Maite UBIRIA BEAUMONT
AITZINAREN MOBILIZAZIOA

ORAINETIK GERORA, BURUJABETZA ERAIKIZ

DENAK GIRA GAZTERIA» OIHUA ZABALDUZ BERE IBILBIDEARI HASIERA EMAN ZIONETIK LAU URTE IGARO DIRENEAN «GUK EUSKAL HERRIA» LELOA LAU HAIZETARA ZABALDU ZUEN ATZO AITZINAK. UZTAILAREN 14AK ORDEZKATZEN DUEN «UKAZIOA» SALATZEKO EKINTZA IKUSGARRIAK EGIN ZITUEN GAZTE ANTOLAKUNDEAK DONIBANE LOHIZUNEN.

«Gure korapiloak diren bi estatu, noiz ikasiko dugu nola askatu?», galdetu zuen Aitor Servier Aitzinako bozeramaileak Hondartza Handia eta Louis XIV.aren plaza lotu zituen martxaren amaieran hitza hartzean, parte hartu zuten 200 lagunak ekimena hasi aurretik jaso zituzten koloretako lokarrien laguntzaz oholtza ondoan ezarritako muralean “Guk EH” leloa osatzera gonbidatuz.

«Batek loturik deino, ez gara libre izango» jarraitu zuen hizlariak, lehenik eta behin gogoan hartuta «Frantzian eta Espainian bahituak diren militante politiko guztiak». Konponbidearen gosez, Hiriburun dagoeneko astebete baraurik bete duten lau gazteei «besarkadarik beroena» bidalita, ondoren.

Martxa abiatu aitzin Uztailaren 14a «heriotza programatuaren eguna» bataiatu zuen Hegoa Baños gazte antolakundeko ordezkariak. Hartara, martxan gazteak prekaritatera kondenatzen dituen sistemak dakartzan beste zenbait gaitz irudikatu zituzten horretarako hiru ekintza irudimentsu burutuz.

Izan ere, manifestari batzuek «independentzia» hitzaren hizki erraldoiak erakutsiz Hondartza Handian ibilaldia egin zuten. Anartean, beste bi taldek hiri barrenera jo zuten. Bata, Societe Generale banketxearen atarian gelditu zen. Bertan, gazte batzuek Emmanuel Macron frantses presidentearen eta Medef enpresari handien elkarteko buru den Pierre Gattaz-en erretratuak itsatsi zituzten berinetan eta inguruan zegoen jendeak arrautzak bota zizkieten.

«Mission Pays Basque»

Ordurako, metro gutxira, turismo bulegoan, beste talde batek Euskal Herriari buruzko hamaika estereotipo zabaltzen duen “Mission Pays Basque” filmaren afixa «tuneatu» zuen.

“Mission Speculation & Folkloritation” da «remake» horren izenburu berria. Parodia frantsesari euskal umoreaz erantzunez, asimilazio arriskuaz ohartarazi zuten. Martxan zein ekimen horietan, oraina iluna izanik ere geroa burujabe eraikitzeko prest direla adierazi zuten Aitzinako gazteek.