Ariane KAMIO
PASAIA
Elkarrizketa
KOLDO IZAGIRRE
IDAZLEA

«Adierazi behar zen nola zegoen ‘gorpua’, pentsamendu gozo-mikatz bat izan dezagun, ez pentsamendu zeken bat»

Xabier Leterekin zuen zorra kitatzeko bidea aurkitu du Koldo Izagirrek «Elurra ikusi dut» (Elkar) antologian, Lete konplexuaren amalgama osoa hartzen duen obra bilduan. Bi zatitan idatzitako epilogoak ematen ditu hurreraketarako gakoak, giltzarri literario, musikal eta pertsonalak.

Izenburutik. Leteren existentzialismorako, paisaia hotzerako joera errespetatu duzu.

Zeharbidez, ordea. Ez nintzen horretaz oso kontziente, baina barneratua izango nuen agian. Bere poesian hotza, negua, garrantzitsuak dira. Beti izan zuen alderdi hori, kanpoko natura bere barnea adierazteko baliabide. “Elurra ikusi dut” hori titulu ona iruditu zitzaidan, indartsua. Elurra, gutxi edo gehiago, denok ikusten dugu, baina poeta baten ahoan zer pentsatua ematen du. “Elurra ikusi dut”, bisio bat bezalako zerbait edo.

Bisio horiek agerikoak dira bere lanetan.

Bai, hala da. “Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut” bere azken liburuko poema ederrenetakoa da. Hainbat gauza adierazten ditu poema horretan. Motiboa da Lourdes Iriondo ikustera doala ospitalera. Elurraren silueta, Oiartzundik umetan ikusten zituen mendiak elurretan, Lesaka aldetik zer datorren, Aritxulegi, Aiako Harria, gailur zurituak. Hoztasuna, negua, iluna, itzala, Leterenak denak. Eta haurtzaroa gogoratzen du. Alegia, oinazerik gabeko garai hura, inozentzia. Eta poemaren bukaeran kanta zahar baten leloa da, “Goiko mendian elurra dago, erreka aldean izotza”. Herri kantaren lerro horiek beste dimentsio bat hartzen dute poeman.

«Egunsentiaren esku izoztuak» lanarekin lotura zuzena duela iruditzen zait.

Dudarik gabe. Egunsentiaren esku hotzekin ere lotu litekeen ideia da. Lete existentziala, bai, tituluan. Baina hartzen badugu poema bere osotasunean, bestelakorik ere adierazten du, nire ustez. Poema lehen pertsonan emana da eta malenkonia tonuan. Amaieran, kontraste gogor bat. Izotza ez da elurra. Heriotza bezalako zerbait, hoztasun gogor bat, baina inguruarena ere izan litekeena, ez bakarrik naturarena. Izotzak galdu du elurra. Izotza gure hirietan, herrietan, kalean. Ez dut uste hiper-interpretatzen dudanik, errekalde hotz hori Leterentzat gizarte hau dela esaten badut. Gogora zaitez “Euskalerri nerea” kantuaren pasarte harekin: anaien aurpegian begirada hotza…

Poesia kaier bat egitea eskaini zenion bizirik zegoenean. Ezezkoa eman zizun. Eta zuk ere ezezkoa eman zenion Lete hil berritan Elkarrek egin zizun proposamenari. Hil zenetik zazpi urte pasatu direnean iritsi da antologia hau. Zergatik orain?

Orain egitea eskatu zidatelako, Elkar editorialaren ideia eta enkargua izan da. Nire aldetik lehen ez eta orain bai, ba… tarte bat pasatu zelako eta iruditu zitzaidalako “gorpua” gure aurrean kirasten ari zela, alegia, bere ondare poetikoa aldarrikatzeko aukera izan zitekeela. Nire aldetik mendeku ziztrin bat izan zitekeela ere bururatu zitzaidan, berriz ukatzea Leteri berari antologiatxo bat egitea proposatu nionean eman zidan ezetzaren ordaina. Bestetik, pentsatu nuen erronka polita litzatekeela diskurtso funebre bat egitea.

Diskurtso funebre bat?

Omenaldi kritiko eta literario bat. Ez bakarrik bere obrari buruz, baizik berari buruz. Bere jarrera, bere damua, ia beti azaldu zuen distantzia bere lanarekiko, autokritika kexati hura… Horren kritika eginez, kontu ilunak gainditzeko saio bat merezi zuela pentsatu nuen. Zurrumurrua, luzera, kondena bihurtzen da. Jar ditzagun gauzak gordin mahai gainean eta egin dezagun antolaketa bat. Horregatik ditu bi zati epilogoak. Bat diskurtso funebrea esan genezakeena, kritikoa, konprenitzeko ahalegin bat. Eta bigarren zatia, obrari buruzko ikuspegi baterako materiala.

Zenbat denbora eman dizu lantzar honek? Zeren lan soila dela esatea urriegia da plazaratutako bilduma honentzat.

Ez naiz zehazki gogoratzen noiz enkargatu zidan Xabier Mendigurenek lan hau. Hala ere, gogoan dut ezin nuela berehala horretan hasi. Uste dut bi hilabete edo bi hilabete eta erdi eman dudala horretan gogor. Baina uste dut denbora baino inportanteagoa dela kontzentrazioa.

Baina bi hilabete oso gutxi da.

Baina Leteren obra argitaratua ere ez da hain handia. Lau bost liburu dira.

Eta musika.

Bai, baina dena eskura dago. Badok dela edo Eresbil dela. Ondo organizatuz gero, ez da hain denbora gutxi. Zorrotz jokatu nuen horretan. Lehenbizi ondo katonatu, testu guztiak aztertu, indar ideiak edo ildoak atera, Leteren hiztegi poetikoa osatu. Bere estiloaren eboluzioaz ere banuen ideia bat. Buruan nahiko garbi neukan. Kaierak egin nituenez geroztik bi liburu bakarrik argitaratu zituen, ez zen hain zaila niretzat. Lan handiena epilogoak eman dit.

Zergatik?

Ez dut uste filologiko hutsa denik. Adibidez, lehen aipatu dugun kantua berriro hartuz, hauxe dio: “Arratsaldeak beti dakarren tristura…” Esaldiaren gakoa, nire ustez, “beti” da, deklarazio balioa ematen diolako. Estetika bat finkatzen du, eta arratsalde-tristura binomioa ematen dit. Jarrai dezagun kantuarekin, “Arratsaldeak beti dakarren tristura / neretzat izaten da bakardade hura…” Beste maila bat katean, arratsalde-tristura-bakardade. Badugu azterkizun bat, nola funtzionatzen ote dute Leteren aurrenetako kantu-poema batean hain kateatuak dauden hiru hitzok bere obra osoan? Adiera bera ote dute beti? Horrela osa liteke hiztegi poetikoa.

Irakurri, aztertu, ulertu eta ulertarazteko gakoak. Letek askorako eman zuen. Antologia dialektikoa proposatu duzu eta sare moduko bat egiteko denbora ere hartu duzu, zenbakizko erreferentziak baliatuta, nahiz eta esaten duzun eskolar kutsua ematen diola lanari.

Egia da. Irakurlea eskutik hartu eta badaramat beste bide bat egitera, atzera eta aurrera. Ariketa pedagogiko bat da, ez dut ukatuko. Poesiari misterioa kentzea bezalako bat izan liteke. Baina ez da derrigorrezkoa nire eskutik ibiltzea, antologia kronologikoki emana dago eta irakurleak egin dezake irakurketa lineal bat, pentsatuz libreagoa izango dela horrela. Baina antologia ere baldintzatua da, neuk egina denez.

Beste era batera ezagutzeko aukera ematen du, hala ere, proposamen dialektiko edo pedagogiko horrek.

Nik hala uste dut. Lete konplexu bat erakusten saiatu naiz. Gogoan izan ditut liburua erosiko duten letezaleak, alegia, poesia irakurle izan gabe liburua zabalduko duten kantariaren fan edo direlakoak, herri musika modernoaren jarraitzaile multzoa. Lagungarri gertatuko zaie proposamen dialektiko hori Lete kantaria eta Lete poeta banaezinak direla ikusteko.

Partikular batek Gipuzkoako Ogasunarekin zuen zor bat kitatzeko utzi zituen Leteren (eta Iriondoren) artxiboa eta liburutegia Aldundiaren esku. 102.000 euroan baloratu zen. 3.000 disko eta liburu baino gehiago, 23 koaderno, 500 kartel eta 400 gutun. Zuk ezin izan duzu kontsulta egin.

Elkar argitaletxeak eskatu zidan lana antologia bat egitea zen, Leteren lan publikatuekin. Ez neukan ineditoak baliatzeko asmorik. Ineditoak baldin badaude, nire ustez, lehenbizi publikatu egin behar dira. Gutunetan edo bere kaier pertsonaletan Leteren pausoen ikuspegi osatuago bat eduki ote nezakeen, horixe izan zen nire eskabidearen arrazoia. Baina ezin izan dut kontsulta hori egin, ez.

Badakizu zergatik?

Duela gutxi, hil honen 4an, beste bilera bat eduki nuen, Kultura zuzendariak, Telleriak deituta. KMko zuzendaria eta hirurok egon ginen. Kezkatu samar joan nintzen, egia esan, tentsio handia espero nuen. Zelata bat gertatu zitekeela ere pentsatu nuen. Baina Mari Jose Telleriak uztailean egin zidan harreraz gogoratuta, uxatu egin nuen aukera hori. Nire lasaitasunerako, eta eskerrak eman behar dizkiot benetan KMko zuzendariari, zabaldu zuen ekarri zuen karpeta, eta zer azaldu zen? Nire eskabidea. Ez zen administrazioaren estolderian barrena galdu. Eta esplikaziorik ez zeukala esan zidan. Eskabideari ez ziotela erantzunik eman, eta esplikaezina zela. Asko eskertu nion gardentasuna; esaten ahal zuen galdu egin zela, edo okerren bat egon zela, edozein aitzakia. Baina ez zuen horrelakorik esan. Ezin zuen justifikatu, eta ez zen saiatu justifikatzen edo gezurrak asmatzen. Ez nintzen ezer galdetzen hasi, aski nuen entzundakoarekin. Eta umoretik nuen, sarkasmorik gabe.

Beraz, ez zinen damutu azken orrialdeko oharra idazteaz [Koldo Izagirre. 2017 urriak 20. Uztailaren 21ean eskabidea bete nuen KM Liburutegi publikoan Xabier Leteren funtsa ikusteko. Ez zait erantzunik heldu].

Ohar hori inportantea da irakurleak jakin dezan nik zer egin dudan. Enkargu bat egin zidaten, Leteri zor bat niola pentsatzen hasia nengoelako onartu nuen, baita idazle profesionala naizelako ere. Nik epilogoan esandakoa gainditu egingo da, azterketa sakonak egingo dituzte, idatzi berriak azalduko dira eta nik esandako gauza asko partzialak izango dira, edo guztiz okerrak. Literaturaren onerako izango da. Niri taroteko indar ilunak batu zitzaizkidan idatzi nuena zehaztu edo kontrastatu ez nezan Leteren paperak zeuzkan erakunde publikoan. Hala beharko zuen.

 

Lete poeta handia. Halakoxea da bere oihartzuna gaur egun ere. Baina zokoratutako, baztertutako, gutxietsitako autorea izan dela uste duzu? Besteen itzalpean bizi izandako artista?

Ez dut uste. Baina Lete kantariak Lete poeta tapatu duela bai. Kantua beti iritsiko da lehenago masa publikora poesia baino. Esan genezake Lete poeta dela kontsideratzen duen jende multzo batek ez duela beste poeta askorik ezagutuko, eta kantutik ateko Lete bera ere ez. “Izarren hautsa” eta “Urepeleko artzaina” izango dira askorentzat, tamalez, Leteren poemetan aipagarriak. Esan dizudan bezala, lehenbiziko arazoa izan daiteke Lete kantariak Lete poeta estaltzea. Hala ere, zergatik galdetu didazu Lete baztertua izan ote den?

Agian, beste kantari batzuek bestelako proiekzio bat izan dutelako edo bide desberdinagoa izan delako.

Leteren nitasunerako ez zegoen lekurik, ez zegoen publikorik, dena hartu zuen euskal rock gogor delako horrek 80ko urtealdian. Ez zuen bere burua giro horretan ikusten eta utzi egin zuen. Isilaldiak izan zituen poesiagintzan ere. Logikoa ere bazen krisialdia, Ez Dok Amairuren gailurraren ondoren. Eta erakundeetatik kultura modernizatu behar omen zuten haiek ez zuten mailarik eman. Abandonatuak ere sentituko ziren aurreko kantariak, horretan ez dut zalantzarik egiten.

Ahoan bilorik gabe. Epilogoan plagioaz hitz egiten duzu. «Arrisku larri samarrean» dagoen poeta salbatzen saiatu zara. «Xabier Lete konprenitzen lagundu nahi nizueke». Lete bere osotasunean, ezta?

Bi gauza esan nahi nituzke. Bat: Oso erraza da kondenatzea. Eta bi: Kondenatze errazak eragozteko, ez da politika ona kondenagarriei ez ikusia egitea. Diozun bezala, ahoan bilorik gabe adierazi behar zen nola zegoen “gorpua”. Eta txukun jarri dolua egin ahal izateko behar bezala, denok ikusi eta pentsamendu gozo-mikatz bat izan ahal dezagun, ez pentsamendu zeken bat, Letek oso berea zuen izenlagun bat erabiliz. Hori da niri interesgarria iruditu zitzaidana lan honetan, bere obraren berezko balioaz gainera.