Nagore BELASTEGI

«Atximur txikiak» egiten dituen artea, eta azalean betiko gelditzen dena

Duela 25 urte Estatu espainolean ez zegoen tatuajeak egiten zituen estudiorik. Egun hiri guztiek dute mordoxka bat. Tatuajeek zuten fama txarra galdu dute eta egun jende askok, batez ere gazteek, eramaten dute baten bat. Bizimodua edo moda, gorantz doa joera.

Stockholmeko hiritarrak omen dira munduan tatuaje gehien dituztenak. Azken bi hamarkadetan tatuatzea goranzko joera bihurtu da. Espetxearekin edota marinelekin lotzen ziren azaleko marrazkiok egun edozein estilora egokitu daitekeen moda bilakatu dira. Moda izatea ere arrisku bat da, tatuajeak ez baitira aspertzen garenean alda dezakegun kamiseta bat. Hala ere, laserraren bitartez ezaba daitezke gaur egun.

Arte mota honen gorakadak eta gizartean duen onarpenak topaketak antolatzera bultzatu ditu profesionalak, euren lanak ezagutarazteko bide bezala. Euskal Herrian topaketa txikiren bat egin bada ere –batik bat eskualdeka eta arrazoi solidarioak direla medio–, Irunen egin da EAE mailako lehenengo topaketa handia. Antolatzaileek «lehenengoa» dela azpimarratu nahi izan dute, jarraipena izateko xedearekin gauzatu baitute. Ostiralean hasi zen Ficoban eta atzo arte iraun zuen azokak. Hiru egunetan lehiaketak egin dituzte, bezeroen azalean marraztutako diseinuekin. Estudio bakoitzak kategoria bat hautatu eta diseinu bat prestatzen zuen, eta ondoren modeloa bilatzen zuten jendartean.

«Margolari baten artelana bezalakoa da; ez duzu artelana gustatzen zaizulako erosten, baizik eta egilea gustatzen zaizulako. Bada, honetan berdin», adierazi zuen Bartzelonako Nova Tinta estudioko Toni Novak. Berak eguneko tatuajerik onenaren sarietako bat eta beltz-gris kategoriako lehen postuetako bat irabazi zuen. Berarentzat honelako topaketetara joatea aukera bat da bere lana ezagutarazteko. Normalean tatuatzaileak gonbidatzen dituzte, eta orduan jarraitzaileak horiekin zitak zehazten hasten dira. Novaren kasuan alderantziz gertatu zen, bezero euskaldun batzuk hitzorduak eskatzen hasi ziren eta orduan erabaki zuen Irunera etortzea.

Saridunek harro erakusten zituzten eskuratutako sarien oroigarriak, badakitelako halako topaketetan maila handia dagoela eta edozein kategoriatan irabazle suertatzea ohore bat da beraientzat. Gainera, etorkizunera begira ere «curriculumerako» datu garrantzitsu bat da.

Euskadi Tattoo Convention honen kartela euskal iruditeriarekin lotu nahi izan dute, besoan lauburua eta eguzkilorea tatuatuta dituen aizkolari bat agertuz. Eta noski, topaketan ere ezin ziren euskal estudioak falta. Horietako bat da Santa Venus, Irunekoa bertakoa. Mai da tatuatzaile nagusia, 22 urteko neska bat, lentilla gorridun bezeroari hankan erretratu bat egiten ari zitzaiona puntillismo –«dot work»– estiloan. Bere lankidea da 21 urteko Raquel Blue Experience, «black work» eta «old school» estiloetan aditua. Azken honen bikotekidea da David, hanka eta besoak tatuatuak dituena. «Destakatzea da garrantzitsuena, egiten duzuna egiten duzula. Eta bi neska hauek saiatzen ari dira. Nahiz eta denbora gutxi daramaten lanean, Maik bere estudio propioa dauka eta Raquelek sekulako lana egiten du egunero», esan zuen miresmenez.

Tatuaje ugari dituen gizonaren esanetan, mina baino «atximur txikiak» sentitzen dira tatuaje bat egitean. «Hala ere, amaitzen denean ez zara ‘minaz’ gogoratzen, diseinua zure azalean ikusten duzunean sentitzen duzun satisfazioaz baizik», azpimarratu zuen. Era berean, gomendatu zuen modagatik ez tatuatzeko, eta azalean eraman nahi duguna ondo pentsatzeko, betiko delako. «Agian, norbaitek pentsatuko du daramazuna tontakeria bat dela edo ez dela polita, baina axola duen bakarra zuretzat esanahia izatea da», kontatu zuen bere gorputzean dituen marrazki batzuen esanahia azalduz: besoko garezurrak, hil diren pertsona maitatuengatik; alboan dituen loreak, jaioberriengatik; madalena bat, Magdalena delako bere amonaren izena eta larrosa bat, bere tatuajerik berriena –Raquelek egindakoa–, bere izebari eskainia.

Mina saihetsezina da

Davidek mina ez dela hainbesterako esan arren, askotariko jarrerak ikusi genituen atzo azokan. Izan ere, gorputzak ez du berdin jasaten ordubeteko tatuaje txiki bat edo zazpi orduko diseinu handi bat. Eta halako topaketetan ohiko da tatuaje handiak egitea. Atzo asko ziren hanka izterretik orkatilaraino tatuatzen ari zirenak. Horietako bat zegoen Utrerako DYL Tattooren txokoan. Espazio nahiko handia zuten, lau tatuatzaile ari zirelako lanean, eta horrek ikusmin handia sortu zuen bertaratutakoen artean.

Horietako bat bere lan luzea amaitzen ari zen. Orkatilatik gertu ziztatzen ari zen, bezeroak eskuarekin aurpegia estaltzen zuen bitartean. Buruarekin ezezko keinua egiten zien lagunei, parean begira zituela. «Zein gaizki pasatu dudan», esan zuen amaitzean, hasperenka, ohatilaren gainean zutik zegoela tatuatzaileak azken sendaketak egiten zizkion bitartean. Izterrean Son Goku haurra zeukan herensugearekin, belaunaren parean, dragoi bola bat eta azpian, Goku heldua eta Vegeta zeruan hegan.

Handik ez oso urruti zegoen Titanium Tattoo and Piercing Bilboko estudioa. Kolore kategorian bi sari irabazi zituen Andres Martinez tatuatzaileak. Mari Luz da estudioaren jabea, piercingak eta estetikako tatuajeak (ezpainak, bekainak) egiten dituena. «Kanpoko artistak bilatu eta Bilbora ekarri ohi ditut, txandakatuz. Talentu handiko gazteei aukera bat emateko modua da», adierazi zuen.