Maite UBIRIA BEAUMONT
Elkarrizketa
OIHANA PAROT
UNAI PAROTEN ALABA ETA ION KEPAREN ILOBA

«Indarra egiten segituko dugu, esperantza atxikiz»

Oihana Parotek (Baiona, 1988) aita eta osaba kartzelan ezagutu ditu beti. Bosgarren aldiz ukatu diote baldintzapeko askatasuna bigarrenari. Berri latza dela aitortuta, esperantza atxikitzeko parioa egiten du, eta lanean segitzeko deia luzatzen du, «denok etxera ekarri arte».

Nola hartu duzu zure osabari baldintzapeko askatasuna ukatzeko erabakia?

Ez ni ez hemen bildu garenok ez gara bereziki harrituak, baina, hala ere, esperantza ttipi bat bagenuen... ea bosgarrenean lortzen zen.

 

Lehenengo pentsamendua, osabarentzat. Berarekin mintzatu zara berriki?

Denbora pixka bat bada ez naizela berarekin mintzatu, baina eskutitzen bidez harremanetan gara. Berarentzat une latza dela pentsatzen dut, jakinik ere auzia zaila bazela, hala ere, beti esperantza baduzu. Orain beharko du, nekeza bada ere, berriz ere indarra hartu eta esperantza atxiki.

Epaia beraren aldekoa izan ondoren, fiskalak harturiko jokabideak zapuztu du aukera.

Aurreko batean bezala, baita honetan ere. Jujeak onartu zion bere eskaera, baina fiskalak helegitea ezarri zuen eta azkenik atzera bota dute dosierra.

Jakin behar da horrelako eskaera bat egiteko bete behar diren desmartxak ez direla samurrak, bermeak eta epeak estuak baitira.

Aldi bakoitzean behar da dosierra muntatu, berriz behar da lan eskaintza bat lortu eta beste bermeak ziurtatu, eta hori ez da erraza. Are gehiago adin aldetik aurrera joan ahala.

Nola geratzen da orain auzia?

Zerotik hasi behar da berriz. Urtebete itxaron behar, ezin baita berehala berriro galdetu. Izan ere, ziur ez duela amore emanen. Aita eta besteok bezala segituko du askatasuna berreskuratzeko borrokan.

Jendartearen aldetik zer espero duzu?

Ez presoek ez guk ezin dugu dena egin, Parisek eta Madrilek ere behar dute zerbait eman. Edozein kasutan, guk jendearekin batera tinko segituko dugu, indarra egiten segituko dugu, esperantza hala-hola atxikiaz, gaur bezala elkarrekin, denok etxera ekarri arte. M.U.