2018/03/09

Kronika
XABIER REY
«HERRIARI BETIKO LOTUTA», IRITSI ZEN REYREN HILOTZA

ETXETIK URRUNDU GINTUZTEN EGUN BEREAN, HERRIAREN ZILBOR-HESTEARI GELDITU GINEN LOTUAK. BISITAK, GUTUNAK, DEIAK GURETZAT DIRA URRUN DAUKAGUN HERRIA ALBOAN IZATEA». EZ DIRA AZKENAK, BAINA BAI XABIER REYREN HITZAK, EL TRONO DE JUDAS TALDEARENTZAT IDATZIAK ETA ATZO BIZITAKOA LABURBILTZEN DUTENAK.

Aitor AGIRREZABAL
0309_eg_sortu

Gaur, 13.00etan, azken agurra emanen diote Xabier Rey «Antxo» preso politikoari Iruñeko hilerrian. Bihar, 17.00etan, manifestazioa.

Goizeko lehen orduan iritsi zen Xabier Reyren hilotza Iruñera, etxetik 1.000 kilometrora bere heriotzaren lekuko bakarra izan zen ziegatik bide luzea eginda. Txalo eta elkartasun oihuek egin zioten harrera 08.00 aldera Irache beilatokiaren atarian, isiltasun ozen batekin bat eginez. Asko ziren garrasi egin ezin zutenak, emozioak jota. Bertan zeuden senide, lagun, militantzia kide eta ezagutu ez baina berari eta bere gertukoei elkartasuna adierazi nahi izan zieten auzokide ugari.

Ehunka lagun elkartu ziren goizean goizetik eta hilotza zekarren autoaren inguruan hartu zuten tokia. Omenezko aurreskuaren ostean, besoa altxatuta eta “Eusko Gudariak” abestuz hautsi zuten isiltasuna. Musika- talde iruindarrarentzat idatzitako letran dioen bezala, atzo ere herriak bere alboan egon nahi izan zuen, azken bisita bat eginez. Bidean zeuden hainbat eskutitz, ostera, ez zaizkio inoiz ailegatuko Donibaneko bizilagunari.

Gerturatutako askok sentipen berbera adierazten zuten. Oraindik ere ongi barneratu gabekoarena. Barruak nahastuta eta shock egoerak egun batzuetan iraungo duela jakinda, bertan egon nahi izan zuten. Eta sentipen hori argi ikus zitekeen egunotan lo gutxi egin duten hurbilekoan artean.

Beilatokiak 10.00etan ireki zituen ateak eta egun osoan zehar jendetza etengabe gerturatu zen. Sortu, LAB eta Ernaiko ordezkaritza bat izan zen senideei babesa erakutsi eta, lore-sorta bat eskuetan hartuta, Reyri azken agurra ematen lehenetako bat. «Xabiren heriotzak ez zuen inondik inora gertatu behar, guztiz ekidingarria izan da», adierazi zuen Sortuko koordinatzaile Miren Zabaletak, eta heriotza testuinguruan kokatu zuen ondoren: «Espainiar Estatuak eta PPren Gobernuak euskal preso politikoen aurka mantentzen duten politika kriminalaren ondorio izan da». Horren aurrean, «bake garaia» dela gogorarazi eta salbuespen neurriak «behin betiko» desagerrarazteko exijitu zuen Zabaletak.

Azkena izan dadila

Bide horretan lanean hasteko deia egin zien ezker abertzaleari eta Euskal Herriko alderdi, sindikatu, gizarte eragileei zein jendarte osoari, «herri honek ez duelako inola ere beste euskal preso politiko baten heriotza dela-eta negar egin nahi». Helburu horrekin mobilizazio jendetsua espero du ezker abertzaleak larunbatean Iruñean deitua duen manifestazioan. «Bakerantz eramango gaituen bide-orri bat akordatu behar dugu», gehitu zuen Zabaletak.

Reyren heriotza oraindik ere barneratu gabe izan arren, batek baino gehiagok aurrera begiratu zuen eta galdera beraren erantzunen bila hasiak ziren. «Eta orain zer? Zer gertatzen da datorren asteburuan, bisitan doan senide batek istripua baldin badauka?».

Eta une horretan, berriz ere, atzoko egunarekin bat egin zuen 2013an Xabier Reyk idatzitako abestiak. «Amak sabelean daraman haurrari bezala eskaintzen diguzue elkartasuna. Zuen laguntzaz lortuko dugu garaipena. Maite zaituztegu, zuek maite gaituzuen bezala».