Ion SALGADO
14 EGUN ERREFERENDUMERAKO

KATALUNIAN BAI, ETA EUSKAL HERRIAN?

Julen NAFARRATE

«Aktibatzen ez bagara, ezinezkoa da Katalunian egin dutena hemen egitea»

1.- Inbidia pixka batekin ikusten dut Katalunian egiten ari direna; aurrera egin dute eta aurreratu egin gaituzte. Baina ilusioz ere ikusten dut egin duten ibilbidea; izan ere, duela hamabost urte Katalunian inork ez zuen espero halako prozesu bat martxan jartzea. Nik oso konbentzituta ikusten ditut, eta uste dut Estatuak ez zuela espero amaieraraino heltzea, azkenean kataluniarrek edukiko dutela aukera bozkatzeko. Urriaren 1ean Kataluniara joateko asmoa daukat.

2.- Hemen ikusten dugu baldintzak egon ahal direla halako edozer egiteko. Baina halako prozesu bat martxan jartzeko aktibatu egin behar gara. Eta horregatik etorri gara hona, Bilbora. Aktibatzen ez bagara, ezinezkoa da Katalunian egin dutena hemen egitea. Katalunian oso garrantzitsua da ANC-k eta beste eragile batzuek gizartea mugiarazteko egin duten lana. Euskal Herriaren kasuan ere gure esku dago aurrera egitea. Horretarako ilusioa berreskuratu behar dugu; trantsizio momentu bat bizi dugu eta orain momentu ezin hobea da ilusioa berreskuratzeko eta lanean hasteko. Kalera atera behar gara eta lan egin behar dugu.

Maria Luisa ORMAZABAL

«Nahi nuke dena ondo bukatzea eta Kataluniako herritarrek bozkatzea»

1.- Zaila ikusten dut Kataluniako herritarrek martxan jarri duten prozesua, baina badirudi badutela zerbait gordeta aurrera egiteko eta zain gaude, adi-adi, ea zer egiten duten. Nik behintzat nahi nuke dena ondo bukatzea eta Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea, baina ez dakit nola amaituko den. Ez dakit ze karta duten gordeta.

2.- Gustatuko litzaidake beraiek martxan jarri duten prozesua Euskal Herrian ere martxan jartzea. Baina badirudi oraindik ikasten ari garela. Zaila dago halako prozesua aurrera eramatea eta zaila izango da etorkizunean, baina pausoz pauso aurrera egiten badugu lortuko dugula uste dut. Katalunian gertatzen ari dena adibide ona izan daiteke Euskal Herriarentzat.

Iñaki GIL

«Beraiek egin duten prozesua kontuan hartu eta ikasi egin behar dugu»

1.- Nik uste dut Katalunian azken punturaino helduko direla. Jende asko dago bertan lan egiten eta dena ematen prozesu horrek aurrera egin dezan, eta, nire ustez, azken punturaino helduko dira. Baina ez dakit helburua lortuko duten, zalantzak ditut.

2.- Bai, horretan gaude Euskal Herrian. Dena den, hemen ez dugu egingo beraiek egin duten bezala, ez dugu egingo Katalunian egin duten gauza bera. Halere, beraiek egin duten prozesua kontuan hartu behar dugu, eta horretatik ikasi behar dugu guk ere aurrera egiteko.

Begotxu OLAIZOLA

«Urriaren 2an tonto aurpegia geratuko zaigu zer egin duten ikusitakoan»

1.- Katalunian lezio handia ematen ari dira; lasaitasun handiz eta era transbertsal batean aurrera egin dute. Era zibiko batean erreferendum bat gauzatuko dute. Ziurra da hori. Eta guk inbidia pixka bat sentituko dugu. Urriaren 2an tonto aurpegia geratuko zaigu zer egin duten ikusten dugunean.

2.- Katalunia adibide bat izan daiteke Euskal Herriarentzat, baina ezin dugu mimetismoz hartu kontua, historia ezberdina dugulako eta herri ezberdinak garelako. Baina ikasi ahal dugu horretatik. Dena den, guk Euskal Herrian lan handia daukagu. Lehenik eta behin, gure artean batu behar dugu, gure interes batzuk alde batera utzi behar ditugu aurrera egiteko, eta bide luzea daukagu memoria historikoaren arloan. Gure bidea ezberdina izango da, baina beraien tresnak edo baliabideak kontuan izan behar ditugu ideiak hartzeko.

Aitor SUKIA

« Jendeak kontzientzia hartu ostean indar handiagoa izango dugu aurrera egiteko»

1.- Aurrerapauso garrantzitsua da, aldebakartasunetik sortutako prozesua delako. Eta zaila da esatea gaur egun noraino iritsiko den prozesua. Ez dakigu aurrera jarraituko duen, ezta herriak hartuko duen erabakia loteslea izango den ere. Espero dut baliagarria izatea eta independentzia lortzea.

2.- Nire ustez, posible da halako prozesu bat martxan jartzea Euskal Herrian. Uste dut gai garela horretarako. Egia da agian indar handiagoa falta zaigula, baina euskal herritarrok gai gara halako prozesua aurrera eramateko. Indarrak batu behar ditugu, jendea kontzientziatu behar dugu. Jendeak kontzientzia hartu ostean indar handiagoa izango dugu Euskal Herrian aurrerapausoak emateko, Katalunian egin duten bezala.

Silvia FORMENTI

«Kataluniako prozesua konplexua da, eta hemengo egoera ezberdina da»

1.- Kataluniako prozesua oso finkatuta dago. Martxan dagoen gurpil bat da, eta nahiz eta batzuek makilak sartu, gurpila aurrera doa. Egoera guztiak aztertu dituzte, eta makila bakoitzaren aurrean badakite ze irtenbideri jarraitu behar dioten. Hala, euren bidean agertzen diren oztopo guztiak gainditzen dituzte. Nik, egia esan, konfiantzaz ikusten dut Kataluniako prozesua; lasaitasuna hautematen dut. Eta orain dagoen eszeptizismoa desagertu egingo da pixkanaka, eta jendeak bozkatu egingo du urriaren 1ean. Ez dago beste aukerarik.

2.- Gaur egun ez dakit. Kataluniako prozesua konplexua da, eta hemengo egoera ezberdina da. Kataluniako prozesua gizartetik hasi da, eta hemen ez da gauza bera gertatu. Honelako manifestazioak pauso garrantzitsuak dira gizartea pizteko.

Fermin RUBIRALTA

«Indar politiko eta sozialek akordio bat adostu behar dute aurrera egiteko»

1.- Kataluniako prozesua geldiezina da. Jendea kalera ateratzeko prest dago eta hau aurrera joango da. Zalantza da jakitea noiz eseriko diren hitz egiteko eta gauzak egin behar diren moduan egiteko. Baina bozkatu bozkatuko dute Katalunian.

2.- Gustatuko litzaidake Katalunian martxan dagoen prozesua bezalakoa abiaraztea Euskal Herrian. Horrek krisi sakona eragingo luke Espainiako proiektu nazionalean. Bigarren frontea irekiko luke. Baina horretarako gure prozesua ahalik eta lasterren abiatu behar dugu, eta indar politiko eta sozialek akordio bat adostu behar dute.

Iñaki UGARTETXEA

«Ezker abertzalea prest dago aurrera egiteko Euskal Herrian, baina EAJ ez»

1.- Oso interesgarria iruditzen zait Kataluniako prozesua. Hemen urte asko daramagu bide hori jorratzen, baina oraingoz nahiko apal dago dena. Ematen du alderdi guztiak ez direla jartzen ados aurrera egiteko. Eta Katalunian egiten ari diren bide hori primerakoa iruditzen zait. Horregatik etorri gara gure elkartasuna adieraztera. Urriaren 1ean bozkatuko dutela uste dut; ez dakit ze neurritan, ezta ze egoeran ere, baina ziur nago jendea kalera aterako dela. Joan den Diadan Bartzelonan egon nintzen eta jendea gogo handia du bozkatzeko eta prozesua aurrera eramateko.

2.- Ezker abertzalea prest dago aurrera egiteko, baina EAJ-k Espainiako Gobernuarekin harremanak ditu eta hemen egoera ezberdina dela dio. Zaila ikusten dut egoera hau aldatzea. Jendea kalera ateratzen ez bada, EAJ ez da mugituko.

Aitor BEOBIDE

«Behetik gora egin behar dugu lan Euskal Herrian eta oinarriak sortu behar ditugu»

1.- Kataluniako prozesua herritik sortutako prozesu bat da eta gaur egun Estatuaren egitura apurtzeko dagoen prozesu garrantzitsuena da. Kataluniako gizartea aurreratuena da hainbat arlotan eta prozesu honetan nabaritzen da. Eta urriaren 1ean milaka lagun kalera aterako direla uste dut.

2.- Bai, baina denbora itxaron beharko dugu beraiek martxan jarritako prozesua guk aurrera eraman ahal izateko. Kataluniarrak askoz ere aurreratuago daude. Guk oinarriak sortu behar ditugu, ekonomikoki eta beste eredu batzuk sortuz. Behetik gora egin behar ditugu gauzak, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea bermatzeko. Herritik sortu behar dugu; izan ere, gauzak bulego batean negoziatzen badira herria atzean geratzen da, baina behetik sustraituz gero, posible da.

Onintza AZPITARTE

«Inbidiaz ikusten dut haiek lortzen ari direna; Euskal Herrian lortu nahi duguna da»

1.- Nik inbidiaz ikusten dut katalanuniarrak lortzen ari direna; azken finean, Euskal Herrian ere hori bera lortu nahi dugu. Baina pozik nago, eta elkartasuna adierazi nahi diet kataluniarrei. Nire ustez, oztopo guztien gainetik urriaren 1ean bozkatu egingo dute.

2.- Momentu honetan agian ezinezkoa da halako prozesu bat martxan jartzea, baina hainbat alderditatik pausoak ematen badira lortuko dugu.