2018/03/13

Gatazka egoeran bizi diren artistei atea zabaldu die MAk

Moving Artists (MA) ezegonkortasun, krisi, gatazka edo zentsura egoeran bizi diren artistei mugitzeko erraztasuna eskaintzen dien lehenengo erakundea da. Estreinako truke artistikoa egingo du orain Azar Othman eta Niga Salam Latif sortzaile kurduekin. Bilbon sei asteko egonaldia egingo dute bi artistek beka bat eskuratu ondoren.

GARA|BILBO
0313_kul_azar

Moving Artists (MA) erakundeak bere proiektua bi artista kurduren trukearekin hasiko du; Ixone Sabada bilbotar artistak sortutako erakunde honen lehenengo egonaldi artistikoa egingo dute.

Erakundearen xedea herrialde zenbaitekin truke artistikoa sustatzea da, herrialde horien testuinguru politikoak, ekonomikoak eta sozialak zailak direla-eta. Bertako artisten mugikortasuna erraztuko du egitasmo berri horrek eta, ondorioz, praktika artistikoa ziurtatuko du.

Niga Salam Latif 21 urteko argazkilaria eta Azar Othman 31 urteko sortzailea Suleimaniyakoak dira, Kurdistango hiriburu kulturalekoak eta lehengo urteko maiatzean aukeratu zituen epaimahaiak trukerako. Programa honek bidaia, ostatua, lanerako gune bat eta dietetarako laguntza ekonomikoa emango dizkie artistei.

Bi sortzaileon egonaldiak sei asteko iraupena izango du, BilbaoArten egingo dute praktikaldia eta Rekalde aretoarekin lankidetzan jardueretan parte hartuko dute.

Edizio hau joan-etorrikoa da; hau da, maiatzerako Euskal Herriko artistentzako deialdi bat zabalduko da, 2018 amaieran Kurdistanen egonaldi artistikoa egin ahal izateko.

Proiektu honek Bizkaiko Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Lakuako Gobernuaren babesa du eta bigarren edizioa lantzen hastear dira dagoeneko, Afganistan gune duen edizioa, alegia. 2019ko urtarrilaren hasieran afganiar artistek (gutxienez bitako bat emakumezkoa izango da) sei asteko egonaldia egingo dute Bilbon.

2020. urtean Rekalde Aretoak erakusketa bat egingo du erresidentzia programatik igarotako herrialdeetako artistekin, baita arriskuan dauden artearekin zerikusia duten artista gonbidatuekin ere, eta proiektu honen babesarekin egindako obrak izango dira ikusgai.

Moving Artists irabazi asmorik gabeko erakunde independentea da eta gatazka, krisi, ezegonkortasun edo zentsura egoeren ondorioz mehatxatuta dauden arte profesionalen nazioz gaindiko mugimenduaren eta trukearen alde aritzeko bokazioa du.

Gerrako gatazka luzeen eta krisi humanitarioen ondorioz askotan mugak itxi eta kulturalki isolatu egiten dira; ondorioz, erasandako lurraldeetako kultura-ekoizpena baldintzatu egiten da eta kanpoan kultura arloko pertzepzioak distortsionatu egiten dira. MAk gune kartsu berriak sortu nahi ditu sorkuntza artistikorako, lankidetzarako espazioak, esanahia dutenak; mugimendurako, elkarri eragiteko, bideak sortzearen bidez egiten da hori; batetik, herrialde hauetako artistak daude eta bestetik, kanpoko komunitate artistikoak.

Egungo erresidentzia programez gain, Moving Artists erakundea arte arloko profesionalen mugimendua sustatzeko modu berrien bila ari da etengabe muga politiko eta ideologikoen gainetik, dela gatazka egoeran, dela gatazka baten ondoren. «Gero eta konplexuagoa da gure komunitate globala eta arte bizien ondarea babestea eta trukatzea funtsezkoa da diplomaziarentzat eta erresilientziarentzat ere», adierazi dute ohar bidez.

SEI ASTEZ


Bi sortzaileon egonaldiak sei asteko iraupena izango du, BilbaoArten egingo dute praktikaldia eta Rekalde aretoarekin lankidetzan jardueretan parte hartuko dute.