GARA
BILBO

Lotzen eta deslotzen diren espazioak

Guggenheim museoak «Esther Ferrer. Elkarri lotutako espazioak» hartuko du ekainaren 10era bitartean, performance artearen erreferentziazko artistetako bat den donostiarraren instalazio berriez osatutako erakusketa. Esther Ferrerren lan ildoarekin eta pentsaerarekin bat etorriz, erakusketa osatzen duten hamaika lanetatik bi modu berezian aktibatuko dira artistaren performanceen edo publikoaren elkarrekintzaren bitartez.

1960ko hamarkadaren amaieran bere karrera profesionala hasi zuenetik, Esther Ferrerrek (Donostia, 1937) forma eta material askoren bitartez garatu ditu bere pentsamendu ildoak, eta performancearen artista aitzindarietako bat bihurtu da. Performancea honela definitzen du berak: «Denbora eta espazioa publikoaren presentziarekin konbinatzen dituen artea; publikoa ez da ikusle hutsa; izan ere, hala nahi badu, ekintzan parte har dezake».

Ikuslearen askatasuna baloratzen du artistak guztiaren gainetik; horregatik, ez dio ondoriorik eskaintzen, galderak eta zalantzak bakarrik, hark egin dezan bere interpretazio pertsonal propioa, modu autonomoan. Hala, erakusketaren aurkezpenean artistak berak azaldu zuenez, bere instalazio «ia guztiak» bisitaria horietan «sartu eta zeharka ditzan» daude eraikiak, baita «norberak ze ikuspuntutatik begiratu nahi dituen erabaki dezan ere». «Ez da betebehar bat –nabarmendu nahi izan zuen–, baina instalazioez gozatu nahi duenarentzat egokiena berau zeharkatu eta mugitzen ari den bitartean nola eraldatzen diren ikustea da». «Publikoa bera da instalazioari eta obrari mugimendua ematen diona, hori da helburua», laburbildu zuen.

“Esther Ferrer. Elkarri lotutako espazioak” erakusketa Bilboko Guggenheim museoko 105. aretoan egongo da gaurtik ekainaren 10era bitartean. Erakusketa osatzen duten hamaika instalazioetatik bederatzi berriak dira eta horiek desagertu egingo dira erakusketa amaitzearekin batera, «soilik argazkiak eta bisitarien oroimena geratuko da», azaldu dute Guggenheimetik.

Bost instalazio “Proiektu espazialak” (1990/2018) sailekoak dira eta harien bidez zeharkatzen dute aretoko espazioa. Horiek dira bereziki publikoa barneratu eta zeharka ditzan osatu dituenak. Instalazio horietarako, hariak, kableak, elastikoak edo sokak erabiltzen ditu Ferrerrek, elementu hauskor eta egunerokoak, eta horma biluzien, zoruaren eta sabaiaren artean jartzen ditu, urkilaz edo iltzez lotuta. Era horretan, elementu gutxi batzuekin esku hartzen du espazioan, ikuslearen pertzepzioa aldatzen duten ezaugarri berriak emanez.

Espazioa lehengaia

Artistak berak honela azaldu du: «Egia esan, espazioa ez da obraren euskarria, ‘lehengaia’ baizik: bai espazio naturala, baita oro har ahalik eta elementu gutxien erabilita neureganatzen dudan espazio arkitektonikoa ere. Nire kezka izaten da gehiegi ez esku hartzea, ez enbarazu egitea, espazioak gardena izaten jarrai dezan, aireak zirkulatu dezan. Agian, horrexegatik eraikitzen ditut nire instalazioak, orokorrean, hari eta kable finekin. Eraginkortasuna bilatzen dut: ez dekoraziorako gairik, ez apaingarririk, funtsezkoa baino ez».

“Munduko barreak” (1999/2018) da arreta erakartzen duen beste instalazioetako bat. Bertan, arte-objektu bilakatzen da erabiltzen duen barrearen soinu organiko, natural eta iragankorra, denboran zehar hedatzerakoan, espazioan ordenatzerakoan eta ikuslearen esku uzterakoan soinu horren erreprodukzioaren ordena.

Horretarako, lurrean jarritako mapamundi handi baten hainbat punturen gainean zintzilik jartzen ditu gailu elektroniko batzuk. Berrogei tablet baino gehiago dira, adin, genero eta jatorri ezberdineko pertsonen ahoen irudiak erakusten dituztenak, eta horien barreen soinua erreproduzitzen dutenak. Publikoaren elkarrekintzaren ondorioz aktibatzen dira soinu-fitxategiak, bisitari bat hurbiltzen den aldiro jartzen baitira martxan, artistak “barre-kontzertu” espontaneo deritzenak ospatzeko aukera emanez. Barre-taldeen erreprodukzioa ausaz aktibatzeko ere prestatuta dago instalazioa, bisitariek maparen gainean hartzen duten kokapenaren arabera; era horretan, kultura eta hizkuntza talde ezberdinek barrea modu ezberdinean moldatzen dutela ikusi ahal izango du publikoak.

Bere aldetik, “Erakusketa baten sarrera” (1990/2018) instalazioaren bidez nork bere azalaren kontzientzia hartzea du helburu Ferrerrek, kanpoko elementu batekiko kontaktutik abiatuz; kasu honetan, lumen sentsualitatearen bidez. Sentsazioak esnarazteko xedez pentsatutako lana da, ikuslearen harmena estimulatzeko eta hautemate-gaitasuna areagotzeko. «Kontua da sentitzea, ez pentsatzea; pentsaraztea erakusketaren gainerako atalen lana izango da», argudiatu zuen artista donostiarrak.