2017/12/18

«Txapelak ere gozatu dezan buru ahaltsu horretan»

Maialen Lujanbio Zugasti da Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Bigarren txapela etxeratu du hernaniarrak, pauso eta begirada propioz, ariketaz ariketa lan eginez, BEC aupatuz eta zartatuz. Sebastian Lizasok txapela «buru ahaltsuan» pausatu dela esan zuen. Buru ahaltsua, begirada zorrotza, mingain zehatza, lurrera lotutako kontaketa.

Amagoia MUJIKA|BARAKALDO
1218_kuk_besarkada

Goizeko lehen ariketatik, Unai Agirrerekin jositako zortziko handitik, sumatu zitzaion Maialen Lujanbiori grina berezi bat, bertso bakoitzarekin harramazka egiteko intentzio bat. Horregatik, buruz burukoa gerturatu ahala, kiniela guztiek seguru samar hor kokatzen zuten hernaniarra.

Bigarrenarekin izen dantza handiagoa zegoen, batek baino gehiagok agertu baitzuen burua gora. Sentsazio horiek ez ziren oso okerrak. Mendiluze 1.138 punturekin pasatu zen buruz burukora eta atzetik zituen Colina (1.137,5) eta Arzallus (1.136).

Azkenean, Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek egin zuten pausoa aurrera, arnasa sakon hartu eta azken txanpari ekiteko; buruz burukoa, egun osokoaren ginda. Estua izan zen Maialenen eta Aitorren arteko besarkada buruz burukoan elkarrekin arituko zirela jakindakoan. Estua, hamar-hamaika urte dituztenetik elkarrekin dabiltzalako Hernaniko bertso eskolan. Estua, jokatu dituzten txapelketa guztietan elkarrekin entrenatu direlako. Estua, elkarren ondoan hazi direlako, oholtzan eta oholtzapean.

Buruz burukoan ofizioka aritu ziren lehendabizi, bizi-bizi. Zortziko handian, bakearen artisauen azalean aritu ziren, joan den asteburuko Parisko hitzorduari begira. Dotore josi zuten elkarrekin ariketa, ideia bat bestearen atzetik, plazaren gozamenerako.

Eta zortziko txikian, jolaserako ederki baliatu zuten, ondorengo gaiarekin: «Aitor 6 urteko umearen lagun imajinarioa da Maialen. Gaur esan dio Aitorrek Maialeni dagoeneko ez duela bere beharrik».

Maialenen lehena, «Adin hontara heldu ta hau da pikea/ kostatu zait nor nintzen ere jakitea/ uste al dezu zurea dela agintea/ orain kostako zaizu ni desegitea». Eta Mendiluzek, erantzun. «Baina ez da alperrik pasatzen denbora/ ia etzaitut behar ta etzaude gustora/ sortu zinen begiak itxita gerora/ ta berriz zabaltzea aski izango da». «...aizu helduaroa da denik ta tristeena/ gero re beharko dezu zuk irudimena», jarraitu zuen Maialenek. Eta, Aitorrek, «...enaiz bakarra izango zure jardunean/ zenbagarrena nintzen curriculumean». Ofizioa bikaina, nor edo nor eta, hala ere, elkarrekin.

Kartzelakoan, lehendabizi bederatzi puntukoa osatu behar izan zuten «izerdia» hitzaren bueltan. Hauxe, Mendiluzerena: «Izerdia, ze izerdi askoren galdera/ lehenengo begiratu besape aldera/ ni konturatu gabe umeldu ote da/ horko batzuenak bai dexente gainera/ baina hemen norbera/ ta ze egoera/ kezka da sobera/ ta izerditzen gera/ baino denonak ez du balio bera».

Eta Lujanbiorena, hitz beraren bueltan: «Izerdiak lehenago fama ona zekarren/ pixka bat moteldu da urtetan barren/ lehen lana ta izerdia zen balore aurren/ gaur egunera arte lagunak elkarren/ izerdia zer den/ zail da esaten zeren/ jai eta astelehen/ hartuta atseden/ besterenetik asko bizi da hemen».

Buruz buruko kartzelakoan honako gaia egokitu zitzaien: Bada ordu erdi auto bera atzetik duzula. Oso bide desberdinak aukeratu zituzten. Mendiluzek, zortziko handiko bakearen artisauen gaira bueltatuz, horrela bota zion hirugarrena atzetik segika zuen Poliziari: «Zenbat iritzi ta zenbat froga/ ta zenbat gezur, batzuk ahora/ baina aldatzen hasteko unea ere ez al da izango ba/ hara noa behera gora/ zer zatoz nere ondora/ ez galdu zure denbora/ edo bai galdu zu hor ikusiz barre egingo det gustora/ ni ez baldin banaiz mugitzen dena beste norbait izango da».

Maialenek, berriz, prostituta baten ahotik kantatu zuen; «Miribillako rotondan errekarriz errekarri/ bezelaxe egin ditut mila buelta errukarri/ geratzen dira kotxeak ta gu begira elkarri/ beraiek etorri esan ta guk dirua ekarri/ nahi bezelako bezero atseginik ez da sarri/ ta askotan gisan orain autoan estu ta larri/ ertzain auto bat atzetik eta sirenak aldarri/ baietz bera libre utzi ta neri isuna jarri», bigarrena. Oso goitik jositako lana izan zen. Orokorrean, eguneko bakarkako guztietan oso klima berezia sortu zuen Maialen Lujanbiok BECeko plaza berezian. Hain plaza handia bere baitara uzkurtzen sumatu genuen hernaniarraren harramazkez.

Azkenean, Maialen Lujanbio txapeldun 1.756 punturekin eta Aitor Mendiluze, bigarren, 1.680,5 punturekin. Buruz burukora iristerako Lujanbiok 59 puntuko aldea zeraman eta buruz burukoan Mendiluzek baino 16,5 puntu gehiago batu zituen.

Txapela, Sebastian Lizasok

Sebastian Lizasok jantzi zion txapela txapeldunari eta bien arteko besarkada ere esanguratsua izan zen. Auskalo zenbat plaza egin dituzten eta egiten dituzten elkarrekin. «Lizasotarren zubi izaten ahalegindu naiz benetan/ bi ertzekoak gogoan ditut momentu eder honetan/ bertsolaritza eta magia gauz bera diren unetan/ Maialen zu zinaden gaurkoan onena bai onenetan/ txapelarekin goza ezazu ondorengo urteetan/ txapelak ere gozatu dezan buru ahaltsu horretan», bota zuen Sebastianek oso azkar eta hunkituta.

Eta Maialen Lujanbiok bere bigarrena jantzi zuen buru ahaltsu horretan, inguratzen duen mundua hain modu periskopikoan ikusten duen begi parearen gainean, gai bakoitzari puntarik puntena topatzeko zorroztasuna duen begitarte horri itzala eginez. Hauxe, bere azken agurra: «Herri hau herri egin al dugu, ze eman du bizikidetzak/ zenbat eman du euskalduntzeak ez behar beste guretzat/ berrogei urte ta garaia da egurasteko ametsak/ akaso hortan bertsolaritza ona da adibidetzat/ beti ez du goitik behera egiten transmisioaren trentzak/ guk beti gora ikasi dugu ta zabaldu muga ertzak/ lehengoekin ta gaurkoengandik txapel hau gerokoentzat».

Bigarrena, Aitor Mendiluze, bertsotan majo egin ondoren, plazara askotan iritsi eta gero. «...bihar goizean esnatu eta aparra pasa denean/ berriz sinisten segi dezagun eguneroko lanean», bota zuen agurra, lanerako eta bertsotarako daukan grinaren seinale.

Hirugarrena, Sustrai Colina. Atzoko finalean goitik behera aritu zena, plaza behin eta berriz kulunkatu zuena. Pena handia buruz burukora ez pasatu izana, baina hor birentzat baino ez da izaten tokia. «...Euskal herria gelditu ez dadin euskal erdian/ bila ditzagun arnas ta ardatzak periferian».

Laugarrena, Amets Arzallus. Atzo zerotik ehunera iritsi beharra zeukan, txapelketako lehen saioa eta azkena baitzuen finalekoa. Ez da erraza motorra horretara jartzea eta arratsaldean sekulako goraldia egin bazuen ere, ezin iritsi muturrera, gutxigatik. «...nik euskaratik sakondu nahiko nuke subirautzan/ ta Luhusok erakutsi zuen txikien iraultzan/ denek parte hartu behar dugu bakearen artisautzan».

Bosgarrena, Igor Elortza. Bere azken txapelketa dela iragarri zuen eta plazak sekulako pena hartu zuen. Galera handia da. «...munduan leku bat nahi badira ugari/ ta nik bertsolari/ beti eskertuko diet gauei ta egunari/ euskaldun bizitzea euskaldun kantari».

Seigarrenak ere agur txapelketari, Aitor Sarriegik. Zalantzarik gabe aurtengo txapelketari kolore oso propioa eman diona. «...aurkituko ahalko nauzue maite ditudan gauzetan/ eta horien artean Euskal Herriko plazetan».

Zazpigarrena, Beñat Gaztelumendi. Printza propioak utzi zituen, nahiz eta ez zuen erabat atera barruan duen bertsolaria. «...gaurko eguna astinaldi bat izan dadila denontzat/ herri hau beste era batera eraiki nahi dugunontzat».

Eta, zortzigarrena, Unai Agirre, finalista berria. Bere-beretik josi zuen finala, segur aski bere buruari jarritako helburuak beteta eta plaza ondo gozatuta. «...bertso eskolan behin esan nuen azken txapelketa zana/ baina aintzakotzat ez da hartu behar bero haundian esana/ beraz entzule beste bat arte ta arindu deigun zama/ zure kulpa da garbi neukana zalantzan jarri izana». Agirrek, beraz, aldrebes. Utzi behar zuenak, segi.

PLAZAKO OLATUA


Puntuak puntu, BEC sekulako olatua izan zen atzo egun osoan, bertsolari guztiak aupatu zituen eta ale bakoitzarekin gozatu zuen. Puntuazio guztiak onenaren pare ospatzen dira plaza berezi horretan, 14.600 esku eta hanka pareren burrunbaz. Paregabea.

2 puntu >
Esanguratsua da datua. Buruz burukora iritsi aurretik, bi punturen tarte estuan hiru bertsolari zeuden: Amets Arzallus 1.136 punturekin; Sustrai Colina, 1.137,5 punturekin eta Aitor Mendiluze, 1.138 punturekin.