Ion SALGADO
GASTEIZ

Gela bakarreko etxebizitzak, Gasteizko Udalak kaleratu dituen bi familientzat

Santo Domingo kalean bizi diren familiei gela bakarreko apartamentuak eskaini dizkie Gasteizko Udal Gobernuak. Arabako Kaleratzeak Stop plataformak eta Irabaziko zinegotziak salatu dute familion egoera.

Gasteizko Udalak gela bakarreko etxebizitza batean ostatu eman die Santo Domingo kalean bizi diren bost laguni. Hori salatu zuen atzo Kaleratzeak Stop Arabak, bi kideko eta hiru kideko bi familiak 45 metro karratu dituen etxebizitza batean daudela ohartaraziz. Bertan egon beharko dute azaroaren 30era arte.

Ohar batean Arabako Kaleratzeak Stopek azaldu zuenez, apartamentua gela bakarrekoa da eta horrek «EAEko Etxebizitza Legea urratzen du». «Bost pertsona sartu dituzte bizigarritasun baldintza minimoak betetzen ez dituen gela batean, logela eta sukaldea gela berean daudelako», nabarmendu zuen.

Halaber, Gasteizko Udal Gobernuak bertan bizi daitezkeenak baino pertsona gehiago sartu dituela salatu zuen plataformak; izan ere, legeak bizikide bakoitzak hamabost metro karratuko espazioa behar duela ezartzen du. «Eta logela bakoitza bi lagunentzat dela dio araudiak», gaineratu zuen.

«Gasteizko Udalak kaleratu dituzten lagunei –guztira 12 familia kaleratu dituzte– ostatua emateko etxebizitzak eduki behar ditu, hainbat egoerari aurre egiteko. Eta dakigunez, Udalak ehunka etxebizitza huts ditu, birgaitu behar direnak», adierazi zuen plataformak, etxebizitza oinarrizko eskubidea dela gogorarazita; «beharrezkoa da bizitza duin bat izateko».

Irabaziren kritikak

Oscar Fernandez Irabaziko zinegotziak ere salatu zuen Santo Domingon dauden bi eraikinetik kaleratu dituzten auzokideen egoera. «Lotsagarria da kaleratu dituzten familiak jasotzen ari diren arreta. Ez dute informaziorik eta, Udalak etxebizitza publikoak dituen arren, apartamentu pribatuetan sartu dituzte», azpimarratu zuen Equok eta Ezker Anitzak osatzen duten koalizioko ordezkariak.

Haren esanetan, Udal Gobernuak ez dauka hustu dituen eraikinen birgaikuntza aurrera eramateko planik: «Santo Domingo kalea gune degradatua da, eta beharrezkoa da birgaitze plan bat martxan jartzea, kaleratuak izan diren familiei konponbide bat eskaintzeko eta etorkizunean halakoak berriro gerta ez daitezen».

Joan den astean Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunek “Santo Domingo Bizirik!” lema duen kanpaina jarri zuten martxan Udalak kaleratu dituen auzokideei elkartasuna adierazteko eta erakundeen utzikeria salatzeko.

«Azalpen bakarra aurkitzen dugu utzikeria horretarako. Gure ustez, Santo Domingo oso kale erakargarria da bere kokapenagatik, Alde Zaharrerako sarreretako batean eta Katedralaren ondoan baitago. Baina auzokide berrientzat eta ‘glamour’ handiagoko dendentzako erakargarriago egiteko, lehenago basamortu bihurtu behar dute kalea. Hau da, egungo auzokideek eta dendek kalea utzi beharko lukete lehenik, eta eraikin berriak altxatu ondoren biztanleria ‘aberatsago’ bat erakarri ahal izango dute», esan zuten ostegunean.