gara, donostia

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Agiri hau idatzi dugu Kepa del Hoyoren senide eta lagunei gure doluminik sentituenak helarazi asmoz. Begiak umeldu zaizkigu egunkarietan bere heriotzaren ingurukoak irakurri ditugun aldiro. Berarekin azken unean egon diren burkideei ere adorezko besarkada helarazi nahi diegu. Keparen seme Peruk esan duen bezala, bera izan dadila espainiar eta frantziar kartzeletako zementu eta burdinen artean bizitza galtzen azkena.

Kolektiboaren eztabaidaren ondorioen berri emateko argitaratutako agirian honela genioen hitzez hitz: «Estatu espainiarreko agintariek erabakia hartua dute gure hurkoak errepidean eta gutako norbait edo norbaitzuk kartzelan hil gaitezen. Sei istripu gertatu dira aurten. Ez da inor hil, baina gerta zitekeen». Gerta daiteke. Eta gertatu da; ez errepidean oraingoan, baina gerta daiteke hori ere. Edo berriro ere kartzelan.

Agiri horretan bertan genioen ere, jasotzen genituen berrien arabera, euskal jendartean indar politiko eta sozialak gero eta indar handiagoz ari zirela presoon eta gure hurkoen eskubideen alde ekinean. Geroztik, Hiriburuko gazteen gose-greba, Kalera Martxa, Hatortxu eta beste hainbat ekimen jendetsu eta arrakastatsu burutu dira. Parte hartu duzuen herritar guzti-guztiei gure eskerrik beroena helarazi nahi dizuegu.

Keparen heriotzak guztioi oroitarazi digu zein den errealitate gordina: oraindik ere sufrimendua eta mina eragiten ari da Estatua, gatazkaren alde batek ez du bere biolentzia indargabetu. Epaitegietan bizi-arteko zigorrak ezartzen jarraitzen du; Euskal Herrian, armak eskutan, jaun eta jabe direla erakusten jarraitzen dute. Gatazken ondorioen artean bada bat oraindik ere kaltetuak sortzen dituena, ez dena iragana: kartzelak.

EPPK-k eztabaida amaitu berri, ildo berritua indarrean jartzeko bitartekoak antolatzen hastekotan zen: txosten juridikoak herriratu, bitartekariekin eta herriko taldeekin harremanak berritu, kartzelaren erasoei aurre egiteko ildo berriari egokitutako ekimenak adostu, zuzendaritza berria hautatu. Keparen heriotzak egoeraren irakurketa zorrotzagoa egitera behartu gaitu.

Ezker abertzalea edota gure kontzientzia politikoa gure egoera bidegabearen erantzule direla sinetsarazi nahi dute. Zigortuak izateko indibidual bihurtzen duten erantzukizuna kolektibo bilakatzen dute gure askatasun zeruertza urruntzeko. Haurrak loarazteko ipuinak kontatzen dizkigute gure egoeraren alde egiten omen dutena auspotuz, zinez sakabanaketa eta deserriratzea kudeatzen jarraitzeko eginahalak egiten ari direnean.

Presoon Euskal Herriratzerako baldintzak aspalditxotik ongi beteak daudela deritzogu. Euskal gizartearen gehiengoak ere eskatzen du. Jakin dugu gure kaleratzea helmuga izango duen bide-orri bat osatzen ari direla eragile politiko eta sozialak eta Bakearen Artisauek epea jarria diote Gobernu frantsesari urruntzearekin amai dezan, preso politiko guztion askatasuna helburu. Larri gaixo dauden burkideen egoera ezin jasanekoa da oso aspalditik.

Guzti honen aurrean, EPPK ez da besoak gurutzatuta geldituko. Kolektiboak hausnartuko du aurrera begira bere jokamoldea zein izan behar den eta bideratuko dituen ekimenak zeintzuk izango diren. Oraingoz eta beste ezeren aurretik, hauexek dira urgentziaz eta premia handiz mahai gainean jarri eta aldarrikatu nahi ditugun oinarrizko lau puntuak:

1. Presoon kaleratzearen bide-orria adostea.

2. Euskal presoon Euskal Herriratzea.

3. Preso gaixoen eta adintsuen kaleratzea.

4. Agintariak Kolektiboaren ordezkaritzarekin harremanetan jartzea.

Bestalde, dagoeneko aurreratzen dugu abenduaren 9an, Pariseko manifestazioaren karietarat, bisita-greba egingo dugula.

Guztion ahaleginarekin amaituko dugu sakabanaketa eta deserriratzea. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikorik gabeko Euskal Herria!

Agur eta ohore, Kepa! Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2017ko abuztuan

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!