Amalur ARTOLA
GASTEIZ
Elkarrizketa
GARAZI ARRULA RUIZ
ITZULTZAILE ETA IDAZLEA

«Korapiloak nola askatzen diren baino nola sortzen diren interesatzen zait gehiago niri»

Izenburutik hasita mamirik baduen argitalpena da «Gu orduko hauek», Garazi Arrularen (Tafalla, 1987) izen-abizenak azalean daramatzan lehena. Baina ez du lehen liburua: itzultzaile den aldetik hainbat lan egin ditu, tartean Amelie Nothomb, Anais Nin eta Walter Benjaminen obren itzulpenak.

Idazle bezala estreinako liburua duzu, baina ez zara berria idazketan.

Ikastola garaitik idazten dut, baina orain lauzpabost urte erabaki nuen idatzitakoa gordetzen hastea. Niretzat oreka kontua da; noiz pisatzen duen balantzak gehiago alde batera, noiz gorde kaxoi batean idatzitakoa.

Eta zergatik argitaratu?

Pisatzen zidan jada kaxoian gordetzen jarraitzeak. Nire buruari ‘noiz arte?’ galdetzen nion eta, momentu batean, erabaki nuen ordutik aurrerakoak landuko nituela horretara begira.

Zortzi ipuin bildu dituzu liburuan. Zerk batzen ditu?

Orain dela urtebete, Durangoko Azokan aurkeztu nizkion bederatzi ipuin Mikel Soto Txalapartako editoreari, eta idazten jarraitu nuen. Bederatzi horietatik sei daude liburu honetan, eta beste bi ipuinak prozesu horretan nengoela idatzi nituen. Eta idaztean ez nuen pentsatu ‘giro hau edo beste hori kontatu behar dut’, baina imajinatzen dut idaztean norbere obsesioak errepikatzen direla.

Izenburuak, «Gu orduko ha-uek», markatzen ditu liburuaren zenbait osagai.

Oso argi nuen titulu hori jarri nahi niola. Iruditzen zitzaidan agertzen zituela liburuan errepikatzen diren elementuak. Batetik ‘gu’ kolektiboa, iruditzen baitzait ipuin guztietan agertzen dela komunitate txikiago edo handiago bat, izan eskolako lagunartea, helduarokoa, familia instituzionala zein norberak hautatzen duen hori, auzo elkarte bat... komunitateak dira. Gero, ‘orduko’ horrek uste dut distantzia adierazten duela, bai fisikoa eta bai denborazkoa. Eta ‘hauek’, erakusle hurbila da. Aunitzek esan didate ‘Gu orduko haiek’, baina ez, ez da haiek, hauek da, gertukoa, nahita. Kontrastea bilatu nahi nuen, lehengo eta egungo nortasunen artean badagoelako kontraste hori eta ‘hauek’ horrek markatzen du hurbiltasuna, eta aldi berean bestetasuna, norberaren eta bestearen arteko aldea. Eta iruditzen zait elementu horiek badaudela ipuinetan.

Eta bereziki liburua izendatzen duen ipuinean: horren gertukoak izan diren eta orain horren urruneko diren bi ahizpa.

Inkomunikazioa erabiltzen dut, asko interesatzen zaidalako hizkuntzaz egiten dugun erabilera. Pragmatika. Nola erabiltzen ditugun galderak, adibidez: galdetzen dugunetik aunitz ez da erantzuna jakiteko, izanen da zerbait baieztatzeko, zerbait aurpegiratzeko... Gezurra mila bider esaten dugu, nahiz eta ez izan gezur gaiztoak. Eta egia noiz eta nola erabiltzen dugun ere interesatzen zait. Edo zer ez dugun esaten asmatzen. Inkomunikazioa hizkuntzaren erabilera horren barne dagoela uste dut. Horrelako gatazka txikiak agertzen dira liburuan, mikrogatazkak. Ze, hizkuntza ez da soilik komunikatzeko. Hizkuntzarekin, esan baino gehiago egin egiten dugu, eta ez dut uste aunitzetan kontziente garenik horretaz.

Hirugarren pertsona erabili duzu ipuin gehienetan, urruneko narratzaile bat, irakurlea kontakizuna zulotxo batetik begira balego bezala bizitzera eramateraino.

Egia esan, aurkezpena prestatzean zenbatu nituen eta orduan konturatu nintzen. Ez dakit, agian distantzia bat hartzeko izan daiteke... Batzuetan ez da erraza narratzailearen ahotsa kontakizunean integratzea; aldiz, oso erraza da ahotsak nahi gabe nahastea. Baina saiatzen naiz fikzioa egitean ahalik eta gutxien sartzen idazlearen ahotsa. Pertsonaien ahotsek izan nahi dute protagonista eta kontatzen ahal dut istorio bat, liburua ixten duena adibidez, non ez dagoen dialogorik eta bi ahots dauden. Asmoa pertsonaiak agerraraztea baita. Eta agian bai, agian saiatu naiz narratzailearenetik baino pertsonaien ahotsetatik kontatzen. Berdin lehen ipuinean: narratzailea hirugarren pertsonan ari da, baina umearen ikuspegia kontatu nahi luke.

Ume baten ikuspegia dago, gazteena, eta baita adinekoena ere. Askotan, kosta egiten da gure adinkide ez den horren pentsamenduan sartzea.

Durangon, Iratxe Retolazak aipatzen zidan umeenean sintaxia erabiltzen nuela, adibidez, ‘gerezi-sugus kolorea’ aipatzen denean. Auzo elkartearen ipuina akta moduan idatzia dago eta pertsonaiak ‘Cuatrocaminos kaleko Raul’ gisan aurkezten dira. Hizkuntza erabiltzen saiatu naiz ahots horiek egiantzekoago egiteko baina, hala ere, iruditzen zait ez dagoela horrenbesteko alderik ume batengandik heldu edo atso batengana. Helduak agian arrazoitzeko gaitasun handiagoa izan dezake, baina haurrak harritu zaitzake. Ez dut uste amildegirik dagoenik.

Bukaerak guztiz ez ixtea atsegin omen duzu.

Niri, irakurle naizen aldetik, ez zait gustatzen dena murtxikatua ematen didatenean eta, gainera, iruditzen zait beti daukagula buruan sartuta korapiloak askatu egin behar direla, egitura zehatz bati jarraitu behar zaiola. Baina korapiloak nola askatzen diren baino nola sortzen diren edo zergatik sortzen diren interesatzen zait niri, baita gero korapilo horiek pertsonengan ze arrasto uzten duten ere. Ze, zuk korapilo bat egin eta askatzen duzunean, sokari arrastoa geratzen zaio, ez da inoiz hasieran zen hura izanen, soka higatu eginen da korapiloa askatu arren, hor beti geratuko da zerbait eta niri fokua hor jartzea interesatzen zait. Ez da hainbeste korapiloa askatu den edo ez, eta, orduan, bukaerak ere nahi horrekin daude lotuta.

Durangoko Azokan izan berri zara. Lehenengo aldia zenuen standaren beste aldetik?

Ez, gazte-gaztea nintzenetik saltzaile modura joan naiz, Txalapartakoei laguntzera. Azken hiru urteetan Ahotsenean egon naiz solasaldiak gidatzen eta, aurten, zuzenekoetan aurkezpenak egiten ere aritu naiz. Tartetxo bat nuenean joan naiz Txalapartara, figuratzera. Baina autore bezala bai, lehenengo aldia da noala.

Antzeman duzu diferentziarik?

Egia esan, ez naiz egon horrenbeste denbora aldea nabaritzeko. Diferentea da noizbehinka sinatu behar duzulako, baina badut itzulpen bat Txalapartarekin [Anaïs Nin-en “Venusen delta”] eta inoiz tokatu zitzaidan erosten zutenean saltzearekin batera sinatzea. Horretan bakarrik dago aldea, eta zure argazkia ikusten duzula hor inguruan [barreak].

Lehen aipatu duzu, ahotsa pertsonaiei ematen ahalegintzen zarela, narratzailea desagerrarazten. Baina, oro har, gai sozialek zeharkatzen dute liburua, bada bestelako elementu bat ipuinetan presente.

Girotzeko modu bat da agian. Paisaiak agertzen diren bezala [zortzitik sei ipuin Nafarroa erdialdean girotu ditu]. Ez dago berariaz kontsumoaren gaineko kontakizun bat egiteko nahia, adibidez, baina egia da mikrotik sortzen direla ipuinak eta gero girotzeko elementuak bilatzen dituzula, herri harresi bat adibidez. Atzealdeak oso aukeratuak dira, ez da kasualitatea, baina ez dira hasierako ernamuina. Herri harresia, auzo elkartea, Nafarroa erdialdea, horiek ere izan daitezke agertoki literario, ezta? Auzo elkarteko bilerak, adibidez, izan daitezke mikrogatazka horiek adierazteko isla bikaina, oso sukalde interesgarria da.

Nafarroa erdialdean kokatu dituzu zortzitik sei ipuin. Hautu kontzientea izan da hori ere?

Naturala egin zait. Ni bertakoa naiz, logikoagoa da kontatu nahi nuena hor kokatzea Ezkerraldean baino, ez baitut ezagutzen hain ongi. Gasteizen kokatu ditut beste bi ipuinak, urteak dira hemen nagoela eta gutxi gorabehera ezagutzen dut hemengo problematika. Agertzen da paisaia, Nafarroa erdialdekoa, nabarmen kasu batzuetan, baina ez nuke azpimarra horretan jarri nahi.

Itzultzailea zara. Besteren artean Amelie Nothomb eta Anais Nin itzuli dituzu, biak ere emakume adierazgarriak. Zuk hautatuta itzuli dituzu?

Anais Nin-ena enkarguzko lana izan zen. Entzuna nuen bere izena, baina ez nuen deus irakurria, azkenean Henry Miller baita ezaguna, bere amorante izandakoa. Ohi bezala gehienok gizona ezagutzen dugu. Egia esan, asko gozatu nuen hori itzultzen, eta ez bakarrik kontakizun erotikoak direlako. Nire lehen itzulpen lana izan zen, tamainakoa esan nahi dut, aurretik ere eginak bainituen Elearazi-n, Danele Sarriugarte eta bion blogean.

Nothomb-ena [“Hodien metafisika”, Igela, 2017] azkena izan da, eta hori nik proposatu nuen. Joxan Elosegik egin ditu bi lan bereak eta irakurria nuen, baina irakurri nuenean “Métaphysique des tubes”, nik itzuli dudana, ez dakit zer gertatu zitzaidan... Halako sukarraldi batek eman zidan eta eskatu nituen bere liburu guztiak, frantsesez.

Zeintzuk leudeke zure idazle kutunen artean?

Flannery O’Connor, Dorothy Parker, Lorrie Moore, Margaret Atwood... Asko anglofonoak, ipuingintzan aritzen direnak. Euskaraz, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano.

Ipuingintzara jotzen duzu irakurle bezala?

Bai… Ez dakit besteek zer egiten duten, baina oso logikoa iruditzen zait norberak kontsumitzen duen horretarako joera izatea. Gehien irakurtzen dudan bigarren generoa saiakera da, eta nobelak eta poesia ere irakurtzen ditut. Baina nire lehenengo bulkada beti izaten da ipuin liburuak hartzekoa.

 

«Itzulpena dela esateak baino gehiago saltzen du autorearena erdarazko bertsioa dela esateak»

Autoitzulpenaren gaineko tesiarekin zabiltza. Aterako zenuen ondoriorik.

Bat baino gehiago. Bata, euskaratik frantsesera edo gaztelaniara itzultzean zelako aldea dagoen, kopuruan zein aurkezteko moduan. Kopuruan aldea izugarria da eta, gainera, frantsesera autoitzultzen diren obra gehienak batera agertzen dira edizio elebidun edo eleaniztunetan, hau da, ez du lehenik bere bidea egiten euskarazkoak modu autonomoan eta gerora etorri edizio elebidun edo eleaniztunean, baizik eta aldi berean kaleratzen dira biak. Nik hori kezkagarritzat jotzen dut, euskarazkoa mendekotasun harreman batean geratzen baita eta ez du normalizazio prozesuan laguntzen. Bigarren ondorio bat da zelako estatus txikia duen itzulpenak: bertsio, berridazketa edo adaptazio modura saltzen saiatzen dira autoreak, editoreak eta prentsa. Arrazoi komertzialak daude atzean, gehiago saltzen baitu esateak bigarren originala edo autorearen erdarazko bertsioa dela; autoretasunak itzultzaile izaerak baino askoz ere indar gehiago du eta itzulpena, gainera, itzulpen literalarekin, hitzez hitzekoarekin lotzen da, baina itzulpena beti da interpretazioa. Nik itzultzen dudanean beti egiten ditut aldaketak, ez nuke noski hirugarren pertsona batetik lehenera aldatuko, baina itzulpenak mikro mailan begiratzean ikusten duzu ez direla horrenbesterainokoak aldaketak, itzultzaile batek eginen ez lituzkeen aldaketak ez behintzat. Iruditzen zait itzultzaile lana ez dela ezagutzen, autore horiek agian ez dutela ezagutzen itzultzaile batek zer egiten duen.

Eta gizarteak? Ez al da itzultzailearen figura orain arte eduki ez duen estatusa hartzen ari?

Bai, gehiago sozializatzen ari dela esanen nuke, hori egia da. Batzuek esaten dute goregi ere etorri garela [barreak]. Ez dakit hainbesterainoko den. Hala ere, saltzaile egon naizenean ez dakizu zenbat aldiz entzun dudan ‘ai, hau ez dut nahi, itzulpena baita’ edo eskatzen dizutenean gomendatzeko liburu bat itzulpen bat aurkezten badiezu ez dutela nahi. Egia da aldatzen ari direla gauzak, onera, baina oraindik ez dago maila berean. Eta hori ere bada arrazoi bat autoitzulpenak ez saltzeko autoitzulpen bezala.A.A.