GARA
IRUÑEA

Jazarpenagatik eskola bat zigortu dute Nafarroan

Lehen aldiz ikastetxe bat zigortu dute Nafarroan, ikasle batek pairatu duen jazarpena edo bullying delakoarengatik. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Probintzialak 14 hilabeteko «zaintzapeko askatasuna» eta 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri dio adingabeko bati beste adingabe bat eskolan jazartzegatik.

Baina epai honetan nabarmentzekoa den berrikuntza nagusia da ikastetxea –Tuterako Jesuitas– arduradun subsidiariotzat jotzen dela, zigortutako adingabearen amarekin batera.

Auzitegiak atzera bota ditu Iruñeko Adingabeen Epaitegiaren aurreko epai baten aurka zigorturiko adingabeak eta ikastetxeak paratu zituzten helegiteak. Aurreko epaia erabat berretsi du Auzitegiak.

Epaian azaltzen denez, ikastetxe horretako ikasle talde batek adingabe baten aurkako jazarpena egin zuen bai zuzenean bai sare sozialetan. Eraso fisikoak egiteaz gain, beste ikaskideengandik isolatzen zuten.