M.U.
BIDARTE

Soltean erostea sustatzen duen Vracoop elkartea saritu du Euskal Elkargoak

Egitasmo aitzindariak sustatzea helburutzat duten sariak banatu berri ditu Euskal Elkargoak. Sariketaren bosgarren edizioaren karietara, hamasei lantegik aurkeztu dituzte egitasmoak. Horietarik hiru –Vracoop, Njuko eta Wave Bumper– hautatu dituzte. Proiektu bakoitzak 20.000 euroko laguntza jasoko du. Horrez gain, Estia ingeniaritza eskolaren sostengua izanen dute irabazleek, beraien egitasmoa aitzina eramateko.

Hain zuzen ere, goi mailako ikastetxe hori kokatzen den herrian, Bidarten, sortu zen Euskal Elkargoak nabarmendu duen Vracoop elkartea.

Soltean erosteko ohitura gero eta gehiago garatzen ari den garaian, Vracoopek sistema bat asmatu du saltokietan ontziratu gabeko produktuen antolaketa errazteko, era berean erosketa ordaintzeko orduan gardentasun handia eskaintzen duen eredua plantan emanez.

Bidarteko lantegian jarduten duen Charlotte Teixidok Mediabask-i azaldu dionez, Vracoopek garatu duen sistema, finean, aski sinplea da. Erosleak doako etiketa sistema baten bidez bere ontzia erregistratzen du Vracoopek asmaturiko sistema erabiltzen duen saltokian. Horrela, erosketa bat egiten duen bakoitzean, ontziaren pisua automatikoki deskontatu egingo dute. Era horretan, bezeroak benetan erosi duen kopurua baizik ez du ordainduko, bide batez dirua aurreztuz.

Egun, soltean erostea proposatzen duten saltokiak garatzeko fasean daude Euskal Herrian. Ondorioz, gaur-gaurkoz oso denda gutxik baliatzen dute Vracoopek proposatutako “box” sistema hori. Halere, Day by Day (Biarritz), La Mesure (Baiona) eta Euskal Vrac (Senpere) saltokiek sistema berriari ateak ireki dizkiote. Ipar Euskal Herritik kanpo, ordea, Frantziako hiri handietan batik bat, arrakasta polita bildu du Bidarteko lantegiak.

Dendak eta saltoki handiak

«Hilabetero lau-sei janari denda berri hurbiltzen zaizkigu sistema frogatzeko xede», azaldu du Teixidok. Vracoopeko ordezkariaren arabera, «2015ean soltean saltzen zuen janari denda bakar bat ere ez zegoen hexagonoan; gaur egun, aldiz, 250 badira, eta ereduak janari dendetatik saltoki handietara egin du salto».

Bidarteko lantegi aitzindari honek Euskal Elkargoak emandako saria baliatu nahi du preseski sistemaren zabaltze prozesuari ekiteko, «betiere janariaren xahupena amaitu eta, bide batez, zaborraren sorrera tipitzen duen kontsumo eredua sustatzeko asmoz».