bass doinuak nahastuz. Grabatu eta argitaratu egin ditugu. Eta bera diskoa zabaltzen hasi denean konturatu gara oso harrera ona duela diskoak. Lau poema argitaratu ditut single batean.

 

Diskoaren helburua zein da?

Poesia molde berrietan agertzea. Normalean poesia liburuetan baino ez da aurkitzen. Baina hau beste bide bat jorratzea izan da. Irratietan, tabernan edo etxean entzuteko interesgarria izan daiteke. Horretan saiatu gara.

Hasiera batean probak egiten hasi ginen estudioan, eta halako batean gustura geratu ginen emaitzarekin. Kanturen bat sare sozialetan jarri, hara eta hona bidaltzen hasi eta badirudi jendearen gustukoa izan dela. Grabatu ostean pentsatu genuen biniloan argitaratzea. Orain biniloak gero eta gehiago argitaratzen dira, eta lau poema hauek ere single batera ekarri ditugu. Ez da etxe guztietan entzun daitekeena, badakit, baina aukera ederra iruditu zitzaidan.

Ez da poema irakurraldi soil bat, kantuetan detaile txiki asko sumatzen dira. Geruza asko ditu kantu edo track bakoitzak. Musikak oso aintzat hartu ditu testuak.

Itsuak poemak irakurri eta ezagutzen zituen musika sortzen hasi aurretik. Hainbat emanaldi egin ditugu grabatu aurretik ere eta ideiak batzen joan gara. Hemen hau gehitu, beste honetan beste hori sartu beharko genuke... Efektuak, hiriaren giroa… espraiaren hotsa. Gauza eta detaile txiki asko gehitu dizkiogu estudioan bertan. Musika egiteaz gain, poema bakoitzari halako jantzi osagarri bat gehitu dio Itsuak. Ni ere oso gustura geratu naiz hartu duen tankerarekin.

Zuzenean eskainiko duzue?

Irail hasieran Donostiako Victoria Eugeniako klubean egongo gara, eta Bilbon izango diren poesiari buruzko jardunaldi batzuetarako ere deitu gaituzte. Gaur egun slam poetry delakoak nahiko bide egin duenez, gureak ere lekua egingo duelakoan nago. Beste hiri batzuetan horrelako ekitaldiak egoten dira. Gu ere saiatuko gara hau zabaltzen.

Nolako harrera izan du artefaktu honek?

Jendeari asko gustatu zaio. Badira «ze gauza ona eta berezia» esanez hurbildu direnak. Ondo irakurri dudala pentsatu beharko dut, edo ahotsa gustatu zaiela. Ni ere pozik geratu naiz. Saldu ere egin dira batzuk dagoeneko, eta oihartzuna izaten ari da. Aurreko batean Zaragozako irrati batetik deitu gintuzten, “Justicia poética” izeneko irratsaiotik. Poemak gaztelaniaz itzulita bota genizkien, eta badirudi atseginez irakurri zituztela.

Hemendik kanpo aspaldidanik bilatzen ari dira bestelako molde batzuk poesiarako. Poesiaren inguruan ekimen asko daude slam poetry edo dub poetry deitu izan direnen gisakoak; beraz, pentsatu nahi dut gure lanak harrera ona izango duela halakoetan.

«Juke box ekaitza» sinadurarekin argitaratu dituzu poema hauek.

Asko gustatzen zaidan irudia da juke box makinarena, diskoak jartzen dituen kutxa horrena. Eta aspaldian darabildan kontzeptua ere badela esango nuke. Nire lehen errezitaldiak eskaintzen hasi nintzenetik daukadan ideia hori bera baita. Eta zuzeneko emanaldietan hori eskaintzen saiatzen gara; poesia musikarekin uztartuta, eta grafiti batek lagundua. Dekoratu urbano bat eskaintzen saiatzen gara, poesiarekin batera.

Gaur egun Paddy Rekalde zer da haur literatura idazlea, poeta edo zuzeneko errezitatzailea?

«Izkiriatzailea» esango luke Joseba Sarrionandiak. Ni azken batean literaturazalea naiz. Eta horrek dakar batzuetan narrazioren bat idaztea, narrazioak irakurtzea, nobela batean murgiltzea, poesia idatzi eta publikoan ematea, poesia musikarekin nahastea. Ni beti literaturarekin lotzen banaute ere, ni betidanik oso musikazalea izan naiz.

Gaur egun zer da idaztea zuretzat?

Azken batean, gizartearen alde humanoa islatzea da niretzat idaztea. Horrek dakarren pozarekin eta tristurarekin. Eta nire ezaugarria ere bada hainbat gauza aldarrikatzea. Nik gizarte honetatik idazten dut, bere arazo eta zera guztiekin. Literatura horren berri emateko baliatzen dut. Salatzeko zein laztantzeko.

Eta nola bizi duzu idazletza?

Oso modu lasaian. Hasiera baten zirimola batean sartzen zara. Berria zarenean badago halako interes bat zer berri eskaini dezakezun ikusteko. Une honetan, nire adinekook beste lasaitasun batetik idazten dugula uste dut. Eta sarritan errepikatzeko beldurra daukazu. Horregatik, poemak idazten ditudanean zerbait berria eskaini nahiko nuke. Ez dut Ramones bezalakoa izan nahi, beti kantu bera egiten. Estiloa mantenduz, bestelako molde bat asmatzen saiatu nahiko nuke.

 

«Nire literaturan ezaugarriren bat badago hori musikaren eta hiriaren presentzia konstantea da»

Bilbotik edan eta idatzi duen idazlea da Paddy Rekalde. Eta entzuteko moduko testuak sortu ditu bere literatura ibilbidean. Hiria presente dago bere literaturan. Eta musika dario bere literatura sorkuntza guztiari. 1997. urtean AEKrekin “Aizu Paddy!” lana argitaratu zuenetik, oso presente dago musika bere lanetan. 2002an Txalapartarekin argitaratutako “Rebel Mayo Colorao” nobelan adibidez Irlandako kantu tradizionalak itzuli eta liburuan gehitu zituen.

«Ezingo nuke esan zein den arrazoi ezkutua, baina ‘Rebel Mayo Colorao’ idatzi nuenean kantu irlandarrek janzten zuten nobelaren giroa, eta letrak eskani nahi nituen. Ez hori bakarrik, Txalapartakoek 200 CD argitaratu zituzten kantuekin, erosleei Durangon oparitzeko».

“Bilbao dub kronikak” poesia liburua argitaratu zuen 2004an Susarekin. Izenburutik bertatik dub doinuak. Eta The Clash taldearen kantuen aipamenak poema artean. Musikaltasuna, musika doinu, talde eta erreferentzietan bilatua. Egileak berak une batez bere ibilbidea errepasatu eta zera bota digu: «Nire literaturan ezaugarriren bat badago hori musikaren eta hiriaren presentzia konstantea da». “Ragga-ragga dator gaua” nobelan berriz, boxeo kontuekin batera Txirene irrati libreko saioak zuzenean biziko ditu irakurleak, eta bertan musikak presentzia nabarmena dauka. Kantuak entzuteko, Fun Da Mental edo The Clash taldearen kantuen letrak izkiriatuko dizkizu testuen artean. Eta handik gutxira Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen liburuetako batean The Clash taldearen biografia idaztea eskatu zioten. Nola bestela. «Dozena erdi liburu ditut argitaratuta eta guztietan dago presente musika», aitortzen du Paddyk, binilozko diskoari buelta eman aurretik. Lau poema, bere bi poesia liburuetakoak. Eta letren azpian doinu elektronikoak. drum&bass atsegin bat.P.G.