2018/03/14

AMAIA HENNEBUTTE
IDAZLEA, AKTOREA ETA KIRIBIL KONPAINIAKO KIDEA

Krisi egoeran artea lagungarri izan daitekeela sinetsita siriar errefuxiatuen Libanoko kanpamentu batera joan zen Amaia Hennebutte, Kiribil konpainiaren izenean. Hortik abiatuta egitasmo bat osatu dute, eta apirilean hori gauzatu ahal izateko diru-bilketa kanpaina antolatu dute.

«Siriar errefuxiatuen kanpamentuan artearen garrantzia sekulakoa da»
Idoia ERASO|SENPERE
0314_kul_hennebutte

“Liburuak hesiaren kontra” dauka izena Kiribil konpainiak siriar errefuxiatuak laguntzeko sustatu duen proiektuak. Urtebetez prestatzen ari diren lana gauzatzeko lau kide abiatuko dira Libanora apirilaren 3tik 17ra. Liburutegi txiki bat eta arte formakuntza eskainiko dituzte.

Nola abiatu zen apirilean Libanora eramanen zaituzten proiektua?

Hastapenean inpaktatua nintzen Sirian gertatzen ari denarekin, baina jende anitz bezala ezer egiteko aukerarik gabe. 2016ko azaroan telebistan ikusi nuen Bernie Bonvoisinen dokumental bat: Libanora hilabete oso batez joan zen eta siriar haur errefuxiatuei hitza eman zien. Hor agertzen da Beyond gobernuz kanpoko erakundea. Beraiek artearekiko sentsibilitate berezia dute, eta esplikatzen zuten haur guztiek egiten zutela aktibitate artistiko bat. Hau ikusita zinez piztu zitzaidan barnean gogo bat, guk ere beharbada zerbait egin genezakeela. Eta joanen nintzela harat, erakunde hori ezagutzera, eta ikustera zerbait muntatzen ahal zen gure konpainiarekin.

Orduan deliberatu zenuen Libanora joatea?

Gerla biziki gogorra zen eta denek erraten zidaten biziki lanjerosa zela. Lehenik konpainiako kideei galdetu nien, ni joaten banintzen, eta zerbait muntatzea lortzen banuen, gero etorriko ote ziren, eta baietz erantzun zidaten. Harremanetan sartu nintzen hango jendeekin eta azkenean Bernie Bonvoisin ere telefonoz ukan nuen, eta galdetu nien ea arriskutsua iruditzen zitzaien, eta denek erran zidaten ezetz. Egia da bidaia pixka bat zaila izan dela, bakarrik, eta hango gobernuz kanpoko erakundearekin ez bainuen hainbeste harremanik izan.

Nora joan zinen?

Zahle, hiri ttipi bat da, Beirutetik 60 km-ra eta Siriatik 35 km-ra. Hiri biziki turistikoa da, eta hotelean bakarra nintzen, testuinguru berezia da. Ailegatu eta biharamunean norbait pasa zen nire bila, eta eraman ninduen kanpamentura.

Zer lan egiten du Beyond gobernuz kanpoko erakundeak?

Inportantea da Libano osoan. 1.200 dira lanean, eta erran zidaten lehenak izan zirela kanpamentuen erdian plantatzen. Beraien lana laguntza ematea da janari eta osasun aldetik, baita psikologikoki ere. Errefuxiatuen artean gehienetan gizonak eskas dira, hilak izan direlako, eta lanera joaten direnak emazteak eta haurrak dira. Nik ikusi ditudan haur guztiak lanean arituak ziren, beraz, elkarteko lan sakona da familiarekin konfiantzazko harremana sortzea, eta poliki konbentzitzea haurra berriz eskolara joan behar dela. Hori lortzen dutelarik, haurra joaten da kanpamentu barnean sortu duten eskolara. Libanoko eskola publikoan, onartzen dituzte haur errefuxiatuak, baina hartua izateko maila minimo bat eskatzen zaie, eta elkartean laguntzen diete maila hartzen.

Beyonden berezitasuna da inposatzen dietela aktibitate artistiko bat egitea, kantua koralaren bitartez, antzerkia edo arte plastikoak, eta badute egunkari moduko bat ere. Sinisten dute arteari esker salbatzen direla haurrak, berreraikitzen direla. Zuzendariak, “aingerua” deitzen duten Maria Assik, erakutsi zidan, 13 urte inguruko neskatila bat sekulako irriarekin, eta erran zidan iaz ailegatu zela amarekin, aita bere aitzinean hil zutelako tiro batez, eta ez zuen jaten, ez zen mintzatzen, aldiz hor begiratzean sentitzen zenuen neska orekatua eta uros, erraten zidan bazekiela hori kantuari esker zela.

Nola garatu zenuen egitasmoa?

Kudeaketaz arduratzen den Jo Aswadek erran zidan behar niola erran zer egiteko prest ginen proiektu gisa. Nik aurkeztu nion Kiribilek egiten ahal dituen gauzak eta zerbait berri egin nahi zuen, beraz bi gauza atxiki ditu: haur literatura eta esperientzia artistiko bat. Ni ere horretan ari naizenez, nirekin hartu nituen albumak, eta erakutsi nizkionean ez zuen halakorik ezagutzen.

Albumak dira haurrei zuzendu liburuak ilustrazio biziki inportanteekin; zinez onak direnak artelanak dira. Ez zuen ezagutzen, eta erran zidan albumak eramatea muntatzeko liburutegi xoko bat, eta formatuko nituela hango animatzaileak horiekin egiten ahal diren gauzetan. Albumekin haurrak mundu berri batera joaten dira, beraz irudimenaren mundua zabaltzen zaie, baina bada beste urrats bat ere, non hortik abiatuta haurra idazle eta ilustratzaile bilakatzen den. Haurra berreraikitzeko segur balio duela.

Hau proiektu potolo bat da, beraz, urte osoa aritu gara lanean, liburuak hautatzen, han arabieraz ari baitira eta beste kultura bat baita. Azkenean, 116 liburuko selekzio batekin goaz: 50 testurik gabeak dira, beraz unibertsalak; beste heren bat arabieraz edo bi hizkuntzetan dira; eta bertzeak euskaraz edo frantsesez, eta halakoetan, izenburua arabierara itzuli dugu, eta bukaeran laburpen ttiki bat eman dugu.

Beste proiektua da, jendea formatzea eta kanpamentuetara sartzea abisatu gabe, edonoiz eta edonon, eta ea lortzen dugun jendea hurbiltzea jarduera artistiko bat eskainiz, izan antzerki, kantu, dantza… eta behin jendea bildutakoan, ez ikusle gisa utzi, baizik eta aktore bilakarazi. Horrela, hor garen denen artean ari gara joko kutsukoa edo artistikoa den zerbait egiten. Anitz gogoetatu dugu, gu joanen gara ikustera, baina han formatuko dugun jendeak eginen du, arabiar kantuekin, edo mugimenduekin… Beraz, haiekin sortuko dugun zerbait da.

Jo urrunago joan da, baina hori hurrengo urratsak dira, baldin badira. Berak nahi luke hori entseatu eta lortzen bada arnasa poetiko bat biltzea, protokolo bat idatz dezagun, gero garatzeko mundu osoan. Erran nahi du, gerra, lurrikara edo edozein hondamendi gertatu eta, noski janari eta osasuna ekarri behar da, baina baita ere arnasa poetikoa jendea berriz elkartzeko eta berriz eraikitzeko. Proiektu handia da, baina oraindik lehen urratsean gara, espero dut urte guztiz segituko dugula aberasten eta eramaten, baina ikusiko dugu nola pasatzen den han.

Urratsak zeintzuk lirateke?

Nahiko nuke liburutegiarekin abiatu. Plangintza bat egin dut, baina egokitu beharko da. Nire ideian da espazio txiki bat muntatzea, txukuna eta polita, eta gero kanpamentuko haurrak hurbilarazi eta irakurketa musikal bat eskaini. Nahiz eta ni arabieraz ez mintzatu, Paxkal Indorekin inprobisazio batzuk egiten ditugu ahotsarekin, beraz hautatuko nituzke liburu batzuk soinu eta musikarekin bakarrik ulertzen ahal direnak. Beraz, hori eskaini ikus dezaten haurrek ze erreakzio duten, zeren eta guk buruz buru Kiribilekin muntatu dugularik arras ongi pasatzen da. Formakuntzan azalduko dugu zer den albuma, nola erabili, nola kontatzen ahal diren, eta gero garapen pedagogiko eta artistikoak egin albumetatik abiaturik. Hori lau-sei egunez egin nahiko nuke, baina ez dakit.

Eta gero bigarren proiektuari lotzea, hau da, kanpamentuetan sartu parentesi poetikoak sortzeko. Eta horretarako artistikoki formatzea hango animatzaileak, zeren eta biziki inprobisazioa da. Ez zara heltzen ahal plan zehatz batekin, inprobisazioa lortzeko behar da barneko sentsazio hutsa egin, irekia eta egokitzeko gaitasuna izan. Horri lotuko gintzaizkioke eta gero beraiekin esperientzia egin, kanpamentuetara joanez.

Nortzuk zoazte Libanora, eta zer egingo duzue?

Paxkal Indok, musikari eta teknikari gisa, eta nik formakuntzak egingo ditugu. Charlotte Guilharretze kultur profesionala da, lehen Kontseilu Nagusian kultur arduraduna zen, eta proiektuari lotu zaio pertsonalki, bada urte bat gurekin ari dela lanean. Albumen atalean hartuko du parte formakuntzan, eta besteetan ere lagunduko du. Laugarrena Markotx Iribarne izanen da, kamera batekin helduko da, dokumental bat sortuko baitugu, eta horretarako partaideak Kanaldude, ZTK eta Elaia Prod dira.

Diru bilketa egiten ari zarete proiektua gauzatu ahal izateko.

Bai, 47.000 euro behar dira urte oso bateko proiektua gauzatzeko. Laguntzak izan ditugu: diru publiko pixka bat, Gasteizeko Teatro Paraisorekin lan egin dugu ainitz prestaketan, filmerako partaideak; eta hango elkarteak bere gain hartzen du parte bat, bidaiarena eta egonaldiarena. Guk, Kiribil konpainiak, sosen parte handi bat ematen dugu, eta dohainik goaz harat.

Aurrekontua orekatzeko eskas genituzke 9.000 euro, eta diru bilketa antolatu dugu. Momentuan %60 bildu dugu, eta kontent gara 129 jendek parte hartu baitute. Hamazazpi egun gelditzen zaizkigu, beraz lortuko dugula espero dugu. Ulule-rekin egin dugu diru bilketa, eta euskara atalik ez dutenez, norbaitek proiektua eta bideoa euskaraz ikusi nahi baditu katalan hizkuntzan klikatu behar du. Gure konpainiaren webgunean sartuz joaten ahal da zuzenean: Kiribil.net. Informazioa bada frantsesez, espainolez, ingelesez eta euskaraz (katalana). Dirua ematen duen orori, engaiatu gara handik berriak ematera, bederen bi egunetarik behin.

Zu han izan zara, zer atxikitzen duzu esperientzia horretatik?

Haurren indarra, eta Beyondek egiten duen lana. Zinez poza ikusi dut, bizitzeko gogoa eta indar handia. Nahiz eta dramak bizi izan, zeren eta hango haur guztiek sekulako dramak bizi izan dituzte, irri anitz ikusi dut, zinez irri anitz egin dut nik ere, eta beraiek irri anitz egin dute nirekin, entseatzen bainintzen arabieraz mintzatzen, baina ez nuen lortzen.

Herri harrigarria da Libano, eta libanoarrak ere bai. Sekulako problemak sortzen dira, zeren lau milioi pertsona bizi diren herrian, badituzte bi milioi eta erdi errefuxiatu, eta horietatik bi milioi siriarrak dira, mugak irekiak baitira. Hori Frantzian gertatuko balitz, suposatuko luke 40 milioi siriar sartu direla, eta, aldiz, kristoren arazoak dira 10.000 errefuxiatu hartzeko. Libanoarrek irekidura handia diote harrerari, eta errefuxiatuekiko. Gizaki bat gaizki bada, beren herrira joan dadila normal iruditzen zaie. Noski, arazo batzuk badira orain; hala ere, adibide ederra da.

Artearen garrantzia nola sentitu duzu han?

Sekulakoa sentitu dut. Han ikusi ditut haurrak antzerkian nola ari ziren, bizitzen zuten beren lana, arrunt sartuak ziren, biziki antzezle onak. Gogo handiarekin sortu zuten antzezlana, triste zen errege bat, ez zuena sinisten bizian, eta haurrei esker ikusten zuen eutsi behar zitzaiola biziari. Haur batzuek erran zidaten handitzean antzezle izanen direla, eta borrokatuko direla. Ikusi ditut ere kantuz ari zirenak, irria aurpegian. Dudarik ez da artea baliabide bat dela berreraikitzeko pertsona bat, baita taldean berreraikitzeko ere.

Libanora joan ahal izateko diru bilketa antolatu dugu, dagoeneko 129 lagunek parte hartu dute, eta %60 bildu dugu. Hamazazpi egun gelditzen zaizkigu, beraz, lortuko dugula espero dugu.Proiektuetako bat kanpamentuetara abisatu gabe sartzean datza, edonoiz eta edonon, eta ea lortzen dugun jendea guregana hurbiltzea jarduera artistikoa eskainiz.

Beyond elkartearen berezitasuna da inposatzen dietela aktibitate artistiko bat egitea, kantua, antzerkia edo arte plastikoak. Sinisten dute arteari esker salbatzen direla haurrak, berreraikitzen direla.