I.ERASO-A.ARTOLA
DONOSTIA

Ricardo Darin: «Kulturak politikak egin ezin dituenak ahalbidetzen ditu»

Ricardo Darin aktore argentinarrak jaso zuen atzo aurtengo bigarren Donostia saria. Zinemaren munduan egin duen ibilbidearen «errekonozimendu» bat dela nabarmendu zuen eta, saria esku artean zuela, bere ibilbidean profesio-kide izan dituenei, senide eta lagunei, Hego Amerika osoari eta, amaitzeko, mundura ekarri zuen emakumeari eskaini zien saria. Donostiarentzat ere izan zuen eskertzarik: «Hemen, etxean bezala sentitzen naiz. Benetan».

Umorea bertute eta umiltasuna eredu dituela erakutsi zuen atzo, beste behin, Ricardo Darin antzezle argentinarrak. Zinemaldian aurkeztu berria zuen “La cordillera” filmean antzezle-kide dituen Dolores Fonziren eta Elena Anayaren eskutik jaso zuen Donostia Saria eta, euskaraz, «eskerrik asko» batekin ekin zion eskertzari. Ekitaldirako diskurtsoa idatzita eraman beharrean intuizioari jarraitu eta uneko sentipenei bidea irekitzea hautatu zuela adierazi zuen antzezle argentinarrak eta, hala, zenbait urte atzerago Dustin Hoffmanek Donostia saria bere eskuetatik jaso zuela etorri zitzaion gogora: «Nola egingo du zinemako munstro honek, hemen jasotzen ari den berotasun honekin, bere burua kontrolatzeko?, pentsatu nuen. Ziurrenik, bera ez zen etxean sentituko. Ni bai. Benetan diot».

Sariak jasotzean atzera begiratu ohi dela eta berak bidelagun izan dituen guztiak gogoan zituela ere nabarmendu zuen, tartean «maiz ahanzturan erortzen diren ekipo teknikoko kideak», eta Donostia saria jaso duen lehen hegoamerikarra izanik, «sari hau Hego Amerika osoari ere eskaini nahi diot», ziurtatu zuen. Azkenik, senide eta lagunak izan zituen gogoan.

Kursaala txalo zaparradatan urtu zen Darinen eskertzen aurrean eta Santiago Mirte “La cordillera”-ren zuzendaria atera zen oholtzara, filma aurkeztera. Hark bukatuta bereganatu zuen berriro mikrofonoa Darinek, publikoari azken barrea erauzteko: «Barkatu, barkatu. Akats barkaezin bat egin dut... Ama, ez naiz zurekin ahaztu», esanaz eskaini zion saria mundura ekarri zuen emakumeari.

Saria jasotzeko momentuan bezala, Darinek Kursaalen goizean eskaini zuen prentsaurrekoan umorea izan zuen bertaratutakoengana zuzentzeko baliabide arrakastatsua. Jendaurrean hitz egiteko erraztasuna duen pertsonaren ohiko jarioarekin «festibal maitean» egotearen poza agertu zuen, eta behin baino gehiagotan “publikoak” barrez erantzun zion.

Sariek aktorearengan sortzen duten ezerosotasun ezagunari buruz galdetuta, Donostiakoa «errekonozimendu» gisara hartzen duela esan zuen. Aldi berean, horrek gogora ekarri diona ere azaldu zuen: «Atzera begira jartzera behartzen nau. Bidea berrikusi behar dut, lagunak eta lankideak gogoratu behar ditut, orokorrean ez naiz begirada historikoen laguna, barneratzeko zailak dira eta».

Ibilbidea ere ez du laburra egun 60 urte dituen Darinek, bost urterekin jarri baitzen lehenengoz publiko aurrean: «Nire gurasoak ere aktoreak ziren, eta antzerkian hasi nintzen, ez naiz oroitu ere egiten lehen aldia noiz izan zen». Beranduago hasi zen zineman, 22 urterekin, eta geroztik dozenaka film egin ditu mundu osoko zuzendariekin, nahiz eta Hollywooden deiari ez dion erantzunik eman. Urte luze hauetan sari asko jaso ditu Amerikan eta Europan. Besteak beste, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen 2015ean “Truman” filmarekin.

Donostia saria jasotzen duen Hego Amerikako lehen aktorea da Darin, baina berak ez zion horri garrantzi berezirik eman, eta Estatu espainolarekin duen lotura nabarmendu nahi izan zuen; sarien beharrik gabe ere gizarteak, eta ikusleek bereziki, egiten dioten harrera ona balioesten duela. Jarraian ohartarazi zuen Europaren eta Latinoamerikaren arteko loturak lantzeko «politikak egin ezin dituenak» kulturak ahalbidetzen dituela: «Zinema oso tresna erabilgarria da aukerak erakusteko».

Darini oso ondo etorri zitzaion estilo arin hori prentsa estatubatuar zein espainiarren galdera ezerosoak saihesteko. Hollywoodera salto ez egitearen arrazoiari txiste batekin erantzun zion, eta Kataluniaren erreferendumari buruzko galdera ere ezin izan zuen pausatu aktualitate politikoa kulturalarekin uztartu nahi zuen kazetariak: «Egingo didazun galdera hori ez egitea eskertzen dizut», erran zion argentinarrak bere irribarre xarmagarria erabiliz.

«La cordillera»

Orain filmatzen ari den lanak hartaratuta arlote itxurarekin –etxegabe baten rola egingo baitu– zegoela esanez aurkeztu zen atzo Darin prentsaren aurrean, ohar horrekin giroa berotuz eta irriak sortuz. Jarraian, Argentinako presidentearen papera hartzera eraman duen filma izan zuen mintzagai: “La cordillera”. Santiago Mitre zuzendari argentinarraren lanak geopolitikaren irakurketa kritikoa egiten du, baina aldi berean mandatariaren bizitza publiko eta pribatuak elkartzen ditu, erabaki moralek bi eremutan izan ditzaketen eraginak agerian utziz.

Zuzendariaren eta protagonistaren ondoan Erica Rivas eta Elena Anaya izan ziren atzo Donostiako agerraldian filma defenditzen. Horiez gain, filmearen aktore-zerrenda nagusia Dolores Fonzik eta Daniel Gimenez-Cachok osatzen dute, «gringo gaiztoaren» papera egiten duen Christian Slaterrekin batera. &dcTwo;&hTab;

Ikusleen artean iritzi askotarikoak sortu dituen film luzea «a priori zinema industriala» ez dela adierazi zuen protagonistak, jorratzen duen gaiari erreferentzia eginez. Argentinarekin batera estatu espainol eta frantsesean jatorria duen proiektua gauzatzeko produktoreek izan zuten ausardia nabarmendu zuen Darinek. Horren harira, gaur egungo egoera kontuan izanda atentzioa behar den tokian jartzen duela gaineratu zuen Anayak.

«Fikzio bitxia» dela esanez definitu zuen Mitrek, politika garaikidea eta eskualde jakin bateko errealitatea elkartzen dituena. Egoera globalarekin batera Latinoamerikako errealitatea ere erakusten du obrak, Hego Amerikako herrialdeetako presidenteen goi-bilera batean kokatzen baita, non aliantzak eta barne estrategiak agerian gelditzen diren. Hernan Blanco presidentearen paperean sartzeko erreferenterik ez duela izan azaldu zuen Darinek: «Azken urteotako politikarien antzik ez hartzen saiatu naiz, ez baikenuen ideologikoki mugarik ezarri nahi, mundu mailako politikari kritika orokorra izatea baizik». Erreferentzia argirik agertzen ez bada ere, beste herrialdeetako presidenteen paperei begira hainbat lotura aurki daitezke, baina hori ikusleak filmean zehar deskubritzeko eta loturak egiteko «askatasunaren» esparruan kokatu zuen aktore argentinarrak.

Presidentearen rolean sartzearen zailtasunei buruz ere mintzatu zen Darin: «Zineman lan egitea ez da erraza, zuzendariak nahi duena argi baldin badu errazagoa da, baina moldatzen jakin behar da. Hala ere, paper horretan erreferentziarik gabeko fikzioa izanik askatasun gehiago izan dut».

Gailur politikoaren haritik tiraka hartu du izenburua filmak, mendilerro edo gailur-lerroei erreferentzia eginez. Baina istorioaren erdia besterik ez da protagonistaren mandatari lana, aita izatearen ardurak ere agertzen baitira. Presidentearen eremu pribatura sartzean hartzen du filmak espero ez den bidea. «Bihurgune» bat hartuta «kritikatik thrillerrera» pasatzen dela baieztatu zuen zuzendariak. «Proiektua berez ideia horretatik abiatu zen, hori zen hasieratik gustatzen zitzaidana, film aztoragarria izatea nahi nuen. Thriller politikoa izatea nahi nuen, suspensezko gune bat izatea zen helburua, eta hortik aurrera idazten hasi ginen», azaldu zuen Mariano Llinasekin batera gidoia sortu duen Mitrek.

Zinemaldira Garinen Donostia sariaren eskutik heldu da “La cordillera”, eta lehenago Canneseko Un Certain Regard sailean aurkeztua izan zen.