GARA
IRUÑEA

Genero ezberdintasuna handitzen ari da Nafarroako lan arloan, CCOOk dioenez

Emakumeen artean langabeziak gora egin duela eta oraindik gizon eta emakumeen soldaten artean aldea nabaria dagoela salatu zuen, eta egoera parekatzeko plan bat abian jartzea proposatu zuen.

CCOOek aditzera eman zuen lan eremuko alderdi garrantzitsuenetan genero ezberdintasuna areagotu egin dela Nafarroan azken urtean eta, egoeraren alde negatiboena langabezian sumatzen dela. Gizonezkoen langabezia jaitsi egin da eta emakumezkoen tasa %14,4raino hazi da, gizonezkoena (%7,2) baino 7 puntu gorago kokatuz. Hori horrela, egoera hobetzeko xedearekin, sindikatuak plan bat ezartzeko asmoa plazaratu du.

Beste alderdiei dagokienez eta 2015eko Soldaten Egiturari buruzko Urteko Inkestan ateratako emaitzen arabera, batzuen eta besteen soldaten arteko desberdintasuna oraindik ere nabaria da. Izan ere, batez beste, gizonezkoek emakumezkoek baino 8.000 euro gehiago irabazten dute urtean; edo bestela esanda, emakumezkoen diru-sarrerak %28,42an handitu behar dira parekotasun egoerara iristeko.

Era berean, Nafarroako emakumezkoen %37 lanaldi ez osoko lan jardunean dabiltza eta horietatik %57k lanaldi osoan lan egiteko nahia erakutsi dute, CCOOk helarazitako datuek esaten dutenez. Behin-behineko kontratua dutenen artean gizonezko gehiago agertzen badira ere, argitu nahi izan dute, ehunekoari erreparatuz gero, tasak emakumeena baino txikiago izaten jarraitzen duela. Hau da, emakumeen artean baino %1,5 kontratu finko gehiago daude gizonen artean.

Gobernuaren neurriak

Hori horrela, eta ikusiz lan eremuko alderdi guztietan genero ezberdintasuna nabaria dela, Berdintasunerako Plan Integrala martxan jartzea proposatzen du CCOOk. Horretarako, aldiz, alde enpresarialak eta ekonomikoak beraien kabuz ez dutela egoera aldatuko eta, beraz, gobernuak neurriak ezartzea funtsezkoa dela azpimarratu dute.