2017/10/08

Geldialdi integrala

Bigarren diskoa du bere ibilbidean «Geldialdi bakoitzean» Beñat Igerabidek, Elkar zigiluarekin kaleratutako azken lana. Garapen baten isla da CD berria, eremu musikalari dagokionez, baita diskoaren eraikuntzan ere. Bereak dira melodiak, letrak eta teknika.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
1008_kul_igerabide2

Elkarreko musika argitaratzaile Anjel Valdesen arabera, Beñat Igerabide Euskal herrian azken bost urteetan jaiotzen ari den belaunaldi berriko musikaria da. Bai estiloan, bai formetan. “Orbainak” estreinako diskoa argitaratu eta hiru urte beranduago kalean da berriro “Geldialdi bakoitzean” CD berriarekin. Bere garapen profesionalaren trazua egiten duen sorkuntza berria izan daiteke, hurbilago, indartsuago eta irekiago agertzen baita Igerabide bere kantuetan. «Mundu ero honen barruan proposamen bat egiten du jendea hobeto senti dadin. Horretarako balio behar du musikak. Eta musikak tematsu jarraitzen du mundua aldatzeko bueltan. Horretan ari da ere Beñat Igerabide», gehitu zuen Elkarreko ordezkariak aurkezpenean.

Errenazimentuko gizontzat hartu zuen Valdesek, musikari «integrala» delakoan. «Berak konposatu, idatzi eta grabatu ditu kantu guztiak eta bere inspirazioa argi ikusten da sortu dituen abestietan».

Aurreko lana bezala, Adunan duen Sonola estudioan grabatu du lan berria Igerabidek; bera izan da kantu guztien konpositore, interprete eta teknikaria eta, era horretan, lanaren ikuspegi integrala izateko aukera eskaintzen du. Grabaketak, molde geldoan eginak, 2017. urte hasieran abiatu zituen Sonolan. Masterra Elkarren eskutik osatu da. Bidean, ordea, laguntzaile ugari izan ditu Igerabidek: David Etura baterian eta ahotsetan; Matthieu Haramboure baxuan; Peio Gorrotxategi teklatuan; eta Gorka Urra gitarran eta ahotsetan. Horiez gain, Lidia Insausti eta Sara Azurzaren kolaborazioak ere izan ditu proiektu berrian.

Funka, rocka, folka eta popa eskuen artean jolasgai eta sorkuntzagai izan ditu Igerabidek “Geldialdi bakoitzean”-en. «Barietate handiko diskoa da. Positibotasun handia dago, eta dantzarako aukera ere eskaintzen du», aipatu du egileak. Alaiago eta indartsuagotzat du bere bigarren lana, bere buruari sorkuntza maila areagotu dion egitasmoa. «Baldintzak ere aldatu egin dira. Aurreko lanean bakarrik nengoen eta orain taldearekin nago. Egoerak desberdinak dira».

Aurreko diskoko kantuen intimismotik apur bat urrunduta, komunagoak diren gogoeta eta sentimenduak bildu dira disko berriko hamahiru abestietan. «Hitzak lantzean pasatzen zait. Buelta asko ematen dizkiet, aldatu egiten ditut, berridatzi... ni gustura egon arte. Ausardia, kemena, maitasuna edo natura dira, besteak beste, kantuetan landu ditudan gaiak».

Berezia estiloan, eta berezia formatan ere, gaur egungo diskogintzan ez baita oso ohikoa sortzaile berberak prozesu integral bat egitea, kantuen sorkuntzatik hasi, letren idazketatik pasatu eta diskoaren grabaketaraino. «Modu integrala oso arraroa da –gehitu zuen Valdesek–. Adibidez, Kaki Arkarazo datorkit burura. Horrek abilidade, muskulu berezi bat ekartzen dio lanari. Kantuak idatzi eta konposatzea ohikoa da, baina musikari batek bere burua grabatzea ez hainbeste». Ildo horretan, Igerabidek berak esan zuen teknologia gaur egun askoz eskuragarriagoa dela; orain dela hogei urte pentsaezina zen zerbait, gaur egun estudio bat izatea, ez da hain ideia burugabea. «Hor dago, gainera, bigarren eskuko merkatua, eta horrela osatu dut nik nire estudio propioa».

Diskoa kalean izanda, lan berria jendaurrean zuzenean aurkezteko garaia iritsi zaio Igerabideri. Eta dagoeneko baditu hizordu batzuk. Lehenengoa urriaren 13an Tolosako Bonberenean izango da, gaueko 22.30ean –Xabier San Sebastianekin partekatuko du gaua–. Ondorengo zuzenekoak, urriaren 20an, Irungo Urdanibia plazan (19.30); urriaren 27an, Donostiako Tabakaleran (20.00) eta azaroaren 3an, Amasa-Villabonako Gurea antzokian (18.30).