2018/02/07

Burujabetza helburu, apirilaren 1ean Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu du Independentistak sareak
GARA|IRUÑEA

Hurrengo apirilaren 1ean Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin du Independentistak sareak. «Berriro ere, apirilaren 1ean, Euskal Herriak munduko herri guztien artean bere tokia izan behar duela aldarrikatuko dugu. Inolako kanpo inposaketa eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adieraziko diogu mundu osoari», adierazi zuen sareak ohar baten bidez.

Kataluniako prozesuaren harira irekitako egoerak eta espainiar Estatuak hartutako jarrerak honen «inboluzio politikoa» agerian utzi duela azpimarratu zuen. Hala, menpekotasunetik askatu eta burujabetza berreskuratzeko bideak zehaztera deitu zuen.

«Norabidea argi dago: Euskal Estatu sozial eta demokratikoa eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatu. Helburua, askatasuna, hots, herritar guztiok zoriontsu bizitzeko herri librea», aipatu zuen.

Ideia hori nabarmenduko dute, hain zuzen, Aberri Egunaren karietara antolatutako ekitaldietan. Eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dira eta, ondoren, ospakizunak segida izango du Iruñeko kaleetan barrena.

Aldi berean, euskal komunitatea mundu osoan zehar zabalduta dagoen tokietan ere ospakizunak bultzatuko ditu sareak.