Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
BERTHA GAZTELUMENDI
KAZETARIA ETA ZINEMAGILEA

«Emakume hauek erresistentziaren eredu dira, aldaketaren motorra»

Biolentzia matxistari aurre egin dioten jatorri eta adin ezberdinetako bederatzi emakumeren bizipenek osatzen dute «Volar». Emakunde-ren sostenguarekin egindako dokumental honetan, beldurraz, lotsaz eta errudun sentsazioaz hitz egiten da, baina baita horiek gabeko etorkizun batez ere.

Dokumentalean parte hartzen duten emakumeen ekimenez sortu da filma. Nola iritsi zineten puntu horretara?

Ia urtebeteko prozesua izan da. Bilboko Haize Berriak eta Mujeres que Aman Demasiado eta Eibarreko Isiltasuna Hautsiz elkarteetako bederatzi emakumerekin hasi nintzen lanean, bizpahiru lan jardunetan. Euren inplikazioa erabatekoa izan zen, euren esperientzia eta bizipenak jarri zituzten mahai gainean gerora zerbaitetarako balioko zuelakoan eta, hortik abiatuta, istorio bat, mezu bat harilkatu genuen. Esan genuen: guk badakigu zer gertatu den eta erasotzaileak ere bai, orain gizarteak ere jakin dezan nahi dugu, sentsibilitatea sustatu antzeko egoeran egon litezkeen emakumezkoentzat baliagarria izango delakoan. Eta batez ere mezu garbi bat helarazi: hau guztia gainditu daitekeela. Beraiek gainditu dute. Merezi du bide berri horretatik aurrera egitea. Lan prozesuari zer amaiera emango genion ez genuen aurreikusia eta, une batean, tresna edo bidea dokumentala izango zela erabaki genuen.

Bizipen intimo eta gogor horiek kontatzean osotasun handia erakusten dute.

Beraien esperientzia intimo hori azaleratzeko beharra dute eta, arazoa gaindituta, gai dira begirada baketsua izateko, meritua eta kemena dute. Baina lan handia egin dutelako beren buruarekin, barrunbeekin; gizarteak eta erakundeek jartzen dizkieten tresnak erabiltzen badituzte ere norbere kemen eta inteligentzia izan da hortik ateratzeko gakoa. Eta hala ere, noski, badaude gorabeherak: grabatzen ari ginela une batean bat altxatu eta alde egiten du... baina orokorrean filmaketa naturaltasun osoz egin zen, ohituta geundelako halako elkarrizketak izatera eta gidoirik ere ez genuelako.

Ez dago narratzailerik. Ez da daturik ematen. Soilik emakumeen ahotsa.

Bai, ikuspuntu hori nahi genuen: guk hau kontatzen dugu hau gertatu zaigulako eta honetaz badakigulako. Ez genuen adituen diskurtsorik nahi, beraien boza izan zedila inportanteena. Hori garrantzitsua da, askotan emakume hauei ez zaielako sinesten eta horrek izugarrizko mina egiten du. Galdera da: zuk uste duzu ama batek etxetik alde egiten duenean bere seme-alabak hartuta, ezer gabe, dena atzean utzita, gezurretan ari dela? Zeinek antzeztuko du horrelako egoera bat?

Sinesgarritasunaren kontura, salaketa jartzera joan direnean sumatu duten sentsibilitate faltaz kexatu dira batzuk.

Bederatzitik bik aipatzen dute, besteek ondo hartuak izan direla diote. Uste dut aurrera egiten ari garela, gizartearen babes handiagoa dagoela eta horrek animatzen dituela emakumeak salaketak jartzera edo, behintzat, isiltasun zirkulu hori haustera. Gauza asko daude hobetzeko, baina aurrera goaz.

Ardura handiko dokumentala da. Ezeren beldurrik bazenuen?

Ardura bai, beldurrik ez, beraien eskutik jasoa izateak ematen zizkidalako berme guztiak. Egia da esandako guztia eta hori zen islatu behar nuena. Kezka beti duzu, ondo ulertua izan dadin nahi duzulako, baina hori jada ez dago zure esku...

Non filmatu zenuten?

Naturarekin kontaktua egon zedin nahi nuen. Bederatzi emakume dira eta hamargarrena ama lurra dela esango nuke, natura. Horrek badu esanahi polisemiko bat, naturan mundu osoa sentitzen delako ondo, natura librea da, oreka da, gatazka da, aldaketa da... eta gauza horiek guztiak biltzen dira pertsona batengan, baita emakume hauengan ere. Naturan egiteak, baina, filmaketa konplikatu zuen: asteburu batean filmatu genuen guztia eta euria egin zuen etengabe, nahiz eta muntaian ez ikusi... Zentzu horretan filmaketa zeharo aldrebesa izan zen [barreak]. Sufritu genuen, baina gero atera genion etekina.

Protagonistek ikusi dute dokumentala? Zer esan dizute?

Bai, noski. Hori zen nire kezka nagusia, hor zegoen nire azterketa. Ikaragarri gustatu zitzaien, denak emozionatu ginen eta... orduantxe lasaitu nintzen ni!

Estreinaldiaren ostean herriz herriko ibilbidea hasiko duzue eta emakume hauetariko batzuek hartuko dute parte emanaldiaren osteko solasaldian.

Hasi genuen prozesuak aurrera jarraitzen du eta, beraien dokumentala denez, beraiek aurkeztea eta boza izatea inportantea da. Beraiek dira aldaketarako motorra, sentsibilizazioa suspertzeko motorra. Beraien bihotzetan, gorputzean, buruetan gertatu zaien horri buruz asko dute esateko eta, hemen, agerian jartzen dute. Kristoren potentziala du horrek. Eta beraientzat ere, erreparazio bide horretan, horrelako agerraldietan jendearen errekonozimendua izateak asko balio du.

Urtebeteko prozesu horretan gauza askotaz jabetzeko aukera izango zenuten. Zerekin geratu zara?

Asko inspiratu nau beraiei entzun eta ikusitakoak. Niretzat erresistentziaren eredua dira, aurrera ateratzeko duten tresna bakarra euren burua delako eta indarrez eta inteligentziaz egin dutelako aurrera. Bestalde, biolentziaren inguruan zer pentsa eman dit, gure erlazio pribatuetan onartu nahi duguna baino handiagoa baita biolentziaren presentzia.