2018/03/13

Enpresetako zein erakunde publikoetako batzordeek ezetz esan diote Zubietari

Gipuzkoako ehundik gora enpresak erraustegia gelditzeko eskatu dute, alternatibarik badela aldarrikatuz. Langile batzordeek auzian parte hartzea eskatu dute beren bizimoduan «eragin zuzena» izango duelako.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
0313_eh_erraustegia

Langileek erraustegiaren inguruan parte hartzeko eskubidea dutela defendatuz, Gipuzkoako ia 200 enpresa pribatu zein erakunde publikoetan kanpaina landu dute langile batzordeek, auzi honetan beren hitza entzuna izan dadin aldarrikatzeko. Norabide horretan, herrialdeko ehun lantegi baino gehiago Zubietako proiektuaren aurka agertu dira, alternatiba bat eskatuz; «egon badagoelako», adierazi zuen atzo euskal gehiengo sindikalak Donostian egin zuen agerraldian.

«Langileriak badu zer esana erraustegiaren inguruan eta, are gehiago, parte hartzeko eskubidea du, auzi honek eragin zuzena baitu beren bizimoduan eta lan baldintzetan», adierazi zuten Bakarne Odriozolak (ELA) eta Maribel Alberdik (LAB).

«Badago alternatiba: hondakinen kudeaketa iraunkorra, birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz. Dagoeneko demostratu da alternatiba erreala eta eraginkorra dela. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jartzen dituen gizarte eredu berria beharrezkoa da», nabarmendu dute.

«Gizartean dagoen kontrako jarrerari eta aurkeztu diren alternatibei kasurik egin gabe» Gipuzkoako Aldundiak Zubietako plantaren proiektua gauzatzea erabaki izana ere gaitzetsi dute: «Gipuzkoako jendarteak dituen benetako beharrei erantzuteko behar diren ehunka milioi euroak guztiz kaltegarria den azpiegitura hau eraikitzeko erabiliko dituzte».

Hain justu, paradoxikoa edo ez, Gipuzkoako Aldundiko langile batzordea ekimen honetara atxiki direnen artean dago. «Begi-bistakoa da Aldundian bertan langileek ez dutela bat egiten zuzendaritzak hartutako norabidearekin, eta langileek, hemen ere, hitza hartu nahi dute», eman zuen jakitera Olatz Arozena LABeko ordezkariak.

Martxoak 20, jardunaldiak

Agerraldian bertan datorren asteartean, hilaren 20an, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, sindikatu eta lan munduko hainbat eragilerekin batera, hondakinen errausketaren eta horien kudeaketaren inguruan antolatu den jardunaldia aurkeztu zuen.

Ibaetako campusean Piotr Barczak Europako Ingurumen bulegoko hondakinen arduradun teknikoak hitzaldia emango du (09.30ean). Ondoren, sindikatuek mahai inguruan hiru gai jorratuko dituzte: lan osasuna, enplegua eta parte hartzea. Hitzordua 10.30ean izango da. 12.30ean lan munduko eragileen giza katea egingo da Aldundiaren inguruan.

Arratsaldez, berriz, bi hitzordu egongo dira. 18.00etan, San Telmon, “Angula ustelak” hitzaldia, Ainhoa Intxaurrandieta, Igor Meltxor eta Barczak-en eskutik. 19.30ean eguneko bigarren giza katea egingo da, hau ere Aldundiaren inguruan.

JARDUNALDIAK


Errauste plantaren aurkako mugimenduak, sindikatu eta eragileekin batera, jardunaldiak antolatu ditu hilaren 20rako. Hitzaldiak, giza kateak eta mahai inguruak izango dira.