Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Baigorritik Barakaldora, Bertsolari Txapelketa Nagusia zazpi herrialdeetan

Historian lehen aldiz Euskal Herriko lurralde guztietan izango da saio bat gutxienez aurten burutuko den Euskal Herriko bertsolari txapelketaren 17. edizioan. Guztira 43 bertsolari lehiatuko dira Amets Arzallusek duela lau urte irabazitako txapelaren bila. Hiru hilabetez asteburuero izango dira saioak eta Barakaldoko BECen abenduaren 17an erabakiko da nor den txapelduna. Txikitik handira, txapelketa nagusi honek bertsoz jantziko da aurtengo udazkena.

Irailaren 23an Baigorriko ezkerparetan abiatuko den txapelketa «euskal kulturako ekimen hagitz garrantzitsua» dela esanez aurkeztu zuen Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunak 17. edizio hau. Berarekin batera izan dira herrialde guztietako elkarteetako arduradunak, talde antolatzaileko kideak eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria. 1935ean Basarrik txapela irabazi zuen hartatik beste hamabost txapel jokatu dira, eta 2017. urteko honetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetara hedatu dela azpimarratu gura izan zuten antolatzaileek.

Hiru hilabetez kantuan

Hamalau saio izango dira guztira: Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldoko BECen jokatuko den finala. Irailaren 23tik abenduaren 17ra, irailean, urrian eta azaroan asteburuero izango du bertsozaleak txapelketa jarraitzeko aukera. Bertsozale Elkarteak kudeatzen dituen Interneteko guneetan informazioa eta ikus-entzunezkoak eskainiko dira eta ETBk ere saio bereziak egingo ditu txapelketa astero jarraitu ahal izateko.

«Txapelketa nagusia ez da soilik lau urterik behin egiten den ekitaldi isolatu bat», adierazi zuen Rekondok, «urtez urte eta egunez egun, herrialde guztietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa» dela gaineratu zuen. Antolaketan ari den taldeaz gain, hemezortzi lagun dabiltza gai jartzaile taldean eta hogei kideko epaile taldea du txapelketak.

Unai Iturriaga eta Iñaki Gurrutxaga izan dira aurten parte hartzeari uko egin diotenak. Iturriagak aurreko finalaren ostean iragarri zuen bere asmoa eta Gurrutxagaren ordez Felix Zubia ariko da. 23 urte ditu txapelketako bertsolari gazteena den Miren Ibarluzeak eta 46 beteranoenak, Asier Otamendik.

Hizkuntzaren eremu osoan

Euskal Herri osoan ari da gaur egun lanean Bertsozale Elkartea, eta hainbat proiektu estrategiko ditu martxan arloz arlo: ikerkuntza, transmisioa, komunikazioa, hezkuntza arautua, bertso eskolak, Xenpelar dokumentazio zentroa, bertsolaritzaren inguruko datu basea, mundu mailako inprobisazioaren ingurukoa eta beste.

«Euskararen eremu osoan ari gara lanean urte osoan, eta horren isla da Bertsolari Txapelketa Nagusia ere», Jokin Castaños antolaketa taldeko kideak azpimarratu zuenaren arabera. Herrialde guztietan orotara 20.000 haur ari da hezkuntzan bertsolaritza lantzen eta euskal hedabideetan ere presentzia nabarmena du bat-bateko kantugintzaren alorrak. Txapelketarekin, zaletasunak bere une gorena bizi izaten du, eta une hori gozatzera gonbidatu zituzten euskaldunak.

Txapelketa nagusi honetan 36 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, guztira sei saio izango dira irail eta urrian burutuko direnak. Saio bakoitzeko irabazlea eta beste hamabi bertsolari igaroko dira finalaurrekoetara, eta bertan aurreko txapelketako zazpi bertsolariak gehituko zaizkie lehiara. Bi itzuli izango dira, lau saio batean eta beste hiru bigarrenean. 24 bertsolarietatik zazpik lortuko dute finalerako txartela. Finalerako txartela ziurtatuta duen bakarra Amets Arzallus 2013ko txapelduna da.

Serio eta pozik aldi berean

Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkezteko orduan Bertsozale Elkarteko kideak bakarrik agertu ziren Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian. Horrelakoetan maiz instituzioetako eta enpresa laguntzaileetako arduradunak izan ohi dira. Euskaraz bakarrik jardun ziren agerraldi nagusian eta ostean egin zituzten erdarazko adierazpenak eledunek.

«Serio gaude, besteak beste ez gaudelako egunero jendaurrean eta prentsaren aurrean hizketan aritzera ohituta, eta kultur mailako ekintza indartsua delako ere serio gaude», esanez aritu zen Iñaki Murua aurkezpenaren amaiera aldera. Baina era berean poztasunerako arrazoiak ere badituztela nabarmendu gura izan zuen. «Euskal kulturaren esparruan eragin handia duen ekintza bat antolatzen ari garelako pozik gaude, egitasmo honek indarra eman behar digu lanean jarraitzeko», esanez bukatu zuen solasaldia. Iñaki Muruaren ustez, «bertsolaritza bizi den seinale da Euskal Herriko zazpi lurraldeetara heldu izana txapelketa, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta gainera». Saioen hurrenkera, datak eta bertsolariak ematearekin batera, aurtengo kartel eta doinuaren egiletzak ere ezagutzera eman zituzten. Lankuk egin du aurtengo iruditeria eta Paxkal Irigoien Nafarroa Behereko musikariak sortu sintonia.

Azterketa soziologikoa

1994an eta 2006an egin zen moduan, aurtengo txapelketa ere bertsolaritzari buruzko azterketa soziologikoa egiteko baliatuko da, saio ezberdinetan entzuleei inkestak egingo zaizkie. Bertsozalearen profil eta kezka zein zaletasunak ezagutzeko balioko du azterketa honek. Modu berean, aurten ere ez dira faltako nazioartetik hurbilduko diren atzerriko inprobisatzaileak, ezta hizkuntzaren kirol nazionala aztertuko duen ikerlaririk ere. Bertso giroa, kalean, ostatuetan, frontoietan, BEC bezalako gune erraldoian eta unibertsitateetako laborategietan ere izango da aurki.

Bertsozaleak oro har eta bazkideak bereziki zaindu nahi ditu Bertsozale Elkarteak, eta aurten bonu berezia plazaratuko da finalera arteko saio guztiak txartel bakarrarekin ikusi ahal izateko. 80 euroren truke, bazkideek txartel hori eskuratu eta hamahiru saio ikusteko aukera izango dute. Finala ikusteko, ordea, berriz ordaindu beharko dute. Sarrerak eskuratzeko orduan ere bazkideek lehentasuna izango dute, eta leihatila elektronikoan ez ezik, fisikoki ere erosi ahal izango dira.

 

EGUTEGIA

FINAL-LAURDENAK

Baigorri

09/23

Aimar Karrika, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola, Xabi Maia.

Segura

09/30

Ander Fuentes “Itturri”, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi.

Leitza 10/01

Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Unai Agirre.

Zalla 10/07

Eneko Abasolo “Abarkas”, Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea, Onintza Enbeita.

Zumaia 10/08

Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Ibarzabal.

Tolosa 10/14

Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus, Xabat Galletebeitia.

FINALERDIAK

Bastida

10/28

Igor Elortza, Sustrai Colina.

Irun

11/01

Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio.

Maule-Lextarre 11/04

Beñat Gaztelumendi.

Durango 11/12

Aitor Mendiluze.

Amurrio 11/19

 

Donibane Lohizune 11/26

 

Iruñea 12/02

 

FINALA

Barakaldo 2017/12/17