GARA
GASTEIZ

Itzarri funtzionarioen pentsio planei ekarpenak egin dizkie berriz Lakuak

Lakuako Gobernua Itzarri borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeari ekarpenak egiten hasiko da berriro, 2012tik 90.000 funtzionario publiko ingururen pentsio planak baztertuta izan ondotik.

Itzarri borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeari berriro ekarpenak egitea ontzat eman zuen atzo Lakuak. Onuradun izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publiko osoan lan egiten duten 90.000 pertsonak. Gobernu Kontseiluak langileen ordainsariaren %0,5 ematea adostu du, eta erabaki horrek 17 milioi euroko eragina izango du aurrekontuetan. Hala azaldu zuen Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak.

Oroitu zuenez, 2012ko urtarrilaz geroztik Itzarriri egindako ekarpenak debekatuta zeuden oinarrizko araudi espainolaren erabakiz, eta orain berriro emango dute dirua, «segurtasun ekonomikoa eta juridikoa erabatekoa» delako. 2014an Itzarri sortzera eraman zuen «elkar ulertze eta adostasun jarrera berreskuratzeko» nahia agertu zuen Erkorekak. Sindikatuekin negoziatuz ekarpena %1era arte igotzeko borondatea erakutsi zuen. Erantsi zuen bigarren akordio batean ari direla lanean, funtzionarioei soldata %1,5 handitzeko asmoz.

ELAk gogoratu zuen Lakuak 2012an erabaki zuela Herri Administrazioko langileen Lan Hitzarmenari dagozkion ekarpenak ez egitea, eta ordutik hona ez duela euro bat ere jarri. «Orain arte aipatu izan du Estatuko legeak galarazi egiten zituela ekarpen horiek. Haatik, gaurko erabakiarekin agerian geratu da hura aitzakia besterik ez zela, legea aldatu gabe eta alde bakarreko erabakiz ekarpena egitea ebatzi baitu, modu partzialean bada ere», ohartarazi zuen.

Beraz, «baieztatu egiten da ELAk 2012tik eta, batez ere, 2014tik hona esan izan duena (urte hartan Estatuko lege bera indarrean izanik udalek eta foru aldundiek Elkarkidetzarako ekarpenak berreskuratu zituzten): borondate politikorik ez izatea da arrazoia arlo publikoan diharduten milaka langileek lan hitzarmenaren arabera ordaindu behar zaien kopurua jaso ez zezaten».

Urteotan sindikatuak behin eta berriz esan du Itzarrirako ekarpenik ez egitea ez zela zuzena. Itzarriko Gobernu Batzordean eta Batzar Nagusian salatzeaz gainera, sindikatuak Lakuari berari eskatu izan dio ekarpena egiteko, eta auzitara ere jo du hori lortu nahian.