Haritz LARRAÑAGA
Hiriburu
PRESOEN AUZIA

GORPUTZAK AHULTZEN, PRESOEN ALDEKO DINAMIKA INDARTZEN

Baraualdia hasi zutenetik hamar egun iragan direnea, Hiriburun diren lau gazteen gorputzak ahultzen doaz, baina euskal presoen aldeko dinamika indar hartzen ari da. Jada eragile andana interpelatu eta babes zabala jaso dute. Gazte frontea forma hartzen hasi da.

Datorren larunbat goizean prentsaurrekoa emanda amaituko da Hiriburun lau gazte egiten ari diren baraualdia, baina ez da hor bukatuko Ipar Euskal Herriko gazteak euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak amai daitezen egiten ari diren dinamika. Izan ere, ekimen hau amaitu ostean gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean lan egingo duen gazte fronte bat jarriko dute martxan.

«Gazteria zabala interpelatzea, Parisen abenduaren 9an egingo den mobilizaziorako deialdiarekin bat egitea eta eragile desberdinak aldarri horrekin lotzea» ziren baraualdiarekin abiatu zuten dinamikaren bitartez lortu nahi zituzten hiru helburuak. Oraindik ez da amaitu baraua, baina «momentuz esan dezakegu, bai gizarte zibilari begira, eta zehatzago gazte eragileei begira, egindako lanari esker gure helburuak hein handi batean lortu ditugula», nabarmendu du, Unai Arkauz, baraualdian diren lau bozeramaileetako batek.

 

gero eta esparru zabalagoetara

Urtarrilean hasi ziren prestaketa lanak. Euskaldun Gazteria, EHZ eta Aitzina gazte erakundeko kideak elkartu ziren ahalik eta gazte esparru zabalena ordezkatuko duen mugimendu bat eratzeko. Baraualdian direnek bozeramaile lanak egiten dituzte, baina horiekin batera komunikazio taldea, harrera taldea eta interpelazio taldea atsedenik gabe lanean ari dira. Guztira 30 bat lagun ari dira iraunkorki lanean, baina helburua ahalik eta eragile gehien inplikatuko dituen dinamika bat eratzea da.

Bostehun eragilez osatutako zerrenda esku artean zutela ekin zioten interpelazio kanpainari. «Lehenik esaten diegu baraualdian gauden lau gazte garela, horrela haien arreta geureganatzen dugu. Jarraian esaten diegu ekimen hau erabiltzen dugula presoen urgentziazko egoera larria azaleratzeko, eta etorkizuneko belaunaldi garen heinean bake prozesuari gure ekarpena egiteko ardura daukagula. Gure aldarrikapenen berri eman ostean, gurekin lan egiteko konpromisoa hartzeko eskatzen diegu. Hiru edo lau egunen buruan erantzuten digute normalean», kontatu du Arkauzek.

Baraualdian dauden gazteen aldarrikapenak ezagunak dira: «Estatu frantsesean diren euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak amaitzea, larri diren preso gaixoak askatzea, baldintzapeko askatasunean izan daitezkeen presoak askatzea eta dispertsioa amaitzea». Alta, Arkauzek onartzen du jende askok ez duela presoen gaia ezagutzen, eta horregatik hau nabarmendu du: «Eragile bateko ordezkaria deitzen dugunean ez dugu nahi bere atxikimendua bakarrik, pertsona horrek bere taldeko kideekin hitz egiteko denbora hartzea nahi dugu, gure aldarrikapenaren berri eman dezala, eta gero berriz ere gurekin harremanetan jar dadila».

Orain artean eragile aunitz hurbildu da baraualdia egiten ari diren gazteekin hitz egitera. Kasu batzuetan ordezkari esanguratsuak izan dira, jende ezaguna, esparru desberdinetakoa, baina gazteak ez dira konformatzen, «esparru zabalagoetara jo nahi dugu». Ondorioz, Arkauzek jakinarazi du ondorengo egunetan interpelazio dinamikarekin jarraitzeko asmoa dutela: «Baiezkoa lortzea zailagoa den eremuetara deituko dugu, alderdi politikoetako gazte adar guztiekin jarriko gara harremanetan, sozialistak, komunistak, Macronen alderdiko gazteak, eta abar. Hor ikusiko dugu ildo ofizialaz aparte, gazteak zer egiteko prest dauden».

Dinamika berri bat gorpuzten

Interpelatutako eragileek proposatutako aldarrikapenekin bat egiten dutela erantzuten badute, lehen urrats gisara, uztailaren 22an goizeko hamarretan Hiriburun bertan egingo den prentsaurreko masiboan parte hartzera gonbidatzen dituzte, «dinamika berri baten hasiera markatzeko ahalik eta jende gehien biltzea oso garrantzitsua baita». Horrez gain, Arkauzen iritziz, «aurrera begira perspektibarekin jokatu behar da».

Bozeramaileak honako gogoeta egiten du: «Ikusi behar da elkarrekin zer egin dezakegun eta ardura zehatzagoak hartu behar dira. Adibidez, Pariseko mobilizaziorako autobusak antolatzeko ardura har dezakegu, edo gatazkaren konponbideari begira gazte fronteak hausnarketa talde bat sor dezake, baina momentuz pauso hau eman eta ondoren guztion artean ikusiko dugu honi segida nola ematen diogun».

Etorkizunari begira itxaropentsu

Forma hartzen hasi den gazte dinamika hau eta bake artisauena bereizi egiten ditu Arkauzek, «filosofian haiekin guztiz bat egiten dugun arren». «Bagenuen kezka, apirilaren 8a pasata, lanean aritu zirenek guztia amaitutzat emango ez ote zuten, baina ez da horrela izan, engaiatzen segitzen dute eta hurrengo etapa presoena finkatu dute; beraz, guk dinamika horrekin bat egiten dugu», esplikatu du baraualdiko bozeramaileak.

Hortaz, bake artisauek Parisera joateko egin duten deialdiarekin ere bat datoz eta, abagune politikoa behar bezala kudeatzeko gai izanez gero, urrats garrantzitsuak egin daitezkeela konbentzituta daude. Arkauzen aburuz, «Abenduaren 9ko mobilizazioak historikoa izan behar du. Parisera delegazio bat bidaltzea oso ongi dago, baina ez da aski. Euskal Herrian bertan zein Estatu frantsesean gizartea interpelatu eta gurekin bat egin dezan lanean jarraitu behar dugu».

Hamar egunez ura baino edan ez duenez ahuldadea nabaritzen duela aitortu du Arkauzek baina, hal ere, gogotsu eta itxaropentsu ageri da: «Lan asko dago egiteko, baina pauso garrantzitsuak emango direla uste dut. Agian epe motzean ez, baina ziur naiz aurrerago zerbait aldatzea lortuko dugula».