Jon GARMENDIA
Idazlea

Aterpearen prezioa

Gustura nengoen Lapurdiko kostari buruzko albistea entzuten, Biarritzeko Euskaldunen hondartza (Côte des Basques) Frantziako hiru ederrenen artean izendatu zutela erabiltzaileek, eta Hendaiakoa zortzigarren postuan kokatu zela. Eta, tok-tok, tristurari atea ireki nion. Sareko orri famatu batean egin da inkesta, eta, tira, onartu behar dut bizi naizen inguruko tokiak Frantziako ederrenen artean daudela entzuten dudan aldi bakoitzean belarrian elefante bat sentitzen dudala danbatekoak jotzen. Aspertzeraino errepikatzen dut besteak oporretara datozen lekuan bizi garela, eta hori aski neurgailu badela zein leku ederrean bizi garen ohartzeko. Baina turistentzat polita den hori ez da hain eder ageri bertakoentzat, ez behintzat patrika sosez betea ez dutenentzat, albiste horren ondoan aipatu baitzuten laugarren aterpegabea (sans-abri bat, izenik ere merezi ez duen gizakia balitz bezala) hil zela Biarritzeko parking batean. Lapurdiko kostan urtarril bukaeratik hona hiltzen den laugarrena, larria oso. Baina hondartza ederren albisteak piztu zuen eztabaida albisteak amaitu bezain laster, ez aterperik gabekoaren heriotzak. Mikel Laboak kantatutako Bertolt Brechten poema kantatzeko desira piztu zitzaidan orduan, haizeari galdetuz «bilutsirik daudenentzat» aterperik bilatzen ote duen inork bazterrotan oraindik ere, mundu eskas hau hobetuko ez bada ere «gizon batzuek gau batez, ohea» ukan dezaten, «aterpean haize hotzik ez eta bereri zihoakien elurra, karrikan ari» dela jakinda lasai lo egin dezagun denok. Gosea ez baita gose denaren ardura, gurea ere bada, aterperik ez duenaren ardura ere gurea den bezala. Albistegiaren amaieran aste honetan hotz handiagoa egingo duela entzun nuen. Eta «ai ama» ahul eta xalo bat baino ez zitzaidan atera.