Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Etorkin

Mia Alvarren “The Miracle Worker” (Mirakuluen langilea) ipuinean hiru emakume dira protagonista, hirurak Bahrainen etorkin. Minnie eta Sally Filipinetan jaio eta hazi ziren langile familia batean. Sallyk unibertsitate ikasketak burutzeko aukera izan zuen eta horri esker gizarte mailan gora egitea lortu zuen. Ingeniaria den Ed senarraren lanagatik dago Bahrainen, handiegia eta luxuzkoegia den etxe batean gogoz kontra etxekoandrearena egiten.

Minnie, ordea, herrialdean dauden filipinar gehienak bezala, etxe batean zerbitzari dabil eta irabazten duen apurra etxekoei bidaltzen die. Haren nagusia, Mansour anderea, Libanoko gerrak familian eragindako miseriatik ihes egitearren bere tributik kanpoko aberats batekin ezkondu zen. Minniez aparte beste sei zerbitzarik egiten dute lan Bahraingo bere etxean; Sally ez du zerbitzaritzat hartzen, ez bakarrik unibertsitate titulua duelako, buru zein gorputz desgaitasun sakonekin jaiotako alaba gazteenaren zaintzaz arduratzen delako baizik. Mansour andereak pentsatu nahi du Sallyk alabari osatzen lagunduko diola. Sallyk, ordea, ugazabari iruzur egiten ari zaiola uste du, jakin badakielako umea ez dela inoiz hitz egitera edo ibiltzera helduko.

Bestelakoa da Minniek Mansour anderearekiko eta, oro har, filipinarrak zein indiarrak esplotatzen dabiltzan aberatsekiko duen jarrera eta bere amorrua ugazabaren alabaren kontra bideratzen du. Alvarren istorioak ezer erakusten badigu, immigrazio kontuetan gizarte klaseak, generoak eta etnizitateak jokatzen duten rola da.