Patxi GAZTELUMENDI
EA-KO POESIA EGUNAK

LITERATURAK ETA ARTEAK BAT EGIN DUTE ITSASO AURREAN

MARRAZKIA AZALEAN, AZALA HITZETAN» GOIBURUPEAN, 14. POESIA EGUNAK ASTEBURU HONETAN EAN. ARTEAK ETA ZUZENEKO MARRAZKIAK PAPER BEREZIA BETE DUTE AURTENGOAN. IRUDIMENA NAGUSITU DA POESIAREN EREMUAN. IRUDIAK, DANTZA, MUSIKA ETA ANTZERKIA ERE POESIA DIRA.

Dario Fo eta Franca Rame izan dira eszenatoki gainera igotzen lehenengoak. Italieraz eta euskaraz agurtu dute ikusleria Mikel Martinez eta Irati Agirrezaldegi aktoreek. Urtebete da Dario Fo hil zela, eta duela lau urte esan zigun agur Franca Ramek. Biek dute gogoan, eta elkarren testuak gogoratzen eta antzezten hasi dira bi aktoreak. Paperak trukatu dituzte, testuak irakurri, buruz deklamatu zenbait.

Gabriel Aresti izan da hurbiltzen hurrengoa. Duela 80 urteko Gernika bonbardatua ekarri du bere ahotsak. Mikel Martinez aktoreak aski izan du betaurreko batzuk janztea, ahotsa apur bat aldatzea “Oskorri gaitz” eta “Deabruaren agoan” gogora ekartzeko. Aresti Eara itzuli da urte batzuk beranduago, 1937ko Gernika gogoan hartuz.

Mendez Ferrin, Gabriel Aresti eta Joseba Sarrionandia elkartu ditu gero Eskolapean Isaac Xubin poeta eta itzultzaile galiziarrak. Katalanez abiatu du errezitaldia, galiziera atsegin batean jarraituz, eta entzuleek gogotsu jarraitu dute jardun osoa. Sarriren poemak ezagutzen errazak zaizkio poesiazaleari galizieraz ere. Isaac Xubinek maisuki, paperik gabe eta buruz botatzen ditu poemak, bata bestearen atzetik. Etorria dauka. Jarioa. Kontalari aparta da Xubin.

Errimek jarri diote doinua gauari. Poemak, kantuak, bertsioak eta pop doinuak bafleetatik. Gauerdia da eta poesia giroa egiten du Ean, kalean. Ostiralak askorako eman du, eta hasi besterik ez da egin asteburuko jaialdia.

Irudi poetikoak

Egunak ihesi doaz Ean, poesia artean. Xabier Gantzarainek areto bete jende dauka larunbat goizean. Artea eta literatura, zaldien bidez adierazia. Pinturaren historia bat. Irudi poetikoei buruzko solasaldi bat. Gogoetak, Anariren kantua eta irudiak. Zaldiak eta artea gure artean. Sekulako hitzaldi atsegina. Datorren urteko “Zaldiarri” liburuxkan berriz irakurri ahalko duguna.

Itsaso aurrean Alfonsina Storniren poemak aditu ditugu. Uxue Alberdik euskarari ekarriak. Munduko poesia eta argentinar tangoak Iñaki Zabaletak eskusoinuarekin eskainiak. Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo zuzeneko margolan bat egiten. Hantxe bertan Irudi poetikoak. Poesia moilan. Itsasoa eta Storni. Zer gehiago behar da zoriontsu izateko?

Gaur jarraitzen du jardunak. Poesia egunak.