Jon ORMAZABAL
ASPEKO AURRELARIA

«Niretzat iazkoa baino garrantzitsuagoa da aurten finalean egotea»

Hiru urte baino ez daramatza profesionaletan, baina bizitza osoa onenekin lehiatzen aritu izan balitz bezala mintzo da Amezketako aurrelaria. Denbora gutxian garapen izugarria izan du, bai fisikoki, baita jokoan ere, baina oraindik urrun ikusten du bere gailurra. Izan ere, duen guztia eman ahal izate horrek motibatzen omen du gehien lanean jarraitzeko. Lehen txapelak ere bai, noski.

Amezketako pleno aretoan hartu gaitu pilotariak, goiko pisuan bere amaren pianoaren notek egun beltza gozatzen diguten bitartean.

Finalean berriz; iazkoaren ondoren bazegoen behar moduko bat?

Finalerdietan bai ala bai egon nahi nuen. Iazkoa ezusteko handia izan zen eta aurten ematen zuen finalean egon behar nuela, herrian irudipen eta presio hori nabaritu dut, eta niretzat iazkoa baino garrantzitsuagoa da finalean egotea. Behin ahal duzu kasualitatez egon, baina bigarren aldiz egoteak badu zerbait.

Kanpoko presioa, hortaz, zurea baino handiagoa da?

Nik neure buruari ez diot inongo momentutan finalean egotea helburu gisa jarri, zeren Buruz Buru agian bi edo hiru pilotari dauden bezala txapela irabazteko aukerarekin, Lau eta Erdikoan nik gehiago ikusten ditut. Eta garbi ikusi da aurten Victor, Danel eta hauek salto handia eman dutela, hortxe-hortxe geratu dira Joseba, Artola… maila handiko jendea dago eta oso zaila da azkenean lehenengo finalerdietan sartzea eta zer esanik ez finalera. Alde horretatik oso gustura nago.

Zeintzuk dira Buruz Bururako hautagai horiek? Altuna ikusiko dugu horien artean?

Banaka nik uste dut momentu honetan “Urruti” eta “Irri” daudela. Iker ikusten dut oraintxe faborito argiena, eta gero, Urruti. Oinatz ere Urrutirekin batera orain oso-oso arriskutsu dago.

Nik badaukat esperantza mano-mano ere pilotaririk onenetakoa izateko, denbora behar dut. Badakit orain beste batzuk aukera gehiago dituztela, baina iruditzen zait denborarekin baditudala aukerak.

Hiru urte eskasetan sekulako garapena izan duzu, lehenengo fisikoa eta jokoz ere bai...

18 urterekin debuta egin nuenean ikusten zitzaidan, oraindik oso ume, oso berde nengoela eta oraindik ere badakit fisikoki asko dudala hobetzeko, marjena hor dago.

Gero, nik uste dut dena batera datorrela, fisikoki hobetzen zoazen eran bizitasuna etortzen zaizu, joko azkar horretan moldatzeko ahalmen handiagoa duzu. Lehen bi edo hiru tanto gogor jokatu eta hustu egiten nintzen. Azkenean 21 urte ditut eta beste pilotari guztiengan ikusik dut adinean aurrera doazen heinean hobetzen joan direla eta nire helburua hori da, hori nahi dut.

Fisikoki, hauspoz edo kolpean hobetu duzu gehien?

Hauspoz txikitatik izan naiz asko nekatzen ez den horietakoa; nekatuta ere, buelta erraz ematen diot. Igual indarrez edo kolpez indar hustuta geratzen nintzen, baina normala da, azkenean oso gazte debutatu nuen eta egindako pilotarien aurka jokatuta munduko gauzarik normalena da.

Teknikoki aparta zara, baina zer landu duzu gehien hiru urte hauetan?

Jokin Etxanizekin, debutatu aurretik ere, ezkerrarekin botera asko insistitzen zidan, esaten zidan abiadura gutxi ematen niola eta aritu gara postura batzuk zuzentzen, baina eskuinarekin ere bai. Askotan niri jokoa aurrean egitea gustatzen zait, baina tartean pilotakada batzuk atzera jotzea ere ondo etortzen da, zuloak ireki eta tantoa amaitzeko.

Jokinek gauza askotan laguntzen dit eta, argi daukat, berari kasu egiten diodanean nik neuk ikusten ditut emaitzak. Oso ona da eta horregatik nabil gustura, nahiz eta maila ona dudala iruditu, neure buruari hobetzeko aukera handiak ikusten dizkiot.

Aimarren aurkako finalerdia oso ondo prestatua eraman zenuen etxetik. Finalerako zer?

Bai, bueno, beti pentsatzen dituzu gauzak, jokoa nora eraman nahi duzun, gero garrantzitsua da jokatzen zauden momentuan sentsazio onekin egotea, eta ahalmena izatea egin nahi duzun hori egiteko. Momentu horretan perfektu irten zitzaidan dena. Finalean ere saiatu nahi dut partida erritmo bizikoa izan dadin, azkarra izatea nahi dut, berari azkenean jokatzen uzten badiot oso zaila delako eta erritmoa sartu nahi diot. Ahal dudan edo ez orduan ikusiko da.

Kanpotik zulo gutxi ikusten zaizkio Urrutikoetxeari...

Hori da. Jende askok galdetu dit ea zer prestatu dudan; aurrekoan irrati batean galdetu zidaten ea ‘Urruti’-k ahulgunerik badaukan eta nik horixe esan nion, ea berak ikusten dizkion.

Sake-errestoan behintzat ez, hor alde handia egiten du...

Kristorena. Nik ere hori esaten du. Sekulako aldea dago errestoa bat eta erdian utzi edo bi eta erdi-hirura atera, eta berak beti atera egiten du, sekulako ahalmena dauka. Nik uste dut atzetik jokatze horrek asko lagundu diola, bost edo seitik ohituta dago pilota jotzen eta sekulako ahalmenak ditu.

Lekunberriko lehen porrot hark sekulako mina egin zizula iruditu zitzaidan. Hala izan zen?

Dudarik gabe, dexentea, ze ez nuen batere ondo jokatu. Egia esan, iazko lehen partidaren ondoren tristeago nengoen ze ez nuen nire burua hain ondo ikusten; aurten bai, baina partida txarra egin nuen. Azken finean, entrenamenduetan zeure burua ondo ikusten baduzu, buelta emateko balio dizu, eta bigarren partida oso garrantzitsua izan zen, buelta eman nion, nahiko ondo irabazi nuen eta berriz sinisten hasi nintzen.

Lekunberriko partida jokatu eta gero aste txarra pasatu nuen, kolpe handia izan zelako hain partida txarra jokatzea. Frontoian momentu batean oso gaizki sentitu nintzen, bukatzeko gogoa nuen, ze askotan izaten da atzetik joanda ere mina egitea badaukazula ikusten duzula, baina une horretan ez nuen ezer egiten, ez sakatu, ez errestatu… piloteoan ere ez nion ezer egiten eta garrantzitsua da ere zeri heldu eduki eta momentu zailetan ahalik eta positiboen izaten saiatzea.

Hori ere ikasten da?

Dudarik gabe. Askotan oso erraz zabiltzanean dena positibo ikustea ere arriskutsua da eta negatibo zaudenean ere jakin behar da nola eman buelta. Azken bi urteetan suerte hori izan dut. Nik uste goi mailako pilotaria izateko hori ikasi behar dela, momentu onetan denoi irteten zaizkigula gauzak baina zailetan ere jakin behar dela buelta ematen, eta pixkanaka ikasten ari naiz.

Orain arte, ia dena izan da oso ona. Bigarren mailako finala izan da agian halako beste kolpea?

Hori da, orduan gauza bera gertatu zitzaidan baina nik uste momentu hartan Artola ni baino dezente gehiago zela. Ikusten nuen bere aurka jokatzean piloteoan-eta erraz dominatzen ninduela.

Orain, aldiz, zu zara txapelaren lehian dagoena...

Irakurri nuen “Berria”-n elkarrizketa bat esaten batzuek gora egin dutela eta berak behera egin duela. Nik ez dut uste berak behera egin duenik, orain pilotari hobea da. Berak enpresan goi mailako pilotari asko ditu eta jendea ere halakoa da... Niri finala irabazi, Binakakoan titular sartu eta kolpean sekulako izena hartu zuen eta hori arriskutsua da, horren gazte horrenbesteko sona hartzea. Baina Artola sekulako pilotaria dela argi daukat nik, kontra askotan jokatu beharko dugula badakit eta izango dudan aurkaririk handienetako bat izango dela. Orain emaitza batzuk behar ditu berriz sinisten hasteko, baina pilotari latza da. Gainera, fedea badut, berarekin harreman oso ona dut eta iruditzen zait pixka bat ukituta dagoela. Lagun handia dut eta espero dut buelta emango diola.

Zuri ere oso azkar, espero baino lehenago, etorri zaizu erantzunkizun handiak hartzeko garaia...

Horixe da. Ez genuen inondik inora espero eta kolpetik dena gainera etortzen zaizu. Egia da aukera askoz gehiago dituzula baina erantzun beharra dago, foku guztiak zuri begira daude, partida pila bat dituzu eta ez da gauza bera partida pilo hori, denak goi mailakoak, 20 urterekin edo 30 urterekin jokatzea eta alde horretatik oso gustura eta harro nago.

Udan gainezka egotera ere iritsi zinela esan zenuen...

Gertatzen da. Buruz azkenean erreta ez dizut esango baina denbora guztian txapelketa eta partidak bata bestearen atzetik jokatze hori nekagarria egiten da. Gainera, aurten ere maila ona eman dut eta jendeak faboritotzat hartzen zaitu, iruditzen zaio beti maila bera eman behar duzula eta ez da batere erraza. Frontoira egun batzuetan kargatuta joaten zara, buruz ere bai, eta beharrezkoa da jakitea une batzuetan emaitzak ere ez direla erabatekoak izaten.

Iazko finalari buelta asko eman dizkiozu?

Ez naiz horretan pentsatzen ari. Egia da orain elkarrizketetan irteten den zerbait dela, baina iazko finalean, momentuan galdu nuenean pena handia hartu nuen, pare bat orduz oso triste egon nintzen eta hurrengo bi egunetan bueltak eman nizkion, baina bere txarrean gauza positibo asko ditu. Iazkoa iazkoa da eta aurten beste denboraldi bat izaten ari da.

Gauza onak aipatu dituzu. Zeintzuk dira gauza on horiek?

Hasteko, halako pilotarien aurka horrelako mailan aritzea sekulakoa izan zen. Sakeak errestatzen ahul aritu nintzen, baina piloteoan sartzen ginenean ikusten nuen berari min egiten niola. Eta final latza izan zen, nik uste dut pilotak dezente irabazi zuela final harekin, bion zaleak oso ondo moldatu ziren elkarrekin, jende piloa joan zen… final ederra izan zen eta horixe daukat pena, azken tantoa nik egin izan banu final perfektua izango zen.

Tanto bakarragatik galtzea zer da hobea ala txarragoa?

Momentuan min handiagoa egiten dizu, dudarik ez dago; hor izan duzunean «horrela jokatu izan banu» pentsatzen duzu, baina hala suertatzen da. Oinatz momentu ikaragarrian zegoen eta merezi zuen berak ere txapela. Espero dut beste batean finalen batean 21nakoa bada nire alde erortzea.

Aurten errepikatzen bada?

Aurten 21na jartzen bagara dudarik ez dago burura etorriko zaidala, baina momentuan arriskatu behar bada, arriskatu.