Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Heriotzaren mugetan dantzan

Desnaturalizatua iritsi da heriotza gure garaiotara. Tabu bilakatu da. Isilpean bizi ditugu doluak. «Eta horrek guztiak eragin bat du gure bizitzan», ziurtatu du Jon Ander Alonsok, «Heriotza bikoitza (doble malta)» antzezlanaren zuzendariak. Urteetan buruan izan duen ideiatik abiatuta osatu du Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy antzezleekin batera heriotzaz eta horren ostean etor daitekeenaz hausnartzen duen obra. Asteburu honetan, Donostian.

Jon Ander Alonsok urteak zeramatzan heriotzaren kontzeptuaz hausnarrean, oholtza gainean eman zezakeena irudikatzen, eta “Heriotza bikoitza (doble malta)” antzezlanean bildu ditu heriotzaren inguruko gogoetak, baina ez hori bakarrik: «Heriotza kontzeptutik harago doa. Heriotza eta gero egon daitekeena planteatzen dugu nolabait eta bizitzaz ere ari gara. Heriotzak tabua izaten jarraitzen duelako gure gizartean eta horrek eragin bat du gure bizitzan; gure bizimoduak birplanteatzera eramaten gaitu, heriotza eta gero zer egon daitekeen edo ze ate ireki daitezkeen galdetzera», azaldu du Alonsok.

Oholtza gainean, bi aktore. Miren Gaztañaga eta berriki Goya sari bat irabazi duen Eneko Sagardoy. «Oso kontent nago beraiekin. Oso identifikatuak sentitu ziren proiektuarekin eta kontatu nahi nuen istorioarekin, hasieratik egon zen konexio hori», kontatu du zuzendariak, eta antzezleen artean ere «kimika ona» dagoela baieztatu du, «eta hori nabaritu egiten da eszenatokian».

Agertokia eraikitzeko minimalismoaren aldeko hautua egin dute: bi antzezle, kabina edo kutxa bat eta bi pantaila. Agertokian sartu-irten ibiliko diren zenbait objektuz aparte, ez dute beste elementurik erabili oholtza itxuraldatzeko. «Nahiko biluzik aurkitzen da eszena. Irudiak garrantzia du gure muntaian eta, ikus-entzunezkoa eta eszenikoa uztartzea gustatzen zaigunez, monitore horien bidez eszenatokian gertatzen dena beste ikuspuntu batekin ikusi ahalko da. Orduan, nahiko minimalista da zentzu horretan, baina horra eraman gaitu prozesuak, nahi genuena aurkitu dugula uste dut», zehaztu du.

Izan ere, lan kolektiboaren emaitza izan da “Heriotza bikoitza”. Alonsok azaldu du hastapeneko ideia edo kontzeptua berea bazen ere, helduleku horietatik abiatuta sorkuntza kolektiboz eraiki dutela testua eta antzezlana bera. «Hasieran bagenituen gure lan iturri-edo izango ziren testu batzuk eta, horietatik abiatuta, inprobisazioaren bitartez joan gara bai testualki zein eszenikoki sortzen», ziurtatu du. Sorkuntza kolektiboko prozesuak emankorrak bezain nekezak izaten direla badaki Alonsok, «eta pasa ditugu momentu txarragoak eta hobeak», onartu du, «gorabehera askoko prozesua izan da baina aurretik bagenekien horrela izango zela eta prestatuta ginen».

Sorkuntza lana amaituta atzera begiratzen jarrita, egindako bidearen emankortasunean jarri du begia: «Behin estreinatu ostean, konturatzen naiz prozesua bera izan dela guretzat garaipen bat, ze oso aberasgarria izan da guztiontzat maila pertsonal, kolektibo zein artistikoan. Gainera, uste dut momentu txarrak ere aberasgarriak direla, horietaz pila ikasten duzula, eta, beraz, balantzea oso positiboa da zentzu horretan».

“Heriotza bikoitza (doble malta)” azaroan estreinatu zuten Azpeitiko Soreasu antzokian. &dcFour;Antzezlanak heriotzaren gai korapilatsuari heltzen dionez, jendea topatuko zuenaren «beldur» zela ere azaldu du Alonsok: «Gure erreminta nagusia ‘Bizitzaren eta heriotzaren liburu tibetarra’ izan da eta jendeak bazuen beldurra, ea dramatikoegia izango ote den edo. Nik uste dut denetik baduela. Heriotza gai sakona da eta gure erronketako bat izan da lehen gradu horretatik hirugarrengora pasatzea, desbirtuatzea edo desegitea, heriotza beste zentzu batean jorratzea». Hala, «oso ilunak edo sakonak» izan daitezkeen uneak baditu antzezlanak, baina «absurdoa ere erabiltzen dugu, eta lehendabiziko pertsonan hitz egiten dute aktoreek, dramatismo horrekin hausteko. Uste dut zentzu horretan nahasketa polita eta batez ere orekatua duela».

Azpeitiko estreinaldiaren ostean, abenduan Bilborock-en eman zuten. «Feedback-a oso positiboa izan zen. Ez genuen espero hain harrera ona izatea eta uste dut horrek bultzada polita ematen digula. Hasten ari gara, bi emanaldi egin ditugu eta hemendik aurrera bidea egitea tokatzen da, ea boloak ateratzen diren».

Hurrengo hitzorduak Donostian (larunbatean eta igandean, Gazteszenan) eta Errenterian (martxoaren 18an, Niessen kulturgunean) dituzte.